Jarri zure harria herri harresian

Ainhoa Bengoetxea El Kaoukabi, Koldo Garcia Llorens, Iruñe Astiz Larunbe, Oroitz Zabala Cia
2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Harriz harri. Horrelaxe eraikiko dugu hirugarrenez herri harresia, kasu honetan Iruñerrian. Auzolanean eraikitzen da herri harresia. Norberak bere harritxoa jarriko du, bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian, eta harri guztien batuketak herri harresi erraldoia osatuko du. Izan ere, herri harresia ez da soilik besoak elkarri eusten dizkioten herritar multzoa, herri harresia hori baino askoz gehiago da. Herri harresia filosofia oso bat da, desobedientzia oinarri duena. Baina zergatik desobeditu? Zein da arrazoia?

Dagoeneko urte batzuk dira Euskal Herria konponbide prozesu batean murgiltzen hasi zela. Gernikako Akordioa, ETAren su etena, Aieteko Adierazpena, Sorturen legeztapena, Bake Foro Soziala... Hainbat aurrerapauso ematen ari dira, baina urrats guztiak ez dira aurrera begirakoak. Euskal herritarren atxiloketak, eskubide zibil eta politikoen zapalkuntza, mendekuan oinarritutako espetxe politika, erabakitze eskubidearen ukapena, eta epaiketa politikoak, epaiketa politikoen zerrenda amaigabea.

Azken hamarkada luze gogorrean, herri honek sorgin ehiza latza pairatu du. «Dena ETA da» tesipean ehunka herritar atxilotu, torturatu eta espetxeratu izan dituzte. Kasu gehienetan, aktibismo politiko eta publikoagatik, antolakunde politikoetan parte hartzea leporatuta. Gehienok ezagutzen dugu sufrikario horretatik pasatu den norbait, lankideren bat, ikaskideren bat, bizilagunen bat, senide edota lagunen bat. Azken hamarkadetan milaka euskal herritarrek pairatu dute Estatuen biolentzia.

Eta urteak pasatu ostean epaiketa dator. Epaiketa ugari datoz gurera. Kasu gehienetan torturapean sinatutako auto-inkulpazioak dira froga bakar eta nagusiak. Batzuek espetxean igarotzen dute epaiketa iritsi arteko denbora hori, beste batzuek, ordea, baldintzapeko askatasunean. Eta horren ostean epaia errekurritzeko aukera dago, eta berriz itxoin beharra dago.

Horixe da Maider, Aritz, Luis, Xabier eta Mikelen egoera. 2008. urtean atxilotu zituzten, 5 egunez inkomunikatu eta torturatu. Bostak espetxeratu egin zituzten, Segi eta Ekin antolakundeetako kide izatea leporatuta. 2-3 urte kartzelan egon ostean Maider, Aritz eta Luisek baldintzapeko askatasuna lortu zuten, Xabi duela hilabete eskas bat askatu zuten, eta Mikel oraindik espetxean dago.

2011ren bukaeran izan zuten epaiketa, eta 6 urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Orain, ordea, Auzitegi Gorenak epaia berrikusi zain daude, eta, aste batzuen bueltan, auzitegiak bere erabakia jakinaraziko du. Aste batzuetan espetxera bueltatzeko arriskua dute. Jarduera politiko eta publikoarengatik epaituek eta espetxeratuek.

Operazio horiek ez dute inoiz zentzurik izan, baina are zentzu txikiagoa dute murgilduta gauden konponbide prozesu baten hastapenetan. Ez da espetxeak betetzeko garaia, kartzelak husteko garaia baizik. Hala pentsatzen dugu euskal herritar gehienok, hala azaldu dute gatazka politikoen konponbidetan aditu direnek ere. Normalizazio politikoaren bidean aurrera egiteko momentua da. Eta norabide horretan, absoluzioa onartuko dugu epai bakartzat. Absoluzioa baita konponbideari lagunduko dion erabaki bakarra.

Euskal Herriko jendartearen gehiengo sozial eta politikoak konponbidearen bidean aurrera egin nahi du. Eta iraganeko garaietako hautsa harrotzen duten horrelako egoerak direla-eta ez gaude beste alde batera begiratzeko prest. Konponbide politikoaren kontra doazen erabaki eta epai horiek direla-eta ez gara besoak gurutzaturik geldituko. Gure eskuetan dagoen guztia eginen dugu Maider, Aritz, Luis, Xabier eta Mikel babesteko, baita aurrerantzean etorriko diren epaiketa eta sententzietan kaltetuak babesteko ere.

Eta hasieran esaten genuen moduan, auzolanean babestuko ditugu. Herri harresi erraldoi bat eraikitzera goaz, eta bakoitzak bere harritxoa jarriko du. Batzuen harria handiagoa izanen da, beste batzuena txikiagoa; bakoitzaren harriek forma eta kolore ezberdina izango dute, harri guztiak ezberdinak izango dira. Baina harri guztiek elkartuta harresi sendoa osatuko dute.

Maider, Aritz, Luis, Xabier, Mikel eta aurrerantzean etorriko direnak babestera goaz. Eta azkenean, Auzitegi Gorenak horiek atxilotzeko agindua ematen badu parez pare topatuko gaitu. Maider, Aritz, Luis eta Xabier espetxeratu nahi badituzte, gure gainetik izan beharko da, herri harresiaren gainetik.

Bihar, Gazteluko plazan herri harresiaren lehenengo harriak jartzera goaz. Modu zabal eta parte hartzailean egingo dugu, herritarrok gure lehenengo harriak jar ditzagun. Irtenbide garaia da, eta gure ekarpena egingo dugu, harriz harri harresia osatuz. Zatoz zu ere zure harria jartzera.

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Herri Harresiaren lantaldeetako kideak: Ainhoa Bengoetxea El Kaoukabi, Koldo Garcia Llorens, Iruñe Astiz Larunbe eta Oroitz Zabala Cia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.