Ipurdia aulkira itsatsita pasatzen dugu ikasleok bizitza. Jesarrita klasean, jesarrita liburutegian, jesarrita patioan, jesarrita gure logelan... Jesarrita eta geldirik nahi izan gaituzte betidanik. Azken boladan are gehiago, COVID-19ak gure ikasketak hankaz gora jarri zituen momentutik inoiz baino ixilago eta geldoago nahi gaituzte agintari politikoek.
Ikasturte hasierara jotzen badugu, ezer gertatu izan ez balitz bezala hasi genituen klaseak. Aurreko ikasturteko itxialdian izandako arazo guztiak ahaztuta, hezkuntzan erabakiak hartzen dituzten korbatadun horiek, ez zuten tarterik hartu jakiteko zeintzuk ziren konfidamenduko garai gogorraren ostean, ikasleon beharrak eta ezinegonak. Borro?n y cuenta nueva eginda ez dute neurririk hartu krisi sozial zein sanitarioak sor zitzakeen traba guztiei aurre egin ahal izateko. Ratioak berdin jarraitzen dute, protokolo gehienek ez dute ezertarako balio, ikasleontzako balibideak eskuragarri izatearen arazoa guztiz ahaztuta daukate, euskararen egoera kaskartu arren ez diote inongo konponbiderik jarri... Zeintzuk izan dira pandemiak sortutako arazoak konpontzeko neurriak?Klasean sei orduz leihoak zabalik egotea? Bada, OK.
Zer esanik ez ikasleoi egoera honetan ezarri diguten paper hutsalaz. 2020ko martxoan etxera joan ginen egun horretatik bertatik, ez dute ikasleon iritzia kontuan hartu, ezta behin ere. Ez digute galdetu nahi izan zer uste dugun honetaz guztiaz, bestela komunikabideen aurrean sortu nahi duten kudeaketa eredurgarriaren irudi hori galduko lukete. Baina galdetu ez diguten arren, gure iritzia ozen esan diegun aldi bakoitzean, ez entzunarena egin dute. Oihuka esan beharko diegu orduan.
Ikasleok ixilik eta geldirik nahi gaituzte, COVID19a aitzakitzat hartuta gure eskubideak murriztu izan dituzte. Ikastetxeetan kamarak jarri, kontrolerako plataforma digitalak indartu (postdata: FCK txibatoak), jarrera autoritarioak normalizatu, indibidualismoan sakondu... Ez da ikasle izateko garai errazena, egia esan, hezkuntzan eta gizarte neoliberal distopiko honetan azken kakazaharra gazteena izateaz nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude, kalean hiru lagunekin bakarrik elkar gaitezkeen bitartean, klasean hogeita hamar egoteaz. Gure ikasketa prozesua indartu dezakeen material eta baliabiderik ez eskaintzeaz. Gure bizitzak baldintzatuko dituen hezkuntzaren inguruan ez hitzik eta ezta erabakirik ere ez izateaz.
Nazkatuta gaude denbora guztian kontrolatuta egoteaz eta ondorioak beti ikasleok ordaindu behar izateaz. Nazkatuta gaude hezkuntza eredu heteropatriarkal eta kapitalista bera zalantzan jartzeko aukera zabaldu den egoera honetan, berriro ere atzera egiteko eta ikasleon eskubideak gutxitzeko probetxua atera izanaz.
Baina ikasturte bukaera honetan argi izpi batzuk ikusten ari naiz ikasgeletan. Nazka eta amorrutik datozen txinpartak izan daitezke, bai, baina txinparta txikienek ere suterik handiena sor dezakete egoera beroenetan. Ikasleok jesarrita eta ixilik egoteaz nekatuta gaudela agerikoa da, eta ezinbestekoa iruditzen zait nazka guzti horri forma eman eta bizi ditugun arazo guzti horiek zorizkoak ez direla adieraztea.
Honaino heldu gara, eta horregatik asteazken honetan ehunka ikaslek kaleak hartuko ditugu, Tuteratik Barakaldora edota Donostiatik Agurainera, Euskal Herriko txoko eta moduezberdinetan ikasleok nazkatuta gaudela ahots batez oihukatuko dugu. Entzungor egiten duten horiei egoera hau ez zela eta ez dela onargarria argi esateko gogoa dugu ikasleok. Gure amorrua adierazteko eta jasandako guztia salatzeko, kalera irtengo gara. Baina ez horratara bakarrik, datorren guztiaren aurrean ikasleria martxan eta lehen lerroan egongo dela ere oihukatuko dugu. Eztarriak urratu arte.
Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan.
Jesarrita nahi gaituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu