Jaurlaritza eta ELA

2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Apirilaren 1ean, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txikik ELA eta Urkulluren gobernua izenburua zeraman iritzi-artikulu bat argitaratu zuen sindikatuaren blogean.

Artikuluan aztertutako zenbait auzi behin baino gehiagotan aipatu izan dira, baina behar bezainbeste ezagutzen ez direnez, Eusko Jaurlaritzaren jarrera finkatzea komeni dela iruditzen zait.

Hasieran, hauxe adierazten da: «Lehendakaria mugimendu sozialek gobernuen politikak baldintzatzeak kezkatzen du».

Ez da egia, inondik inora ez. Aipamen hori testuingurutik kanpo dago eta esanahia desitxuratu egin da.

Jaurlaritza etengabe mota guztietako gizarte-mugimenduekin harremanetan dago —baita sindikatuekin ere, noski—, haien jarrerak ezagutzeko.Baina, gizarte-mugimenduek ez bezala, Jaurlaritzak aldian behin herritarren aurrean erantzuten du eta haiek ordezkatzen dituen legebiltzarraren aurrean etengabe. Gizarte osoaren esanetara dagoenez, bere erabakiak horren arabera hartzen ditu. Askotan erabaki zailak dira, baina gure gizarteak bizi duen testuinguru erreal eta zailean posibleak direnak.

Eusko Jaurlaritzak enpresak babesten ditu, handiak, ertainak eta txikiak. Bai, noski; nola ez ba! Enpresarik gabe ez dago lanik, ez da aberastasunik sortzen, ez dago zer banatu. Jaurlaritzak arduraz babesten ditu gure enpresak, trukean jokabide arduratsua eskatuz, eta ardura hori alde batera uzten denean, presionatu eta salatu egiten du. Bai ixteko eta deslokalizatzeko erabakien kasuan bai lan-kontratazioko gehiegikerien kasuan. Bere eskumenak gauzatzeko, errealitatearen printzipioa onartzen du, eta ondorioz, horrek ezartzen dituen mugak, ezin dituelako saihestu.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gizarte modernoan sindikatuak ongizate-estatua lortzeko eta mantentzeko ezinbesteko erakundeak dira, eta beraz, askatasun sindikala Mendebaldeko gizarte demokratikoaren oinarrizko ardatzetako bat da. Horregatik, gizarte-eragileek, bai sindikatuek bai enpresa-elkarteek, aitortzaz gain, beraien ordezkaritzaren araberako diru-babesa jasotzen dute Jaurlaritzaren eskutik.

Gizarte-eragileekiko harremanean, desadostasunak modu naturalean aitortzeak eta adierazteak, gainera, desadostasuna elkarrizketaren, negoziazioaren eta hitzarmenaren bitartez gainditzen ahalegintzeko balio behar du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza, lehendakaria buru dela, denekin bilerak egiteko prest dago, baita kritikatzen dutenekin ere, jakina. Hitz egiteko, entzuteko eta desadostasunei arreta emateko, ateak irekita daude. Elkarrizketak —diskretua edo publikoa— desadostasunak agerrarazteko balio dezake, baina desadostasunak mugarik gabeko elkarrizketa ireki baten bitartez neurri batean behintzat konpontzen saiatzeko helburua eduki behar du.

Jaurlaritzak, hain zuzen ere, sindikatuen funtzioa aitortzearen seinale gisa, gizarte-eragileen arteko topaketa-foro bat bultzatu du, askotariko arloetan dauzkaten jarrerak kontrastatzeko beharrari erantzuteko, eta zalantzarik gabe, Euskadin oso errotuta dauden sindikatu batzuek parte hartzeari uko egiteak atsekabea sortzen dio. Baina hala ere, sindikatuen adierazgarritasuna inola ere gutxietsi gabe, gizarte-eragileekiko elkarrizketa eta iritzi-trukea bultzatzen jarraitzen du, errotze txikia izan arren garrantzitsuak eta beharrezkoak direla jakinda.

Dena den, gizartean berebiziko eragina daukaten auzi batzuk Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo daude, sindikatuen eta enpresa-elkarteen esku erabat: negoziazio kolektiboan eta lan-harremanetan eragina daukaten auziak. Eta bi aldeko eta hiru aldeko elkarrizketa eta akordio horietan sindikatu guztiak presente egotea, zalantzarik gabe, oso positiboa izango litzateke Euskadin negoziatuz eta lan-harremanak indibidualizatzeko joerak dakartzan arriskuak ahal den neurrian saihestuz hitzarmen kolektiboen sare oso sendo bat bultzatzeari begira. Indibidualizazio hori Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo dago eta babesten ez duen lan-legedia batek eragin du, Eusko Alderdi Jeltzaleak Partidu Popularrak inposatutako lan-erreformaren aurka izan zuen jarrerak agerian utzi zuen bezala.

Beste alde batetik, bere jarduneko auzi orokor gisa, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-egonkortasun politika bat dauka doitzeak egiteko, gutako bakoitzak eta gure erakundeetako bakoitzak gure gastuekin eta gure diru-erabilgarritasunarekin egiten dugun bezala. Etorkizuneko belaunaldien eta hurrengo legegintzaldien aurreko ardurazko politika bat da, ingurumena eta garapen jasangarria defendatzeko daukagun irmotasun berarekin ezarria, ez ditugulako hipotekatu nahi. Errepikatu egingo dut: aurrekontu-egonkortasuna ardura kontu bat da, ez dauka batere zerikusirik politika neoliberalekin.

Bestalde, Itun Ekonomikoari jarraituz zerga-arloan eskumena daukaten euskal erakundeak beren ahalmena diru-sarrerak murriztea eragiten duten mugimendu ekonomikoak saihestuz ustiatzen ahalegintzen dira. Hori guztia, gure politika guztiak, gure ongizatea bultzatzekoak, desparekotasunak murriztekoak eta garapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren arlokoak, gehiago eta hobeto zabaltzeko.

Beste esparru batzuetan bezala, oker egon gaitezke, baina ez da inola ere izango ez anbizioa ez aurrera egiteko borondatea falta zaigulako.

Beraz, gobernuak planteamendu maximalistekin bat ez egitea, «dena edo ezer ez» moduko jarrerekin, ezin da inola ere sindikatuen kontrakotzat jo, sindikatu batek gobernua kritikatzea antidemokratikotzat jotzen ez den bezala.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak errespetuan eta ideien konfrontazio lasaian eta positiboan oinarrituta administratu nahi ditu Euskadiko auzi publikoak, bere kudeaketa-eremua kanpoko presio saihetsezinen peko mundu aldakor baten barruan dagoenez bere ekintza politikoa testuinguru horretan sartzen dela onartuta, eta posizio teoriko hutsetatik asko kritikatu eta eraso arren, hortik nekez ihes egin dezakegula.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak ahulenei boterea emateko, desparekotasun gero eta handiagoari aurre egiteko, lan egiten duela eranstea bakarrik geratzen zait. Horri dagokionez, gizarte-ongizatera eta gizarte-babesera bideratzen duen aurrekontuak euskal herritarren errespetua eta babesa lortu ditu eta Estatuko beste eremu batzuetako miresmena. Eskua oraindik ere luzatuta daukagu, babesten gaituztenentzat eta kritikatzen gaituztenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.