Jean Monneten bi aipuren artean dagoen guztia

2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Les hommes n'acceptent le changement que dans la nécessité et ils ne voient la nécessité que dans la crise» (Gizonek aldaketa beharra dagoenean soilik onartzen dute, eta beharra, krisialdian soilik onartzen dute).

Esaldi hau Jean Monnetek 1976an idatzi zituen memorietan biltzen du, hil baino hiru urte lehenago.

1888an jaioa, gerora Nazio Batuen Erakundea bilakatuko zen Nazioen Ligako buruetako honen helburu politiko nagusia izan zen Herrien arteko aliantzak sortzea, ongizate eta bake egoera iraunkorrak ernal zitezen. Berak idatzitakoa da Schuman Adierazpena, 1950eko maiatzaren 9an, Parisen, Robert Schuman Frantziako kanpo gaietarako ministroak handikiro irakurria. Konrad Adenauer Alemaniako Errepublika Federaleko kantziler eta Alcide de Gasperi Italiako Gobernu buruarekin batera, lau politikari hauek Europako Batasunaren arkitekto nagusietarikoak eta aita sortzaileak izan ziren. Jean Monneten politika ulertzeko moduaren erakusle da hau; garrantzi gehiago eman zion bizitzea tokatu zitzaion garaiko aurrerakuntzari, titulu edo ohore pertsonalei baino.

Gaur bizirik balitz, uste dut Monnetek esaldia errepikatuko zukeela, aldaketa txiki baina esanguratsu batekin akaso: «Gizakiek aldaketa beharra dagoenean soilik onartzen dute, eta beharra, krisialdian soilik onartzen dute».

Egun, europar guztiok argi dugu Europako Batasuna bidegurutzean dagoela. Aldaketa behar-beharrezkoa du, baina borondate eta ausardia falta zaie erosotasun burokratikoaren zorroan dauden buruzagi gehienei. Bitartean, herritarrak eta Herriak gara adore, konpromiso eta eskuzabaltasun ez horren ondorio ankerrak pairatzen ditugunak, jada Europan ahaztuak genituen estutasun eta gabezia mailak berriz jasanez.

Estatu kideak kolektiboki galduta sentitzen dira ere bai, eta ez dakite nondik eta nora jo bistakoa den paradigma aldaketa honen aurrean.

Europaren desberdintasun sozialaren inguruko datuak kezkagarriak dira; emigrazioaren kudeaketa, lotsagorritzekoa; erro soziala duten arazoei aurre egiteko militarizazioa, burugabea; eskasia duten askori austeritatea exijitzea gutxi batzuren mesederako, onartezina; Europaren mugetan ematen diren gatazkei konponbiderik ez eman —nahi— izatea, eramangaitza.

Europar Estatuak krisi hauei guztiei aurre egin ordez, atzera egiteko politikan dabiltza, boterea kontzentratzen, eskuduntzen birzentralizazioan, demokrazia bera larrutan eta izanik gabe utziz ia.

Demokrazia al da Europa Turkia edo Libiarekin negoziotan ibiltzea, errefuxiatuen arazoa gainetik kentzeko?

Demokrazia al da Europa gor-mutu geratzea espainiar estatuak darabilen ibilbide antidemokratikoaren aurrean, politikaren judizializazioaren aurrean, politikari, militante edo ekintzaileen kartzelatzearen aurrean, bake prozesuaren muzinaren aurrean, ustelkeria kirasdunaren aurrean, eta abar luzeegi baten aurrean?

Erantzun luze eta zaila izan dezaketen galdera hauei beste bi erantsiko dizkiogu, erantzun labur eta errazekoak:

Beharrezkoa al da Europako Batasuna? Bai. Zilegi al da itsasontzia eskuin muturrera zuzentzen dabilenean, eta pilotua eskuin «xamurrekoa» izanik, muturrekoei men egiten diela ikusirik, ontzia lagatzea? Ez.

Ezkerrak ezin du salto egin; haatik, timoia hartu behar du lehenbailehen, giza eskubideak, justizia soziala eta demokrazia bera ezin direlako biharko utzi; igarotzen den egun bakoitzeko, zailagoa izango baita norabidea zuzentzea.

Europa arrakalatzen ari da. Albo batetik, bere herri batzuen eraikuntza nazionalaren ernalketagatik, eta bestetik, estatu gehienen lan eta gizarte arloko prekaritateagatik. Horregatik, kemenez ekiteko garaia heldu zaigu, Jean Monnetek bere garaian bezala.

Beste Europa bat eraiki behar dugu, berau osatzen duten herrien ahotsa entzun eta erritmoa errespetatuko duena; batzuek independentziarako bidea hartuko dute, beste askok burujabetza gehiagorakoa.

Gainera, Europako gizarte zibilak goitik beherako aldaketa eskatzen du hamaika modutara. Gazte langabezia, pentsio lotsagarri edo ezdeusak zein emakumeen inbisibilizazioa eta zokoratzea ezin dira erantzun gabe geratu. Mugimenduan dagoen eta mugiarazten gaituen gizarte zibilak erakutsi du borrokak kaleetan ere irabazten direla; autogestioa, antolakuntza eta elkartasun bidez.

Jean Monneten beste aipu batekin bukatuko dut: «Bakea eta oparotasuna gizakion elkartasunarekin soilik ziurtatu daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.