Etxepare Institutuko irakurlea Montevideon

Jalgi hadi plazara… baina ez urrunago

Beñat Torres
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriak zortzigarren probintzia bat balu, zein izango litzateke? Jaka? Salou eta Cambrils? Castro-Urdiales? Ez lirateke hautagai txarrak; baina ez, irakurle maite. Gure historiak oinordetzan utzi dizkigu, esporetan barreiaturik, diasporan, euskal komunitate sano eta askotarikoak, munduko hamaika txokotan. Iritzi hau idazten dabilen honek gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko zortea izan du Montevideon (Uruguai), azken urte eta erdian, Etxepare Institutuaren irakurletza postuari esker.

Baina nekez uzten (eta ahazten) du bere sorterria sustraiak han dituenak, bere gazi-gozo eta guzti. Urtarril amaieran jaso nuen baldintzapeko gonbidapena. Hizketagairako hainbeste eman dezakeen Vascos por el Mundo programa etortzekoa zen bisitan.

Ez nuke esan nahi parte hartzeko baldintza bat jarri nienik, hitzak berak eskakizuna baitakar, diglosiak sorrarazten digun txikitasun sentsazioa enegarrenez irenstea, geronek amesten dugun elkarbizitza linguistiko orekatuari trabak jartzea eta behetik gorako miraz egotera ohitzea, baina kontua argi utzi beharra zegoen. Zeren maite ditugu maite gure bazterrak, baina lanbroaz ere gogaitu ginen aspaldi. Eta gure isiltasunengatik gutxitzen doan gure hizkuntza honek ere badu argi premia. Irten nahi izan genuen plazara, kanpora, mundura, jada orain ia 500 urte; baina antza askorentzat euskara paparreko txantxangorri otzan hori da, gelako sapaian, hegal egiten.

Logikoa irudi lezake euskara eta euskal kultura helarazten dabilenak bere horretan agertu nahi izatea kameren aurrean. Eta gainontzean ere bai, ez nuen zertan irakurle posizio hori aitzakiatzat jarri. Baina erraietaraino sartu digute gure burua justifikatzen ibili beharra, haien erantzun erreakzionarioen beldur, aldarrikapenaren eta edukatuak izan nahiaren balantza desorekatu bezain labainkor horretan, bizikidetzaren izenean, haiek gu gutxiesteko eta zapaltzeko erreparorik ez duten bitartean. Gure hizkuntzak ere badu kristalezko sabai bat.

Montevideon ikasi dut badela euskaldun sentitu eta bizitzeko beste modu bat, hizkuntzaren jabe izan gabe; gehienbat hizkuntza bidezkoak ez diren kultura diziplinen bitartez, euskaldun izatea barren-barrenean sentitzeko sentipen indartsu bat. Badakite hizkuntzaren zutabe garrantzitsu hori falta zaiela, berau eraikitzeko apenas baitaukate hiztun sarerik, baina oso presente dute haien nortasunean. Eta bitartean, gure etxean, euskararen herrian, ikasi, erabili eta zabaltzeko aukerari muzin egin diotenek, erraz asko erantsiko diote euren buruari vasco etiketa. Non dago horren zilegitasuna? Momentuz, nahiago horretan ez busti.

Oraindik hizkuntza aniztasuna oztopo gisa ikusten duten horientzat azpitituluak erabil zitezkeela ere gogorarazi nien. Asko izango direla programa ikusten duten euskal hiztunak. Bigarren kateak ere gizartea euskalduntzeko betebeharra duela (teorian), euskarak behar duela estrategikoki pixkanakako gero eta presentzia zabalago bat kate horretan, eta abar luze bat. Inozoa ni. Kortesiak kortesia («ulertzen dut», «arrazoi duzu baina…» eta halakoak), esperotako erantzuna jaso nuen bueltan. Antza Conquis sindromea ere heldu da programa honetara.

Zer espero daiteke, baina, azkenaldian EITBtik edo beste zenbait instituziotatik datozen euskara eskakizunekiko gutxiespenak ikusita? Soziolinguistika klasetan ikasi nuen hizkuntza politikarik ankerrena hizkuntza politika eza dela, hots, hizkuntza existituko ez balitz bezala jokatzea, ukatzea eta sistematikoki mespretxatzea. Non geratzen da gure herriaren atxikimenduarekiko erakunde publikoek duten erantzukizuna, berau gaitzesten badute? Zer mezu ematen diogu gizarteari, balizko ahalduntze prozesu fidagarri bati, gure nortasuna ezkutatzea normalizatzen badugu?

Nire tokaio batekargi esan zuen pasa den abenduan Illunben: «Euskaldunok begiratzen / badugu ETB2ra / gure erreferenteak / ta izarrak zeintzuk dira?».Eta hala jarraitzen dugu, diasporaren lur hauetan behintzat (eta nago han ere uste duguna baino gehiago), ezarri zaigun iruditeria erromantiko horri itsatsita. Zeren Euskal Herria ez baita bakarrik larre berdeak, etxe zuri eta teila gorriak; igandea astean behin bakarrik izaten da, eta bitartean astean zehar entzuten ditugu oldarraldi judizialen sententziak, euskaraz bakarrik eta euskaraz eta gaztelaniaz (edo gaztelanaiz bakarrik) sortzen duten artisten arteko diru sarrera arrakalak, edo hiztun osoak sortzeko irakasle eta eskola zuzendariek dituzten ezintasunak. Eta berriro gogorarazten digute euskaldun izatea zein nekeza den. 

Hortaz, ez dut ezer jakin nahi euskararen presentzia «Kaixo!» eta «Ongi etorri!»-ra mugatzen duten horietaz. Polit gelditzen dira etxeko felpudoetan, baina mundura irteteko balio ez badie, gutxienez programaren izenari buelta bat emateko eskatuko nieke, koherentziaren mesedetan.

Nire harridurak harritzen nau, baina kosta egiten da bizi dugun errealitate hau ulertu eta onartzea. Zoritxarrez, ondo asko dakigu hau ez dugula bezperatik datorkigun gaitza. Nire beste tokaio batek ere abisatu zidan, orain ia 500 urte: «Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage, eta berze nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteiela lengoaje hartan, nola berze orok baitute eskribatzen berian».

Hortaz, gaurko Vascos por el Mundo programan ez duzue irakurle hau topatuko, nahiago izan baitu bere jarduna anonimotasunean mantendu, bere printzipioak irentsi eta euskara konplexu eta arazo gisa bizi duten horiei men egin baino. Gogoratu ordu bertsuan Herri txiki, infernu handi programa duzuela (ezin hobeto datorkit kointzidentzia testurako, kar, kar), lehenbiziko katean.

Gora Uruguai eta Uruguaiko euskaldunak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.