Joan zaigu Colorín

2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Donostiako udaletxean hogei urtez PSE-EEko zinegotzi izan zen Alberto Rodriguez adiskidea. Hileta elizkizunean txistu soinuaz lagundu ahal izan nuen haren agurra. Benetako ohorea. Apaizak,sermoi laburrean, eskerrak eman zizkion Albertori, besteak beste, sozialista izan zelako eta ez sozialisto.

Horixe gogorarazi zidan, kontrara, Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak Madrilgo Ateneoan eskainitako azken funtzioak. Biak hain juntu, baina elkarren begi-ninietan soa pausatu ezinda ikusirik, Enkarni Genua eta Manolo Gomezek euskal txotxongiloa asmatu aurreko garaietara eraman ninduten. Colorín antzerkiaren panpinetara: «Adiós, adiós, que se marcha Colorín, adiós, adiós, pero pronto volverá. Estacazos a la bruja, Colorín es el que empuja, estacazos al ladrón, Colorín es campeón». Alegia, Pelipe Colorín zen eta laguntzaile Alpontso. Eta haien irudimenean, sorgina Pedrito moñoñoa noski.

Gazteek ez dakite zer zen hura. Alderdi Ederren kokatzen zen panpintxoen agertoki txikia, aulkiak eta inguruak haurrez lepo, denak irrikan ikusteko Colorínek nola garaitzen zuen lapur ergela, sorgin mozoloa edo harro txotxoloa. Han ez zegoen ñabardura filosofikorik edo garapen psikologikorik: txintxoak eta gaiztoak nor ziren hasieratik zehaztuta zegoen eta horrela jarraitzen zuten amaiera arte. Oraindik ere batzuk egunerokoan eta politikan horrela bizi dira.

Haurtzaroko oroitzapen gozoak ditut Colorín-ekin, baina, egun, haren funtzioak ez lirateke onartuko. Beste mundu bat zen, Gonzalez eta Guerrarena bezalakoa. Memoria Historikoaren Legea jasotzen ari den astinduak eraginda nonbait, memoria txarra dute (NATO, GAL, Filesa, Juan Guerraren eskupekoak...). Beste askok ez ordea. Eta iruditzen zaigu isilik hobeto daudela. Hezkuntza kontua da. Aparrean hezi, eta itzalean ez dira ongi moldatzen.

Ez da harrigarria, hezkuntza arazo handia delako gure jendartean. Horregatik ari dira euskal politikariak Hezkuntza Lege berria adostu nahi eta ezinez. Proposatuko nieke negoziazioa izenarekin hastea: Irakaskuntza Legea izatea. Azken batean eskoletan irakaskuntza eskaini behar da. Horrek berarekin eta neurri batean hezkuntza dakar, baina guraso eta lagunekiko harremanek ere badakarte, kalean jendeen arteko jardunak ere bai, eta horrenbeste olgetan aritzeak... Eta ez zaizkie legeak jartzen. Zoritxarrez.

Egun irakasleen artean inkesta eginez gero, ziur aski, gehienak nirekin bat etorriko lirateke: Hezkuntza Legea gurasoek behar dute batez ere. Zenbatetan ez dira ba ausartzen gurasoak seme-alaba ikaslea defendatzeko irakasleari gezurrak esaten. Edo muturra sartzen eskolak nola eman behar diren edo azterketak nola epaitu. Edo banandutako bikote bateko kideek elkarri hitz egiten ez diotelarik, irakasleak bakoitzarekin bere aldetik elkartzera behartu eta irizpide eta datu kontrajarriak eman. Gurasoek guraso eginkizuna bete dezatela, eta utz diezaiegun irakasleei berea egiten. Bakean ahal dela.

Egia da: mundua konplexua da, pertsonak ere bai, eta konplexutasun horretan bizitzen ikasi eta irakatsi behar dugu. Lantegi zaila. Arlo guztietan, hala ere, mugak eta iritzi argitasuna garrantzitsuak dira. Eta hizkuntza zintzotasunez erabiltzea ere bai. Ez dago onartzerik Espainiako eskuinak gero eta gehiago erabiltzen duen hizketa prebelikoa. 1936ko gerra giroa prestatzen ere horrela hasi baitzen kontua. Gezurra gidari eta propaganda anestesikoarekin, lehenago edo geroago, amildegira joaten ohi gara: Padre Pacori galdetu bestela. Colorín laguna ere lotsagorritu egingo lizateke. Baina argi esan zuen Aleksandr Puxkinek: «Guretzat balio handiagoa du hunkitzen gaituen gezur batek, mila egiak baino».

Benetako hezkuntza sozialarekin hasteko proposamena: alegiak irakurtzen has gaitezela, denok: gurasoak, seme-alabak eta baita eskoletako atezainak ere. Hainbeste idazle handik idatzi dituzte: Esopok, La Fontainek... eta Tolosako alkate euskaldun Felix Samaniegok. Mendeetako jakituria biltzen ohi dute. Esaterako, Feijook azeria eta mahatsena irakurri izan balu («Berdeak daude eta!»), ez zatekeen hain barregarri geratuko Espainia bera presidente izateko berde dagoela aldarrikatzen. Eta, bide batez, Erreka Mari txotxongilo saioari bistadizoa eman izan balio, agian ingurugiroarekiko beste politika batzuk sustatuko lituzke bere alderdian.

Eskerrak Zinemaldia dugun eta poztasun apurra ekarri digun. Gutxi etorriko zirela iragarri arren, izarrak ez dira falta izan: Pako Sagarzazu benetako izarra hortxe izan da Zinemira saria jasotzen. «Paco, Paco, Paco, mi Paco».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.