Jaurlaritzaren aurrekontuak: lehengo lepotik burua

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Joan den astean Eusko Jaurlaritzak erabaki zituen datorren urteko aurrekontu-proiektua egiteko kontuan izango dituen ildo nagusiak (gero horiek norbaitekin negoziatu behar ditu, legebiltzarrean ez baitu gehiengo nahikorik). Ildo horiek irakurtzean déjà-vu edo «hau lehenago ere ikusi dugu» sentipena datorkigu burura; enegarren errepikapena barregarria litzateke, ondorio larriak ez balitu.

Jaurlaritzak dioenez, 2017an «hitzartutako Aurrekontu-Egonkortasun Helburu guztiak beteko ditu». Honi buruz ahaztu egin zaio garrantzia duten xehetasun batzuk aipatzea. Lehenik, «akordioa» Jaurlaritzak Rajoyren espainiar gobernuarekin sinatu zuela. Bigarrenik, helburu haiek Rajoyk autonomia-erkidego guztiei inposatu zizkien berberak zirela. Hirugarrenik, abiapuntu hori ontzat emateak esan nahi duela Pedro Sanchezen gobernua Rajoyren parametro murriztaile berdinetan ari dela jokatzen.

2017an ezarritako helburuek gastu-araua delakoa inposatu zuten 2018-2020ko epealdirako. Zehazki, 2019an aurrekontuaren igoera nominala gehienez %2,7koa izango zela, eta %2,8koa 2020an (bide batez, Jaurlaritzaren prentsa-oharrean datu hori aipatu ere ez dute egin, horrek baldintzatzen badu ere 2020rako aurrekontua).

ELAk behin eta berriz salatu izan du gastu-arauak eskuak lotzen dizkigula; halaxe aitortu zuen Pedro Azpiazu sailburuak berak ere. Baina hark ondo deritzo, eta ELAk ez du inola ere aplikatzerik nahi.

Gastu-araua medio, euskal erakundeei kendu egiten zaie aurrekontuak erabakitzeko ahalmena, eta ezinbestean murrizte politikari eutsi behar diote; izan ere, aurrekontuaren igoera ekonomiaren hazkunde nominalaren azpitik geratu behar baita. Horregatik, zerbitzu publikoen gainbeherak ez du etenik izango, eta gizarte-prestazioak areago urrituko dira. Noski, ondorioz, pentsaezina da beharrizan sozial hazkorrak osatzea, menpekotasun egoeran dauden herritarrena edota etxebizitza izateko eskubidea dutenena, esaterako.

Indarrean dagoen gastu-arauarekin paradoxa bat gertatzen da: Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak ehunka milioi euroko superabita ari dira urtez urte metatzen. Bitartean, ordea, osasuneko eta hezkuntzako gastu publikoa, edota gizarte-babes maila, Europako azken postuetan daude (horretarako estatistika erakunde ofizialak izan dira gure iturria, ez EITB taldeko albistegiak).

Egunero esnatu eta bezperako egoeran gaudela dirudi. Iaz (eta aurreko urteetan) gauza bera esaten ziguten: aurrekontu-egonkortasun helburuak bete behar dira. Bada, gu ez gatoz bat horrekin. Egin behar dena beste zerbait da: aurrekontu dezente handiagoa onartu, lehentasuna beharrizan sozialei eman, eta dagoen superabita horretarako baliatu. Eta hori ez da guztia. Gogoratu beharra dago zerga-presioan ere Europako azken postuetan gaudela (iruzurragatik eta enpresek, kapitalek eta errenta altuek zerga gutxiegi ordaintzen dutelako); beraz, baliabide ekonomiko gehiago lortzeko bada non miatu.

Horrenbestez, iaz esan genuena aurten ere baliagarri da: aurrekontu-politika goitik behera aldatzea nahi dugun erakunde sindikal, sozial eta politikook uko egin behar diegu parametro horiek oinarritzat hartuta egindako aurrekontuei, eta pedagogia egitea dagokigu. Finean, salatu beharra dago aurrekontuak sozialak izatea ezinezkoa dela oinarrian gastu-araua badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.