Ostia sareko kidea

Jaunttoak, lurra eta herritarrak

Filipe Laskarai
2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute. Marieneko pentzearen alde protestatzeagatik. Bigarren aldia da enetzat goizeko seietan ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat kaguladunek, inarrosean eskuburdinak ezarriz, etxea miatuz, eta kaiolan atxikiz egun oso batez. Azken aldi honetan semearekin eta laborari lagun batekin. Auzi bat gehiago beraz, beste lau inkulpazio, azken aldian neuzkan berdinak (material andeatzea, ehexa eta DNA kentzeari ukatzea…).

Euskaraz mintzatzea ukatu digute lehen auzian eta azkenik prokuradoreak, frantsesez ez banintzen ari, isiltzeko manatu zidan, mespretxu doinuan, ene euskal izaera lehertuz eta larderiaz agerraraziz ene hizkuntza baliogabekoa zela. Umiliazio hutsa.

Presioa, mehatxuak, kargutik kentzeak, larderia, auzipetzeak, isun andana bat, hara dauzkaten proiektuen kontra altxatzea ausartzen diren herritarren kontra. Hauek dira haien armak, erantzunak, beren egitasmo pertsonalak babesteko. Asteartean jakin dut aitzina, Bouygues-ek, berriz ere auzitan ezartzen gaituztela lehen auzian jasan genituen kondenak ez direlako aski pisuak horientzat.

Handi-mandien aztaparretan gauza gutti gara herritarrak. Erdi Aroan jaunek jopu zeuzkaten laborari, jende xumea, lehertzen zituzten beren interes pertsonalak hunkituak zirenean. Aristokrazia erregimenak ahalmen hori emaiten zien; gaurkoak, erregimen demokratikoak ahalmen berdintsuak uzten dizkie herriko jaunttoei, gure bozekin jarriak direlarik gehienik dena! Abilezia ederra!

Emaiten diegun ahalmena ez da segurki horretan mugatzen, haien gisa gobernatzen baitute gure lurraldea, interes orokorra sakela zolan atxikiz frankotan. Marienearen jabea ez dabil beharretan, baina auzapezak Kanbo eta Itsasuren artean dauzkan funtsak eraikigarri ezarri ditu, herritarren nahia, laborarien tresna, ingurumenaren zentzuak zangopilatuz, guzien bizkar!

Herritar mugimendu oso bat altxatu da neurriz kanpoko operazio horren kontra: tokiko herritarrak, oposizioko hautetsiak, laborariak, herria eta lurra zain dauden kolektiboak parean gure jaunttoak dituztelarik dena ukatze, gordetze, gezurra, jukutria, eta zapalkuntza. Eta hori ez balitz aski, Marieneko proiektua ahalbidetu duen Kanboko PLUaren auzian, Euskal Herriko Lurralde Elkargoko abokatuek, gure hautetsi guzien izenean, artalde batek alatzen duen Marieneko pentze ederrak laborantzarako ez duela interesik iragarri dute! Eta pentsa noren alde joan den erabakia? Noraino daramate trufa, mespretxua? Gure herrialdearen errealitatetik arrunt jokoz kanpo doazelako beste adierazpen bat dugu.

Justizia, herritarren izenean jujamendua egiten dutela, hautetsiak herritarren ordezkari direla daukagu ohiko katixima! Irringarri legoke, ele zuri horietan finkatua den sistemak ez bagintu egiazki enganatuko edo izorratuko. Errealitatea gordina baita oraino ere, notable, jauntto, handi-mandien eskutan daukaten sistemak, geldiak bezala atxikitzen gaituztela boterepean, isildurik.

Higitzen ez denak ez ditu gatinak sentitzen! Erne egon gaitezen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.