Jaurlaritzaren osasun erronkak

Karlos Ibarguren
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ez da nobedadea izango esaten badut Osakidetzara emozio-egoera estuan doan gaixo euskalduna sarritan gaztelanian artatuko dutela. Ez naiz soilik ari herritarrekin harremana izango duten profesionalez: tratamenduak, aholkuak... erdara hutsez jasotzea da ohikoa. Gertaera horiek sortzen dituzten salaketa ugariak dira arazoaren lekuko. Eta hori horrela gertatzen da autonomia hasi eta hogeita hamar urteetara eta Osakidetzaren euskara-plana amaitu ondoren.

Profesionalok ere zailtasun ugari ditugu euskaraz lan egin ahal izateko; BERRIAn asteartean salatu zen Osabideren problema, adibide bat besterik ez da. Osabidek eta profesionalok erabiltzen ditugun gainontzeko sistema informatikoek hiru arlo dituzte gutxienez: sisteman nabigatzeko modua, pazienteentzako ezinbesteko informazioa eta historia klinikoaren kudeaketa.

Profesionalok nabigatzeko erabiltzen dugun euskarria erdara hutsean egoteak langileon eskubideak urratzen ditu. Alabaina, gaixoengan eragin gutxi du. Osabide elebiduna izateko eragozpen teknikorik gabe, zabarkeria eta jarrera onartezina da erdara hutsean diseinatu eta horrela zabaltzea, hamahiru urteko ibilaldi luze baten ondoren.

Larriagoa da, ordea, erdara hutsean egotea Osabidetik gaixoentzat ateratzen diren tratamenduak eta aholkuak: zorriak nola kendu, dietak, buruko traumatismo baten ondoren hartu beharreko neurriak… Osakidetzako euskara planaren muina erasotzen duenez. Halatan, urgentziazko tratamendua behar du.

Arestian esan dugunez, Osabideren hirugarren eduki nagusia profesionalok idazten dugun gaixoaren historia klinikoa eta eboluzioa dira. Horrek ere, baiki, langileon eskubideak urratzen ditu, baina beste profesional batzuek gaixoa artatzerakoan erabili beharreko informazioa denez, arduraz eta astiro aztertu beharreko gaia da, zeren, beti eta oroz gain, pazientearen segurtasun klinikoak bermaturik egon behar baitu.

Osabidez harantzago, ordea, beste gauza asko bideratu behar ditugu, batez ere zerbitzu elebidunen eskaintzan, baina oraingoan bat azpimarratu nahi genuke: gaixoen eta profesionalon identifikazioa, mediku eta erizain euskalduna aukeratzeko eskubidea, Osakidetzak Euskaraz bai sano proiektuaren bidez garatu nahi duena.

Beste gai garrantzitsu batzuk ere landu beharko ditu Jaurlaritza berriak, euskararen erabilera zinez normalizatuz joan nahi badu, hala nola profesionalok prestakuntza euskaraz egiteko aukera, lan harremanetan euskarari benetan tokia egiteko urratsak eta euskararen normalizazioa kalitate zirkuituetan bideratzea. Nolanahi ere, zerbitzuen eskaintzari dagokionez, Gobernu berriak amaiera eman behar lioke arau-urraketa eten gabeko honi: herritarren hizkuntza-eskubideak alboratzen dituzte arreta-zerbitzuetako enpresak kontratatzerakoan.

Osasun arduradun berriek gai hauei heltzeko denbora behar dutela ulertzen dugu. Dena den, euskararen bihotz-erritmoa bradikardikoa da, eta asistolian sar ez dadin, tratamenduak urgentziazkoa izan behar du. Jarrera eta lidergoa ezinbestekoak dira, eta Osasun arduradunei dagokie. Aurreko gobernuan ikusi ez ditugun konpromiso jarrerak eta jokabide eredugarriak behar ditu normalizazioak. Osakidetza eta Osasun Saileko zuzendari guztietatik hasi, eta gerente eta zuzendaritzetako kide guztiek egin behar dute bere normalizazioaren beharra. Arduradunek irizpide argiak jarraitu eta transmititu behar dituzte. Orain arteko kasu askotan bezala edozein langileei jarraibideak erdara hutsean bidaliz gero, ezinezkoa izango da gainontzekoek normalizazioaren garrantzia barneratzea.

Dena den, konpromisoa denoi eskatu behar zaigu. Euskaraz dakigun eta euskaraz ez dakiten langileei. Alferrik izango da sistema informatikoak euskaraz jartzea, ondoren utzikeriagatik erdaraz erabiltzen baditugu. Alferrik izango dira beste hainbat neurri eta erabaki, guk bete eta bultzatzen ez baditugu. Bakoitzak gure neurrian, badugu euskararen normalizazioan zeregina.

Gainontzeko eragile sozial eta politikoek, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak barne, badugu zeregina. Denon artean minimoak eta erritmoak adostu, eta horiek gauzatu daitezen, lan koordinatua egin beharko dugu. Akordio hitza modan dagoen honetan, akordio zabala lortu beharra dago.

Magia egiteko gaitasunik ez dugu, baina tratamenduak jartzen adituak garen neurrian ildo horretan denekin lana egiteko konpromiso zintzoa eskaintzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.