Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo / Kazetaritza eta konpromisoa liburua hizpide (koordinatzailea: Elixabete Garmendia Lasa; Erein argitaletxea). Reflexivo: zuhur, burutsu; gogoetatsu, pentsakor. Adiera horiek guztiak sartzen dira Ferrerren hausnarketan. Ordea, pentsamendua eta ideologia bereizi behar dira, baldin informazioaren objektibotasuna landuko badugu.
Kazetaritza eta metodoa: konpromisoak konpromiso, ez dago kazetaritza zintzo egiterik, metodorik gabe.
Frankismo garaian abian da jardunean. Trantsizioak trantsizio, demokrazia garaian segitu eta amaitu zuen bere jarduna. Alta bada, nago, demokraziara trantsizioa ez ote den betiereko pasartea. Liburuan «demokraziaren hustuketaz» idatzi dute. Halaz ere, demokrazia betea izan al da inoiz? Nago, ez ditugula «demokrazia» eta «demokraziaren ideia» bereizten. Kasurako, demokraziaren ideia ideala zabaltzen uste dugunean, erreala-ren suerte bat eraikitzen dugu. Erreala. Kazetaritzaren ohiko terminoan: egia. Erreala ez dago eraikitzerik, ordea. Erreala hor dago, berez. Errealera ez dago iristerik, ezta erreala helarazterik ere. Informazioaren egia etengabeko trantsizioan dago. Gertatutakoaren gainean eraikitzen dugun egia azaltzea ez da gure ahalmenean.
Entzule/irakurleen kontzientzien astintzailea. Frankismo garaiko txandako gobernadore zibilaren kontzientzia astintzailea izateaz batera, etakideen kontzientzia-astintzaile bihurtu zen demokrazia deitu garaian. Egin egunkariko lehen zuzendaria izan zen, «baten batek» (*) kargutik kendu zuen arte. Alabaina, hogeita bost bat urte geroago, garaiko ETAko buruzagiek bulegariak, bestela erranik ere harengana jo zuten bide galduan behar zuten argi eske.
(*): «baten bat» delako hori izendatzeko frogak behar dira. Kazetaritza kode etikoarekiko errespetuz, eufemismo-molde horrekin eginen dugu aitzina.
Mariano Ferrer kazetaritzaren eredua eta euskal gatazkaren informatzaile- maisua izan da niretzat. Gaztetan entzuten hasi nintzaionean, informazioaren eredua zen, eta, aldi berean, «ETAzale» ginenontzat, gure kontzientziaren astintzaile. Geroago, helduago jada, jabetu nintzen haren gainean erraniko «ona da, baina ez da guretarra» delakoaz.
«Egia bilatzen duenak hautsa baino apalagoa izan behar du» (Mahatma Gandhi). Gertatuaren egia erreala bilatzen duenak umila izan behar du, alegia. Nolatan umilki jokatu baina nork bere ideiak alboratuz, bere pentsamendua aztoratu barik, objektibotasuna eskaini aldera objektua ez bada argi eta sendo definitua eta zehaztua izan? Nolatan aldarrikatu independentzia egunero, gure barneko ezintasunen dependenteak garenean? Nola izan nor, subjektua eta objektua bereizten ez baditugu? Nola izan nor, subjektua eraldatzea helburutzat hartzen badugu, informatzea objektua/xedea behar delarik? kasurako, Euskal Herria subjektua delarik.
«Jakintza ez da inteligentzia, anartean pazientzia». Liburua, besteak beste, adimenaz, jakintzaz eta pazientziaz ari zaigu. Ferrer kazetariaren ildoan betiere. Haren beste ezaugarri anitz dakarzkigu, alafede. Ildo horretan, honatx: egungo unibertsitateko fakultateek ez dute ahalmenik, ez bitartekorik areago informazio zientziaz ari bagara, egungo munduaren konplexutasuna deszifratzeko.
Munduaren zioa ez da ulertzen gerrarik gabe. Mundua gerran ari da, beroa batzuetan hotza bestetan, alta bada, gerraren klabeak aldatu dira. Jendartea informazioaren klabetan mugitzen da, egungo iturriak arras aldatu dira: Internet, sare sozialak... Espazioa aldatu da eta denboraren abioa ere bai. Erreala espazioaren eta denboraren menpe denez gero, heldu ezina izaki, areago transformatu/transtornatu du pertsonon kontzientzia.
Komunikazioa. Komunismoa. Komunitatea. Hitz horiek erro bera dutelakoan nago. Ferrerren baitan komunitatearen zentzua hagitz errotuta zegoen. Komunitatea osatzen saiatu zen komunikazioaren bidean. Alabaina, hitzen balioa/zentzua aldatuz doazen heinean aldatzen da ere haien izana. Gaur egun, kazetarigai bat, komunismoaren-komunitatearen izana eraldatu dela ulertu ezean, nekez izanen da objektiboa. Informatzerakoan ideologiaren zama gainetik uxatzea nekeza bada, are nekezagoa munduaren eraldaketa eman ez bada norberaren baitan.
Komunikazioaren esparruan jardun nahi duen inori ez aipatu konpromiso hitza, arren. Ezta Mariano Ferrerren konpromisoa eredu bezala ipini ere. Hitzen balioa/zentzua aldatzen baitira aldian, garaiak aldatzen diren legez.
Mariano Ferrerren osteko garaia bizi dugu, egiaren ostekoa. Denok gara ideologia baten jabe, baita botere puska batena ere. Garai hau zer den ez dizut azalduko, liburuan bikain azalduta baitago. Alabaina, bi adibide ekarri nahi ditut ideologiak dauzkan munta eta zama informatzerakoan.
1. Euskal gatazkaren ebazpen bidean, ETAk bere jarduera armatua bukatutzat eman zuen eta, ondorioz, Bake prozesua delakoa abiatu omen zen. BERRIA, Gara/Naiz, Argia... eta abar motz batek baino ez zuten Bake prozesua terminoa erabili. ETBk, buruz ari naiz, ez dut uste Bake prozesua zegoela adierazten zuenik. Gainerako guztiek Bake prozesua zegoenik ukatu zuten. Orain berri, BERRIA-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendik Naiz-en erran duenez, «ez da bake prozesurik izan». Argia-n ari nintzen Bake prozesu delakoa abiatu zenean. Bada, bake prozesurik ez zegoenaren ikuspegitik idaztea, bake prozesua ez zegoela ziotenen aldean paratzea zen.
2. Ikuspegia ez da nirea. Euskalgintzan ari den eragile eta pentsalari baten aburua da. Gaia generoari buruzko informazioari dagokio. Gaiak balio digu gaur egungo informazioaren zioaz eta taxuaz ideia baten egiteko. Bere berbak parafraseatuko ditut: «Espainiako Estatuaren egunkari guztiek, La Razo?n-etik BERRIA-ra bitarte, Hilketa matxista termino bera erabiltzen dute matxismoaren gaiaz ari direnean».
Pertsonok beldurra gara. Gure boterea galtzearen beldur, beldurrak bizi gara. Baita informazioaren jardueran hala aritu ere.
«Mando hilari uzkitik olo». Hori bururatu zait liburuaren irakurketaren hainbat pasartetan.
Azkenik, Mariano Ferrerrekin izandako azken elkarrizketaren lerroburua ekarri nahi dut: «Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio».
Ez da sekula berant!
Jakintza ez da inteligentzia, anartean pazientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu