Xabier Makazaga.

Jeltzaleak, negazionistekin bat

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
PPk PSOEri GAL antolatu izana egozten badio ere, bi partiduek tesi ofizial berberari eusten diote Estatu terrorismori dagokionez: espainiar Estatuak ez omen du halakorik erabili ezta frankismo garaian ere. Eta hori, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen motibazio politikoko biktimen gaineko informean argi aitortzen zela garai hartan Estatuak «herritarren artean terrorea hedatzea» bilatzen zuela.

Eta zorigaiztoko garai hartan Estatu terrorea erabiltzen zela ukatzen badute, zer esanik ez aretematiago ukatzen dutela handik aurrera Estatuak inoiz halakorik erabili duenik. Aldi berean, gainera, uko egiten diote ikuspuntu etiko-moral batetik terrorismorik okerrena dena, Estatuak berak erabilitakoa, gaitzetsi edo baloratzeari.

Horregatik, eskatu izan zaienean 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen eraildako bost langileak terrorismoaren biktima gisa aitortuak izan daitezen, kontra agertu dira erabat. Berdin jokatu dute ETAko militanteak zirelakoan 1981ean Guardia Zibilak Almerian hil arte basatiki torturatu zituen hiru gazteen kasuan, eta are tematiago ukatzen dute hiltzeraino torturatu zituzten beste hainbat pertsona (Joxe Arregi, Mikel Zabalza…) Estatu terrorismoaren biktimak izan zirenik. Soil-soilik onartzen dute funtzionario batzuek «motibazio politikoko bortizkeria» erabili zutela 80ko hamarkadaren erdialdera arte. Eta ordutik aurrera, ezta hori ere, haien arabera espainiar Estatua guztiz demokratikoa izatera igaro baitzen.

Hara zer dioen, ordea, bi partidu horientzat terrorismoaren biktimen gaiari dagokionez eredugarri den pertsona batek. Deustuko Unibertsitatean Etikako katedradun den Xabier Etxeberriak dio bi terrorismo mota daudela. Batetik, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena», eta bestetik, «Estatuak berak eragindakoa giza eskubideak larriki urratzen dituen indarkeria erabiliz, zeinaren adibide okerrena tortura baita —Estatu terrorismoa—».

Hara zergatik den tortura Estatu terrorearen adibide okerrena Etxeberriarentzat: gizadiaren kontrako krimena delako eta nazioarteko legediaren arabera torturatzearen debekua erabatekoa delako hiltzearena ez bezala (torturatzen duena edo horretara laguntzen duena beti ari da krimen bat egiten, beti).

Bada, Etxeberriak proposatzen du onar dadila espainiar Estatuan gertatzen den tortura gutxienez «nazioartean zuzen eta inpartzialtasunez jokatzen duten hainbat erakundek diotena dela» (Amnesty International, Europar Kontseiluko CPT, NBEko CAT eta Torturaren gaietarako kontalaria aipatzen ditu besteak beste). Eta, halaber, baita «gutxienez antzeko inpartzialtasun frogatua duten bertako erakundeek diotena» ere. Beraz, onartzen du azken 25 urteetan torturak arazo larria izaten jarraitu duela espainiar Estatuan, hala salatu baitute behin eta berriro erakunde horiek, eta horrenbestez Estatu terrorismoak iraun egin duela gaur eguneraino. PP eta PSOEk defendatzen dutenaren guztiz kontrakoa.

Bi partidu horiek biziki goraipatzen dute Etxeberria jauna, oso gogoko baitute ETAren biktimei buruz duen diskurtsoa, baina ez diote kasu zipitzik egiten Estatuaren biktimei dagokienez, eta beste horrenbeste egiten dute hark biziki azpimarratzen duen beste ideia batekin, behar-beharrezkoa dela aipatu bi terrorismo horien egileek eta arduradunek onar dezaten eragindako kalte guztia; hau da, eragindako giza eskubideen urraketa oro eta urraketa horiek biktimei eragindako mina onar dezaten.

Izan ere, ezker abertzalea eragindako kaltearen eta minaren onarpen horretan oso pauso nabarmenak ematen ari den bitartean (Kursaaleko adierazpena, Konponbide haizea dabil, eta EPPKrena lekuko), PP eta PSOEk zeharo uko egiten baitiote halakorik egiteari. Eta gezurrean eta negazionismoan gotorturik jarraitzen dute. Gatazka politikoa bera ukatuz jarraitu ere.

Zoritxarrez, bi partidu horiek duten jarrera negazionista harroputz hori jeltzaleen babesa jasotzen ari da. Zerbait ulertezina, betidanik azpimarratu baitute mendetako gatazka hori konpontzearen beharra, eta, horrenbestez, pentsatzekoa zen txalotu egingo zituztela konponbide bila emandako urrats guztiak eta gaitzetsi halako urratsak emateari uko egiten diotenak. Horren ordez, baina, batetik etengabeko urratsak ematen ari den ezker abertzalea kritikatu besterik ez dute egiten, eta bestetik negazionistekin bat egiten dute haiek harroputz agertzen direlarik batere treguarik emango ez dutela esanez, beraiek jarritako baldintzak bete ahala berriak jarriz eta inpunitate osoz legitimotik ezertxo ere ez duen bortizkeria erabiliz, hainbat giza eskubideren urratze larria baitakar bortizkeria horrek.

Zergatik ari dira jokatzen horrela jeltzaleak? Zergatik eman diote hain uko borobila azken hamarkada hauetan gatazkaren inguruan gertaturiko guztia argitu dezakeen Egiaren Batzorde bat osatzeari? Ene ustez, haiek ere badutelako zer ezkutatu Estatu terrorismoari dagokionez, nahiz eta PPk eta PSOEk dutena baino askoz ere gutxiago izan. Egiak beraiek ere zipriztinduko dituela ederki dakitelako. Egiaren beldur direlako. Haien erantzukizunak ere begi bistan geratuko direnaren beldur. Adibidez, torturaren erabilerari dagokionez.

Bada, beldur horiek alde batera utzi eta jeltzaleek hobe lukete hausnartzea negazionistekin eta haien etengabeko exijentzia maltzurrekin behin eta berriro lerrokatzeak dakartzan ondorio tamalgarriez, hala jokatzeak ez baitu inolaz ere laguntzen herri honek mendetan sufritu duen gatazka politikoa behin betikoz gainditu dadin, baizik eta luzatu. Oraindik garaiz dabiltza jarrera aldatzeko. Bihar beranduegi izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.