Urtearen hasieran nahiko goibel eta etsita sentitu naiz, ETAko presoak kartzelatik ateratzeko urtero antolatzen duten manifestazioa bultzatzeko milagarren kanpainak erasan egin zidan eta. Etsita, berriz ere politikotzat jotzen dituztelako ETAko presoak; haiek egindako delitu larriak aipatu ere egin ez zituztelako; hamarkadetan gizarte hau zanpatu duen terrorismoaren aipurik ez zegoelako antolatzaile eta enparauen hitzetan; azkenik eta ohi bezala, preso horiei halabeharrez lotutako biktimekiko enpatia arrastorik ez nuelako sumatu. ETAko atxilotuak bidegabe sufritzen duten izaki soilak izango balira bezala aurkeztu zizkiguten beste behin ere. Motiborik ez zigorra betetzeko, antza.
Urtarrilaren 10ean, manifestazioaren bezperan, Gasteizko ElizbarrutikoBerri Ona Elizgunean, kafe-tertulia batean, Sara Buesaren hitzak entzun ahal izan genituen. Behin baino gehiagotan izan dut emakume honi entzuteko aukera eta banekien bere hitzak baltsamoa eta kontrapuntua izango zirela hurrengo eguneko manifestazioaren inguruko azpijokoarekiko. Izan ere, Sararen arrazoinamendua zeharo gizatiarra izateaz gain, etikoki akasgabea baita, oso eskuzabala eta distiratsua.
Horretara, lorerik ederrenak basatzan sortzen direla esaten dugunean Sara Buesarekin bete-betean asmatzen dugu. Paradoxikoki, ez dira gutxi izan sustrai politikodun indarkeriaren lohian Euskal Herrian loratu diren biktima eredugarriak; indarkeria guztiz bidegabearen jomuga izanda ere, duten onena oparitu diote gure gizarteari, baliorik zintzoenak bultzatzen ari direla jakin barik. Hain zuzen ere ETAk eta bere ingurumari politiko eta sozialak hamarkadetan sustatu dituztenen kontrako balioak.
Beraien senide kutunak galarazteaz gain, batzuetan mehatxupean bizitzera derrigortu zituen ETAk, zoritxarreko hilketak egin baino askoz lehenago; beste asko bakardadeak jota bizi izan dira, isolatuta, mespretxu hutsean; herritik bota zituztenak ere hainbat izan dira, eta gehienei ez zaie aitortu eragin dieten bidegabekeria. Hala ere, batek baino gehiagok bere samina eta pena adore bihurtu eta kalera atera ziren zuztar politikoa zuten terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketa larri guztiak salatzera.
Beste batzuek beren antzera sufritu duten biktimei laguntzeko konpromisoa hartu zuten, eta horretan dihardute; badaude beste indarkeria batzuen biktimentzat beraientzat eskatzen duten gauza bera ozen aldarrikatzen dutenak; justizia errestauratiboa bultzatzen aritu direnak; ETAko presoen hurbilketaren alde azaldu direnak edo tortura kemenez salatu dutenak. Bakearen eta bizikidetasunararen alde eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko sendo ahalegindu diren eta saiatzen diren biktimak ditugu: argia dira, argi hutsa.
Beste asko pertsona arruntak dira —gehienok ere horrelakoak gara—, anitzak, eta bakoitzak bere bizi baldintzak eta ideologia dauzka. Ezin dugu ahaztu inork ez zuela aukeratu biktima izatea eta denek merezi dutela gizartearen errespetua, norbaitek entzutea eta babestea, egin zaien bidegabekeria aitortzea, zauriak sendatzen laguntzea eta jasan duten kaltea nola edo hala konpontzea. Euskal gizartearen baitan, biktima guztiak kontuan hartu beharko genituzke eta koherentzian lan egin; horrek indarkeriaren inguruko hausnarketa egiten lagunduko liguke eta berarekiko arbuioa etorriko litzateke natural.
Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna gizartea zeharkatzen eta bakarka zein taldeka barneratzen ari garen moduan, gizarteko ekimen guztietan ere —politikan, kulturan, hezkuntzan, lan munduan, feminismoan...— biktimak errespetatu eta indarkeriaren berezko oinazea salatu beharko genuke etengabe, hainbeste urtetan zehar hondatutako balioak onera ekarri arte. Eta biktimak aipatzen ditudanean, guzti-guztiez ari naiz: ETArenak, GALenak, eta beste terrorismo eta torturenak. Guztiak.
Beraz, ezinbestekoa da indarkeriaren ondorioei aktiboki aurre egitea. Egunero-egunero hilketen, bahiketen, torturen, mehatxuen, jazarpenaren eta estortsioaren menpean igarotzearen urteetako zama bizkar gainean daramagu. Hori guztia gaindituta dagoela sinistu nahi dugu, ez digula eragiten, baina ez da horrela. Indarkeriak zorigaiztoko aztarna utzi digu eta oraindik askok hura zilegitzen jarraitzen dute, beste askok paso egin, eta zenbaitek «ez zen hainbesterako izan, aizu» diote alai.
Ohiko ezker abertzaleak ETAko presoengan soilik jartzen du argia, egin zituzten basakeriak zilegi zirela esaten jarraitzen dutenengan. Eskandalagarria litzateke jai giroan eta gizartearen aurrean nabarmentzeko manifestazio bat antolatzea bortxatzaile baten, pederasta baten edo hiltzaile matxista edo serieko baten alde, aurretiaz horiek egindakoak gaitzetsi gabe eta beren biktimekiko elkartasunik erakutsi gabe.
Gizarte osasuntsu baten argia biktimarengan jarri behar da, hiltzailearen eskubideak aldarrikatzeaz batera, noski. Gauzak horrela, biktimarioa itzalean geratuko litzateke, bere jokabidea eta egindako delitua ez direlako erakusgarriak. Biktima aldarrikatzea gizarte baten balio jatorrak zurkaiztea da. Biktimarioa aldarrikatzea kontrabalioak zurkaiztea da.
Horri guztiari kemenez eta ausardiaz ekin behar zaio. Horregatik dira hain garrantzitsuak Berri Onak antolatu zuena bezalako jarduerak, iraganari buruz hausnartzen eta gertatutakoa aztertzen laguntzen digutelako; halaber interpelatu eta gauzak hobeto egitera eramaten gaituzte. Idatzi hau Sara Buesaren hitzaldia entzun ondoren sortu zitzaidan galderarekin bukatuko dut. Biktima bat bakean dagoela edo ez duela gorrotorik sentitzen jakiteak lasaitu egiten nauen arren, hori entzuteaz batera galdera bat sortzen zait: zertan lagundu dut nik edo zer egiteko prest nago biktimek beren zauriak sendatzen laguntzeko? Eta zu, zer egiteko prest zaude?