Jesús, Chuso, Naves, lagun. Joan zara, kamarada, mundu honetan gu utzita, eraldatzeko asmoz elkarrekin borrokatu genuen mundu honetan eta... eta, beno, ahal izan duguna egin dugu.
Zure izena ahoskatu eta beste bi hitz datozkit intimoki lotuak ahosabaira: asanblada, berdintasuna.
Herri desberdinetan jaio ginen, eta gure bizitzak Gasteizen gurutzatu ziren, 1975ean. Biok hirira heldu berri, zu Argentinako diktaduratik ihesi, ni Euskal Herriko beste borroka batzuetatik; biok enplegua lortu berri Mercedesen eta Cablenorren, enpresarien zerrenda beltzak saihestu ostean. Bestelako garaiak ziren, ez hobeak ez okerragoak, bestelakoak oso; orduan ernatu zen bion arteko harremana eta ondorengo adiskidetasuna.
Sindikatua bertikala, jendarte guztia bezala; eskubideen aitortzarik ez, izan biltzekoa, antolatzekoa edo greba egitekoa. Klandestinitatean hasi ginen biltzen hainbat lantegitako langile gutxi batzuk, urratsez urrats, eta bertan topo egin genuen lehen aldiz, lagun. Ametsak eta borrokak konpartituz, elkarren izenak ezkutatuz edo ahaztuz, aldaketa sakonagoen elikatzaile nahi genituen minimoak adostuz: lan hitzarmen bakarra produkzio-adar ezberdinetako langileontzat, soldata igoera linealak denontzat, asanblada parte hartzaile eta gardenak non inor ez den inor baino gehiago, non ordezkariak une oro izan daitezkeen ordezkatuak.
Amets haiek ahaztuta daude. Baina harrotasunerako motibo bat gorde genuen. Hasierako aldarrikapenetan borroka ekonomizista izan bazen ere, lorpen guztien aurretik eta gainetik jarri genituen kaleratu guztien lantokira buelta eta atxilotu guztien askatasuna. Izerdirik eta malkorik ekarri zigun horrek, eta odolik:Pedro María Ocio, Romualdo Barroso, Bienvenido Pereda, José Castillo eta Francisco Aznarrena, eta sarraskian zauritutako ehunka lagunena.
Erailketen hurrengo egunetan atxilotuak izan ginen, sedizioaz akusatuta. Carabanchel espetxeko adingabeen erreformatorioko moduluan sartu gintuzten, gainontzeko preso politikoetatik isolatuta, erregimenak Gasteizko grebekiko isiltasun erabatekoa inposatu nahi zuelako. Gogoratzen, Jesús? Kaleko borrokarekin kontaktua galdu genuen han, baina soziologia ikasgai intentsiboa jaso genuen sehaskatik jipoituenak direnen aldetik. Han estutu genuen gure arteko harremana orduak, egunak eta hilabeteak konpartitzearen konpartitzeaz. COPELeko preso sozialekin elkartasunez gose greban aste bete generamala, bat-batean askatu gintuzten 1976ko abuztuan, amnistiaren ondorioz. Hasiera batean, ospatu genuen amnistia hura; laster suminez madarikatu genuen berbera: 40 urteko diktaduran ustel eta kriminal jardun zutenen inpunitatea blindatu zuena. A zer ziria sartu zigutena!
Gose grebak ahulduta heldu ginen trenez Gasteizera; ahulduta egin genuen korrika gure harreraren aurka geltokian bertan oldartu zen Poliziaren aurrean; ahulduta sumatu genuen ordurako Gasteizko greben izpiritua delegazio demokratikoaren erauntsiaren pean: dena ari ziren aldatzen, ezer aldatu ez zedin.
Carabanchelgo elkarbizitza behartuan eraikitako konplizitatetik sortu zen elkarrekin hautuz bizitzeko ideia. Gure bizitza-bidaide Karmen eta Begorekin batera, orduan kakanarruak besterik ez ziren Ana, Javi, Maite eta Zigorrekin. Amankomunean bizitzeko ahalegina; proiektuak, maitasunak, gurasotasunak edo haurrak familia biologikotik harago konpartitzekoa. «Ahizpa-nebak gara, baina sabel ezberdinetakoak»: gogoratzenirakasle deskolokatuari emaniko azalpen hura, konpai? Saiakera hark ez zuen ibilbide luzerik izan, minak eta pozak ekarri zizkigun, baina aberasgarria izan zen.
Nola ahaztu María Miesen testu hura, 80ko hamarkadan gure harrotasun eta usteen erdigunea astindu zuena: «Gizon zuria den hori da, naturaren, emakumearen eta hirugarren munduaren aurkako esplotazioari eta gerrari esker». Horrela egin genuen jauzi, zuk lehenbizi eta nik atzetik, Gasteizkoak talde antimilitaristan. Hamarkadatan zehar konplizitateak ehundu genituen beste askorekin batera, herio-sistema honen aurkako gorrotoa jakin genuen modurik eraikitzaileenean kudeatu genuen, berau akabatzeko ametsari uko egin gabe.
Hemen sentitzen genuen gainbeheraren erdian izar jaioberri baten suak ilusioa piztu zigun han, Chiapasen. 2000. urte hasieran ozeanoa hegaldatu genuen elkarrekin, eta lur haietan gure iraganeko borroken arrastoak aurkitu genituen: inor ez inoren gainetik; obedituz agindu. Indigenenak ez bezala europarron bizitzak militar eta agintarien begietara zer edo zer balio duela baliatuz proposatu ziguten giza-ezkutu funtzioa onartu genuen. Injustiziaren ankerkeriarekin egin genuen topo berriz. Gogoratzen duzu nola kolpatu gintuen jakiteak haurrei ez zietela izenik jartzen errazago ahaztu ahal izateko, gehienak adin horren aurretik hiltzen zirelako? Gogoratzen duzu emakumeek arratsaldeko azken biberoiari guaro aguardient tanta batzuk gehitzen zizkiotela gauez esnatu ez zitezen, ez zutelako zer jaten eman? Ezustean eman genion amaiera Chiapaseko egonaldiari, zure anaia Manoloren heriotzagatik.
Eta nork esango zigun behin erretiroa hartuta mendi taldetxo bat osatuko genuenik, Olegaria eta Chispas-ekin lehenbizi, beste askorekin ondoren, urtetan mantenduz asteroko irteera, menditik eta pasiotik bezainbeste duena elkarrizketatik, hausnarketatik, adiskidetasunetik.
Gogoan dituzu Josu Ormaetxeari eta Patxi Cabellori egin genizkien bisitak Granadako kartzelan? Eta haietako baten bueltan, Marinaledan eta bere lur okupatu eta kooperatibizatuetan egindako egonaldia? Eta ostiraletako kontzentrazioak Gasteizen presoen alde?
Jesús, ibilbide luze hori guztia ez litzateke posible zu gabe, zu ondoan eta bidelagun izan gabe. Plazer ezinbestekoa zait zuri eskerrak ematea, eta aitortzea nork bere urrats ustez propioak ematen dituela beti beste batzuek lagunduta.
Jesús, kamarada, konpai, borroka eta bizitza kide, konplize, lagun. Borrokak gure bideak gurutzatu zituen oso aspaldi, ondoan mantendu gara urteotan, elkarrekin egingo dugu bidea hemendik aurrera ere.
Jesús, maitasun gutun bat zuretzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu