Jokabide bakana al da Poliziak arrazagatik jendea geldiaraztea?

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren 29an, konfinamendu betean, sarean biral bihurtu zen bideo grabazio anonimo bat, iritzi publikoaren aurrera atera zuena polizia indarkeriaren kasu bat, emakume magrebtar baten eta haren semearen aurkakoa, Poliziak Bilboko San Frantzisko auzoan geldialdi bat egin ostean gertatua. Hain agerikoa izan zen abusua, ezen Ertzaintzaren buruak, Josu Bujandak, berehala iragarri baitzuen barne ikerketa bat egingo zutela. Bi hilabete pasatu dira, ordea, eta oraindik ez dakigu ezer ere ikerketa horren emaitzaz.

Gure kaleetan ohikoa da eta normalizatuta dago poliziek jendea identifikatzea soslai etnikoaren arabera. Halako identifikazioak ez dira ezkutuan egiten, baizik egun argiz eta ikusgarritasunez. Izan ere, argi eta garbi dago asmo politiko bati erantzuten diotela: «larrialdi sozialeko» eta «segurtasunezko» giro faltsu bat sortzea, zeinaren bidez justifikatzen den kolektibo jakin batzuk sozialki kontrolatzea. Norbait geldiarazten dutenean, eskubide urraketa are handiagoak ere gertatzen dira maiz, eta, azkenaldian, gainera, isun neurrigabeak jartzen ari dira mozal legea aplikatuz.

Adibidez, azken hilabeteetan, San Frantzisko auzoan, merezi gabe isuna jarri diete Poliziaren esku hartze arrazistak grabatu dituzten bizilagun batzuei, balkoitik modu baketsuan protesta egin duten zenbaiti, eta baita Poliziaren identifikazioen eta abusuen biktimei berei ere. Identifikatzera behartutako pertsona isundu horiek ez dute aukerarik izaten auzitan jartzeko egiten ari zaizkien hori; izan ere, edozer esan edo galdetuz gero, leporatu diezaiekete autoritatea oztopatzen ari direla, edo autoritateari errespetua galtzen.

Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak, 53 organizazio fidagarriren berme eta guzti, bere garaian komunikatu bat argitaratu zuen halako jokabideak salatzeko, baina Ertzaintzako buruek, Udaltzaingoak, polizien zenbait sindikatuk eta are baita Bilboko alkateak ere, denek batera egin zuten beren polizien alde, eta horrek argi utzi zuen Poliziaren abusuak ez direla soilik agente batzuen erabaki indibidualak, baizik eta zigorgabetasunak babestuta daudela, segurtasun sailek eta arduradun politikoek uzten dietela horrela jokatzen.

Poliziek soslai arrazial edo etniko jakin batzuetakoei egindako identifikazioak, beraz, ez dira «ekintza bakanak». Valentziako Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikertzaileek egindako azterlan baten arabera (2012), Espainiako Estatuan —EAEko datuak bereizi gabe daude— ijitoak hamar aldiz gehiago identifikatzen dituzte europar kaukasoarrak baino; magrebtar ezaugarriak dituzten herritarrak, berriz, 7,5 aldiz gehiago; eta afro-latinoamerikarrak, 6,5 aldiz gehiago ezaugarri kaukasoarreko espainiarrak —hots, zuriak— baino.

Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak, Arrazakeriaren eta Intolerantziaren Aurkako Europako Batzordeak, arrazagatiko diskriminazioa deuseztatzeko NBEren batzordeak eta afrikarren ondorengoentzako NBEren lantaldeak, besteak beste, egiaztatu dute Espainiako Estatuan sistematikoa dela soslai etnikoaren araberako praktika hori, eta gizakien eskubide funtsezkoen kontrakoa; hori dela eta, halako jokabideak desagerraraztera deitu dute.

Soslai etnikoaren araberako identifikazio horiek, hain zuzen, estatu arrazakeriak eskala handian baimentzen duen arrazakeria instituzionalaren agerraldiak dira, eta bitan banatzen dute gizartea: batetik, kalean libre ibiltzeko baimena dutenak, eta, bestetik, halako baimenik ez dutenak.

Horren guztiaren kontra, esan beharra dago ezen jendea bere soslai etnikoagatik geldiarazteak, ilegala eta bidegabea izateaz gainera, kalte larria egiten diela geldiarazten dituzten horiei, praktika horrek berekin baitakar itxura fisikoa zuzenean delituarekin lotzea, zenbait komunitate oso-osoren kriminalizazioa indartzea, egoera administratibo irregularrean migratu dutenen aurkako kanporatze aginduei atea zabaltzea, ondorio pertsonal eta kolektiboak eragitea, eta beldurra, segurtasun falta eta ezegonkortasuna sortzea. Ez da harritzekoa Tamika Mallory lider afro-amerikarrak —George Floyden heriotzagatik piztutako protestetako ordezkarietako batek—k salatu izana zer-nolako gaixotasun mentala, zer-nolako oinazea eragin zaion afro-amerikarren herri osoari. Ulertu beharra dugu zenbaterainokoa eta zer larria den praktika hori.

Maiatzaren 25ean, ertzain batzuek Bilbon emakume magrebtar bati eta haren semeari bortizki eraso egin eta bi hilabete eskasera, Minneapolisko polizia batek George Floyd afro-amerikarra hil zuen. Bi kasuetan, pertsona anonimo batek grabatutako bideo biral baten ondorioz piztu zen gizartearen haserrea. Geroztik, hango eta hemengo gobernuak ikusi ditugu beren polizien zigorgabetasuna babesten. Kaleko ezin konta ahala protesta duinen bidez baino ez da lortu krimen arrazista hori egin dutenak atxilotuak izatea. Zeren zain gaude hemen? Norbait hil eta orduan justizia egiteko zain?

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.