Paul Bilbao Sarria.
Euskararen urtekaria

Jauziaren beharra

2022ko abenduaren 2a
18:12
Entzun

Kontseilutik esan ohi dugu euskararen normalizazio-prozesuak bi hanka dituela, soziala eta politikoa, eta ezinbestekoa dela biak indartsu eta eskutik joatea. Bultzada sozialari eta herri gogoari dagokionez, zapore gozoa utzi digu berriz ere Euskaraldiak. Euskal Herriko lurralde guztietan ahobizi eta belarriprest hizkuntza-jarrerak, eta, ondorioz, konpromisoa hartu dute milaka herritarrek. Gainera, horrekin batera, ehunka arigune sortu dira bi astez, hain zuzen ere, euskara eroso erabiltzeko guneak. Kaleak astinduko zituen Euskaraldia behar genuen, kontuan hartuta pandemiak bete-betean harrapatu gintuela aurrekoan, eta kaleak astindu dituen Euskaraldia izan dugu.

Horrela, 2022. urteak komunitatearen berrindartzea ekarri du. Berriz ere hartu ditugu kaleak, espazioak, guneak, plazak... Inoizko Korrika arrakastatsuenak hitzek ekintzak behar dituztela berretsi du. Beharrezkoa izan denean, kaleak hartu ditugu eskubideen urraketak betikotuko dituzten erabakiak salatzeko, dela Baionan, dela Iruñean. Eta, maiatzean, Gazte Euskaltzaleen Sareak deituta, milaka herritarrok Donostiako kaleak bete genituen, euskararen kateari begi berriak eransten ari zaizkiola erakutsiz. Horrek esan nahi du, beraz, gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuaren hanka soziala biziberritu dela bi urteko geldialdiaren ostean.

Hala ere, hanka politikoari ere erreparatu behar zaio; izan ere, ez dago hizkuntza baten normalizaziorik horren aldeko hizkuntza-politika eraginkorrak abiatu ezean. Eta politika horiek hiztunak eta espazioak sortu beharko dituzte, baita hizkuntza-eskubideak bermatu ere. Horrela, 2022. urtean hezkuntza izan dugu nagusi euskararen herrian. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan, hezkuntza-lege berri baterako prozesuari jarraitu diote Legebiltzarrean zein Jaurlaritzan. Eta, esan dezagun, Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntza eragile nagusi eta gehiengo sindikalarekin batera, prestutasuna agertu dugula hizkuntzaren korapiloa adostasunetik askatzeko. Horrela, duela zenbait aste Gasteizen euskarazko eredu inklusiboa orokortzearen alde erakutsitako adostasuna kontuan hartu beharrekoa dela uste dugu, baldin eta hezkuntza-sistemak herritar euskaldun eleaniztunak sortuko baditu.

Nafarroan, aldiz, duela zenbait urte Gobernuak euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditzeko abian jarri zuen PAI eredua instituzionalizatu nahi du egungo Gobernuak, bai irakasleen lan-deialdietan legeari kontra egiten dioten erabakien bidez, baita Hezkuntza Itunaren bidez ere. Azkenik, Ipar Euskal Herritik irudi gogor bezain lazgarriak agertu ziren azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldarriaren kontra oldartu zirenean. Halere, berri onak ere iritsi dira, euskarazko ikasgela gehiago izan baitira.

Administrazioan ere, kezka nagusi. Nafarroan, berezko hizkuntza alboratu, eta inolako aitortzarik ez duten atzerriko hizkuntzen ezagutza euskararena baino gehiago baloratzen jarraituko dute hainbat lanpostutan. EAEn, aldiz, oraindik ez zaio jarri nahi epemuga administrazioaren euskalduntzeari, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak mahai gainean hamabost urteko proposamen zehatza eta pragmatikoa jarri genuen arren.

Bestelako espazioei buruz, ez da lortu ikus-entzunezkoen esparruan gurea eta gurea bezalako hizkuntzek espazio duina lor dezatela araudian, baina hasieran baino presentzia handiagoa izatea, aldiz, bai, lortu da. Dena den, pozgarria da esatea ifrentzu horrek aurkia izan duela euskarazko ikus-entzunezkoen esparruan izandako dinamika sozialei esker.

Eta, nola ez, aurten ere botere judizialaren oldarraldia izan dugu hainbatean. Duela urte batzuk esan genuen botere judizialak jurisprudentziaren bidez egin nahi duela legearen irakurketa berria. Eta esan behar dugu oldarraldi hori aurrera eramateko bidelagunak ere badituela botere judizialak, gehienetan epaileek eskubideen urraketak ahalbidetzen dituzten erabakiak hartzeko norbaitzuek jotzen baitute bertara.

Horiek eta gehiago izan dira amaitzear dagoen urtean, baina, agian, pasatutako urak errotarik ez duela mugitzen kontuan hartuta, etorkizunari buruzko pare bat zertzelada eman nahiko nituzke. Azaroaren 5ean hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak oinarri dituen Batuz Aldatu dinamikan urrats garrantzitsua egin genuen. Iazko ekainean askotariko ehundik gora eragilek hizkuntza-politiken norabidetzea adostu zuten. Horrela, hizkuntza-politikaren helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatzea izanik, bi norabide hartu beharra azpimarratu genuen: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea. Hartara, orain jauzi berria egin dugu sektorez sektore lehentasunak identifikatuz eta adostasun politikoa erdiesteko lehen urratsa eginez.

Eta hauxe da, bai, azken hamabi urteetan izandako arduratik idatziko dudan azken artikulua. Harro egindako lanaz, eskertuta izandako bidelagunekin, eta segurtasun bat buruan: Kontseiluak ziklo berriari arduradun hoberenarekin ekingo dio. Ongi baino hobeto eramango ditu eragileekin lortutako adostasunak adostasun politikoetara. Hasieran esan bezala, gure hizkuntza-politikek jauziaren beharra dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.