Ba al zenekiten, Foruzaingoko oposizioko proba batean, 30 bat hautagai pasatu eta gero, jauzi-zaldia bustirik zegoela-eta norbaitek errekurtsoa aurkeztu zuela? Erreferentzia hori erabili zuen Felix Taberna Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko berdintasuneko erdi-mailako teknikarien hamar lanpostu betetzeko deialdian aurkeztutako errekurtsoak aipatzean. Baina zertarako jarri dira errekurtso horiek? Lanpostu horiek beteko dituzten langileek berdintasuneko prestakuntza izan dezatela eskatzeko. Badirudi Taberna jaunaren iritziz ez direla zilegi berdintasun-teknikarien aldarrikapenak, alegia, lanpostu horietan aritu behar dutenek genero-ikasketetan eta berdintasuneko politika publikoetan espezializatutako titulazioa eta prestakuntza izan behar dutela eskatzea. Are gehiago, ematen du haren ustez hori eskatzea ateraldi bat besterik ez dela, jauzi-zaldi bustiarena bezala.
Nork kontratatuko luke bere etxeko instalazio elektrikoa aldatzeko elektrizitateari buruzko prestakuntzarik ez duen norbait? Inork igo nahiko luke taxi batera, hura gidatzen duenak gidabaimena duela eta gidari profesionalaren baimena lortzeko azterketa gainditu duela ziur ez badaki? Nori bururatuko litzaioke apendizitis-ebakuntza egin behar diona kirurgiako espezialitatea ez duen norbait izatea?
Taberna jauna, tamalgarria iruditzen zaigu zuretzat ateraldi bat besterik ez izatea gure eskaerak, hau da, berdintasun-politika publikoen profesionalizazioa, lanbidearen duintzea, gaitasun tekniko egokia eta lanbidean sartzeko berdintasuna, horiek enplegu publikoko edozein deialdiren motibazio nagusia izan beharko luketelako. Dirudienez, Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariaren iritziz, txikikeria da, anekdota bat besterik ez, berdintasun-politika publikoak garatu behar dituzten pertsonak izatea, hain zuzen ere, politika horien garapena eta ebaluazioa aholkatzeko, diagnostikatzeko, proposatzeko, koordinatzeko, informatzeko, diseinatzeko eta bultzatzeko gaitasun profesionala dutenak. Nori bururatzen zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko prestakuntza espezializatua ez duten teknikariak kontratatu behar izatea?
Bada, esango dizuegu nori. Berdintasun-politikak itxurakeria huts gisa ulertzen dituztenei. Paperak hain ongi eusten dion itxurakeria hori agerian geratu da, adibidez, 2021eko lan-eskaintza publikoaz –aipatutako 10 lanpostuak onartzen dituena– egin duten genero-inpaktuaren txostenean, zeinak Nafarroako Gobernuaren araudi, plan eta programetan genero-inpaktuaren txostenen gidan jasotako gomendioak ere ez baititu betetzen. Eta hori da, hain zuzen ere, gure aldarrikapena: berdintasunaren aldeko eta, ondorioz, giza eskubideen aldeko aldaketak eragin ahal izateko, prestakuntza egokia duten pertsonak hartzea, politika horiek itxurakeria izateari uzteko. Izan ere, bai, Taberna jauna, sinesten ez baduzu ere, Nafarroan oraindik ere genero-desberdintasunak daude; generoaren araberako soldata-arrakala %21,6koa da; lanaldi partzialean ari diren Nafarroako 10 kotizatzailetatik zazpi emakumeak dira; emakumeek egunean 4 ordu eta 7 minutu ematen dituzte zaintza-lanetan, eta gizonek, berriz, ordubete eta 54 minutu; eta, horrela, hainbat arlotako datuak azaltzen jarrai genezake, gaur egun emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ez delako errealitate bat, eta helburu hori duten politikak garatzea prestakuntza espezializaturik ez duten langileen esku uzten jarraitzen badugu, helmugarainoko bidea askoz ere luzeagoa izango da.
Atsekabetu egiten gaitu Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari hau guztia hain garrantzitsua ez iruditzeak. Izan ere, Parlamentuan ikusi eta entzundakoaren arabera, berdintasunean espezializatutako prestakuntza kontu hutsala da, zertaz ari garen ez dakienaren begietara, noski.
Artikulu hau honako hauek ere sinatzen dute:
Amaia Abucide, Nerea Arana, Begoña Armendariz, Oihane Astrain, Ana Berrade, Elsa Diaz, Vanesa Eguiluz, Ana Elcano, Ixiar Eratsun, Patricia Erdociain, Ariane Etxeberria, Tamara Falces, Marian Garcia, Silvia Gomez, Andrea Guiñon, Nagore Huegun, Maider Landa, Begoña Laquidain, Laura Lorente, Imelda Mañeru, Iruña Martinez, Pilar Mayo, Marian Mendiola, Arantxa Ordoñez, Eider Perez de Heredia, Aurora Sanz eta Ivan Villanueva.