Hurrengo egunetan, Gasteizeko gobernuak plan berri bat aurkeztuko du, «Bakea eta bizikidetza» deritzana. Ardantzaren gobernuek 1988ko Ajuria Eneko hitzarmenean sostengatu zuten euren plana; Ibarretxek 2006an estreinatu zuen berea; eta orain, 2011n, Patxi Lopezen gobernuak berea iragartzen digu. Guztiek gauza komun bat izan dute: 1983ko ZEN plan hark definitu zuen «bakegintzaren» inguruko lerro estrategikoaren ezarpenaren ondorioak jaso izana, Euskal Herrian bizi izan dugun biolentzia askotarikoari buruzko ikusmolde desitxuratua zabaltzea.
Plan horiek guztiak agiri berean hiru helburu bildu nahi izatearen emaitzak dira: 1) disidentzia politikoa suntsitzea; 2) marketin politikoarekin lotutako xedeak lortzea, oinarri kontserbadorea duten espazio sozio-politikoak sendotzeko asmoz; eta 3) kide dituzten fundazio, elkarte eta komunikabideen aldeko diru iturriak sortzea.
1936ko altxamendu militarra eta Estatu terrorismoaren biktimen eskubideak defendatzen ditugun erakundeok egiaztatu dugu plan guztiek emaitza berbera lortu dutela: azken 75 urteetan burututako Estatu krimenen gainean eraikitako errugabetasuna betikotzea.
Badakigu plan horiek martxan jartzen dituztenen helburua ez dela justizia eraginkor eta bidezkoa lortzea. Badakigu gauzak horrela direla; izan ere, plan bakoitzaren ostean, bi errealitate egiaztatu ahal izan ditugu. Batetik, nazioarteko legezkotasunari bizkar ematen jarraitzen zaio; alegia, Estatuak egia ikertzera eta justizia eraginkorra eta kalte-ordainen aldeko neurriak ezartzera (ez errepikatzeko bermeak barne) derrigortzen dituen legezkotasun horri. Eta, bigarrenik, genozidio frankista eta Estatu terrorismoaren biktimen bitartekaritza ukatzen da; alegia, giza eskubideen urraketak gainditzeko bidean behar liratekeen neurri politiko, juridiko eta sozialak ezartzeko orduan beharrezkoa den ahotsa.
Bake eta elkarbizitzarako plan batek, lehenengo eta behin, euskal herritarrek sufritu dituzten eta oraindik sufritzen dituzten giza eskubideen urraketen arrazoiak eta ondorioak definitu behar ditu argi eta garbi. Erakunde publikoetan orain arte aurkeztu diren planek, ordea, ez dute gizateriaren aurkako krimen gisa definitu 1936ko altxamendu militarrak eragindako indarkeria; plan horiek ez dute Estatu terrorismo gisa kalifikatu Estatuko gorputz militarren eta polizialen jarduna, nahiz eta heriotzak, torturak, desagertzeak eta abar izan tartean.
Estatu terrorismoa baita, eta ez «botere nagusikeria», euskal herritarrak erailtzea haiek auzo osasuntsu eta kutsadurarik gabekoak defendatzen ari zirela (Erandio, 1969); Estatu terrorismoa baita erailtzea langile babesgabeak, euren duintasuna eta lan zein gizarte eskubideak aldarrikatzen ari zirela (Gasteiz, 1976). Estatu terrorismoa baita talde armatuak antolatzea eta diruz laguntzea. Gizateriaren aurkako krimena baita herritar babesgabeak atxilotzea, erailtzea, torturatzea eta desagerraraztea; herri baten berezko nortasun ezaugarriak zapaltzea; eta oinarrizko giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak ukatzea.
Auzitan jarri ezineko gertakizun historiko, politiko eta juridikoa den Estatu terrorismoaren biktimen errealitate sozio-politiko horri bizkar ematen jarraitzea, inpunitatearen mantupean ezkutatzen jarraitzea, 1936ko matxinatuen garaipenak eraikitako gizarte dualari jarraipena ematea da, genozidio politikoan eta Estatu terrorismoaren oinarritu zena, hain zuzen.
Euskal Herriko indarkeriaren fenomenoaren inguruko «kontaketa zuzen» bat egin nahi duenak, Gasteizko gobernuak egin asmo duen bezala, ezin du ezkutatu gure herriaren hurbileko historian bestelako giza gertakizunekin parekorik ez duen errealitate hauxe, giza dimentsioaren eta kopuru dimentsioaren ikuspegitik parekorik ez duen errealitate hauxe.
Ez bake planek ezta horien ondoriozko legebiltzarreko batzorde txostengileek ere ezin diote bizkar eman, beste behin, milaka zapalduren historiari, oraindik erantzun politiko eta juridiko eraginkorrik jaso ez duen errealitate horri. Jaur-laritza hartua duzuen horiek frankismoaren oinordeko ideologikoekin hartutako hipotekekin hautsi behar dute, diktadura garaiak, baretasunez, soseguz eta bake sozialez beteriko garai historikoak izan zirela usten duten horiekin, hain zuzen.
Historia ezkutatu eta itxuraldatzetik ez dira soluziobideak eratorriko, are gutxiago ahanztura inposatzetik. Soluzio bideak iragana onartu eta diktadura frankistaren eta Estatu terrorismoaren biktima guztiek dagokien eskubideak eskuratu dezaten neurriak hartzetik eratorriko da, hau da, egia, justizia eta erraparazioa, ez errepikatzeko bermeak barne, helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurrietatik.
Jaurlaritzaren «bake plana»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu