Joan Mari, beti gurekin

Joxe Mari Sors Bagues
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Joan Mari, gaur beteko da urtea joan zinenetik, gorputzez joan zinen baina zure izpiritua, ikasgaiak eta aholkuak oso gertu ditugu egunero. Urtebete gutxi dirudi, ez hala 365 egun, bata bestearen atzetik.

Halakoetan, askotan esaten da umezurtz gelditu garela, baina ez da horrela, zurekin elkarlanean ikasi dugulako egunerokoan zer egin eta proiektuak nola gauzatu. Zurekin ikasitako balio handienatakoa delakoan nago.

Taldean lan egiten denean, joaten direnen falta nabaritzen da, bistan da, baina taldeak gogoan izaten ditu, erabakiak hartzerakoan gogoan ditu haien ekarpen posibleak, eta taldea berritzen joaten da. Horrela lortzen da hartutako bideari eustea: gure arloan, industria kulturalean, urteetan kulturan egindako bidea ez zalantzan jartzea norbait falta delako.

Balio hori zurekin konpartitu izan dugu hasieratik, Elkar Taldean elkarrekin hasi ginetik. Taldean ere izan ditugu beste galtze batzuk, orain 25 urte,Joseba Jaka eta Jean Louis Maitia. Orduan ere, zu partaide, talde bezala aurrera egiten jakin genuen.

Pertsonalki, asko sentitu izan dut zure galera, zenbat proiektu eta amets martxan jarriak, eta zenbat genituen jartzekotan! Aurrera aterako direlako esperantzarekin gabiltza lanean, talde lanean. Zurekin ez izatea eguneroko konplizitatea, horixe sumatzen dut faltan.

Elkar Taldearen eta Elkar Fundazioaren balio eta ekarpenak jende multzo baten lanari esker garatu dira; banakoez osatutako talde bati esker iritsi gara gaur garena izatera, eta zu hasieratik eta amaieraraino egon zinen taldean. Fundazioko lehendakariaizan zinen, enpresa eta kultura elkarlanean jarriaz, euskara eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena bultzatuz eta ekonomia haien zerbitzuan jarriaz. Dena kulturaren autonomiatik, baina herritar, talde, elkarte eta instituzioekin lankidetzan, elkarlanean.

Beti gogoratu eta eskertuko dizkizut esan zenizkidan azken hitzak, agurreko hitzak, joan baino egun pare bat lehenago. «Ni banoa, iritsi da ordua, segi oraingo bide berdinetik, asko dago egiteko eta egingo duzue». Hitz sinpleak baina niretzat sakonak, sinesten dut gorputza galtzen dela baina ziur naiz izpiritua hemen gure aldamenean gelditzen dela, maite ditugun ekintza eta espazioetan. Gaur egun ere hala sentitzen dut.

Arlo pertsonalean badaude beste zenbait gauza faltan botatzen ditudanak, Pariseko eta Londreseko azokak, nola aprobetxatzen genituen egun haiek, azoka ikustearekin batera, Beatriz eta Arantzarekin hiriak ezagutzeko. Goizez azoka bisitatu, beste kulturen ekarpenak ezagutu, hausnartu zer zen aplikagarria Euskal Herrirako, guretzako baliagarria ikusten genuen materiala eta informazioa bildu, eta arratsalde partean hiria bisitatu, hiria gozatu.

Ez ditut ahantziko kanpoan egindako opor txiki batzuk ere, haiek ere Beatriz eta Arantzarekin, nola prestatzen zenituen ibilbideak, zer ikusi, zer ezagutu. Zure ikasle denboran egondako zenbait hiri bisitatu eta ezagutu genituen. Bat geneukan egiteko azken boladan, Frantziako Tolosa. Bi aldiz antolatu genuen, batean COVID-19a zela eta bestean zure egoeragatik ezin izan genuen egin.

Bidaia horietan izpiritua baino gehiago behar da, zin egiten dut asko botako ditudala faltan. Lehengo urte bukaeran izan nintzen Tolosan, zentro historikoko taberna batean topa egin nuen Arantzarekin zure eta Beatrizen omenez, egin gabe utzi genuen bidaiarengatik.

Ez adiorik, Joan Mari, beti ondoan izango zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.