Joan Mari Torrealdai euskaltzale paregabekoa

2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Zendu da Joan Mari Torrealdai euskaltzale eta euskaltzain jakintsua, azken urte hauetan jasaiten zuen minbizia nagusiturik. Ber denboran, gizon seriosa eta karana zen Torrealdai, beltzuri guti baizik egiten ez zuena. Zernahi barnatzen zuelarik ere, gozoki egiten zuen. Arantzazun, frantziskotarren artean izar-konstelazio ederra osatu zuten euskararen alde, lehenik Villasantek eta Gandiagak, gero Aduriz, Azurmendi, Huizi, Pagola, Agirrebaltzategi lagunek, besteak beste. Torrealdaik denen artean zinez dirdiratzen zuen, erakusten zeuzkan laneko gogoaz eta jendakin izateko zituen dohainez.

Gernika ondoan laborari-etxe batean sorturik ere, laborari baino ikasle nahiago zuela izan aitortu zien aitamei eta ikasketa onak erdietsi zituen gazte denboran. Lehenik Arantzazun frantziskotarrekin, gero Tolosan, Oztibarreko Manex Erdozaintzi-Etxartek lagundurik, eta ere Parisen. Azkenean unibertsitate-doktore izan zen.

Hastapenetik hil artio, antolatua izan da Torrealdai, euskaltzale guti bezala. Lan bati lotzekotan, behar ziren baldintza guziak haintzat hartzea bazekien eta bururaino eramaten, lankideekin talde azkarra eginez. Alegia deus ere, luzaz eta luzaz, lasterkari eta mendikari gaitza izan da, Euskal Herriko bazterrak ezagutu nahiz segurki, baina oroz gainetik egitekoak zituenak haztatzeko, osagarria zaintzeko bera bere buruarekin eta bere lagunekin ahal bezainbat fleitean izatekotan. Atleta baten itxura beti atxiki du. Ez itxura bakarrik. Harekin patarrak ordoki ez, baina goiz edo berant poxelu guziak igaitekoak ziren. Emankor izan da Torrealdai, munduan —Euskal Herrian ere— gertatzen zena ikasi nahi zuelako, jakin nahi zuelako, ulertu eta azaldu nahi zuelako. Ikasi eta jakin hura jakinarazi nahi zion euskaldungoari. Jakitate hori ez zuen ahatik jasan-arazten moda zaharreko larderia handiko misionestek bezala, ororen gainetik norberaren borontatea eta nahia errespetatzen baitzituen. Hara zer zioen, guretzat balio dukeena : «Geroz eta sinetsiagorik nago errealidadeak ematen dituen datoekin pensatzen hasteko ordua etorri dela. Horregatik —nola esan— irakatsi baino gehiago erakatsi egin nahi izan dudala esango nuke. »

Liburuan sinesten zuen. Soziologiaren tresnak erabiltzen zituen urte oroz euskaraz agertzen zen ororen berri emateko. Zinez ipar-orratza izan da euskarazko liburugintzan egin duen lana. Ildo beretik, liburu gaitza egin zuen Euskal Idazleak gaur deitzen dena. Euskaraz bizi den gizarteak behar zituen tresnak eman zituen berak; edo bere lumatik, edo zuzentzen zuen taldeari esker.

Euskal jendea nolazbait eskolatzeko Jakin aldizkari zuzendu zuen 40 urtez. Orduko euskaldungoan arraro zen mailan munduko eta garaiko ideien berri eman zuen Jakin-eko taldeak. Mamiaz gain, nolako euskara eraiki eta moldatu zuten ezin da bazterrera utz.Arotzak egiten duen moldean euskarari tornua eman zioten Torrealdaik eta bere lagunek Vulcain eta Hephaistos izan balira bezala, ondoan Oteiza zeukatela bere apostoluak moldatzen ari Arantzazuko etxe-aintzinean. Zinez asko ekarri diote Euskal Herriari Torrealdaik bere inguruan bildu zituen indarrek eta argiek.

Agerkari baten zuzendari izateak lanak baditu eta bere gainean tinko hartu zuen sekulan etsitu gabe. Ez dezakegu ahantz Jakin hertsi zuela Espainiako gobernamenduak. Torrealdaik beste manera batez segida eman zion. Nago kulturaren alorrean zebilen Torrealdairi ez ote zitzaion hori lehen kolpe gogorra izan,geroagoharen kontrako erabaki piesorik hartua izanen zelaoraino ez zekielarik.

Jakin agerkaria aski izan ez balitzaio, indar handi bat egin zuen Euskaldunon Egunkaria sortzeko laguntalde sendo batekin. Ez zuen aisa euskaraz egunero ateratzen zen agerkaria pikoan ezartzea. Erdietsi zuen. Egungo munduan pulunpaturik ere, gure historiaren erakaspenak ez zituen baztertzen Torrealdaik. Euskara historian gaindi nola gutietsia izan den erakutsi zuen bi liburutan. Bera hunkitu zuen zentsuraz ere liburu interesgarria idatzi zuen.

Azken urteak Espainiako gobernuak karastu eta mindu zizkion. 2003. urtean Euskaldunon Egunkaria hertsarazi zuen. Torrealdai eta lagunak preso sarrarazi zituzten itsuski eta gaizki erabili. Torrealdaik orduko egunak infernu gisa bizi zituen eta orduan gertatua bere azken urteetan pairatu zuen.

Bizi dugun Euskal Herria ezagutu nahi duenak Joan Mari Torrealdai ezagutu behar du.Ez da damutuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.