Jaka Horiek alarma gorria piztu dute Frantzian, eta ikusmina Frantziatik kanpo. Eliseo Zelaietako barrikaden irudiek erakarri dute hedabideen eta ikus-entzuleen arreta, munduan zehar ez bada, Europan. Ezin da jakin zenbat denbora segituko duten Jaka Horien mobilizazioek, zer bilakaera izanen duten edo, bukatzen direnean ere, zer ondorio utziko duten. Argi dagoena da erro sakonak dituen eta epe luzean bukatuko ez den krisi baten sukarraldia dela: krisi politikoa, soziala eta ekologikoa.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea legoke jomugan. Hori baino sakonagoa da arazoa, ordea. Frantziako krisi politiko-instituzionalaren agerraldia da. Nicolas Sarkozyren eta François Hollanderen agintaldiek frustrazioa eragin zuten frantziarren artean. Epe biziki motzean galdu zuten herritarren babesa. Eta Macronen bidea ere hala doa. Hots, nehork ez du lortu hiritarren kezka sozialei egoki erantzutea. Macronen ahulezia politikoaren arrazoia lotua da aurreko bien porrotarekin eta Frantziako hauteskunde sistemarekin. Ohiko bipartidismoa hankaz gora joan zen, sozialisten eta eskuinaren hutsegiteek Le Penen eskuin muturra hauspotu zutenean. Inkestak hasi ziren erraten Macronek zuela aukera handiena Le Penen kontra irabazteko bigarren itzulian. Azken finean, «bozka baliagarria» izan zen Macronen aldekoa. Alegia, Macron ez da Frantziako presidente lider berri eta gaztea delako eta Frantziako hiritarrak liluratzea lortu zuelako. Macron presidente da, «beste aukerarik» ez zegoelako.
Alderdi politikoen krisiaren emaitza da Macronen agintaldia. Eta alderdi politikoen eta sindikatuen krisiaren ondorioa da Jaka Horien mugimenduaren izaera. Liderrik, programa politikorik, aldarrikapen sorta koherenterik eta estrategia argirik gabeko ekimen gisa ikus liteke, nahiz eta sindikatu eta alderdi politiko batzuk ahalegindu diren probetxua ateratzen.
Helburuak nahasiak badira ere, jakina da petrolioak piztu duela sua. Erregaien prezioaren gorakada gehiegizkotzat jotzen dute. Eta kexu dira radarren kontra, abiadura orduko 80 kilometrora mugatzearen kontra... Hilabete bukaerara iristeko zailtasunen errua autoa edukitzearen gastuari egozten diote. Bizkitartean, autoko depositua betetzeko, duela urte batzuk baino askoz ordu gutxiagoz egin behar da lan. Gertatzen dena da, gero eta produktu gehiagori jarri zaizkiela zergak eta gaur egungo kontsumo ohiturek ia derrigorrezkotzat bihurtu dituztela lehen ez zeuden zenbait gastu.
Erregaien prezioaren arazoak, ordea, ez du aterabiderik. Petrolioa gero eta urriagoa da, eta urrearen preziora helduko da epe motz edo ertainean, zerga gehigarriarekin ala gabe. Eta auto elektrikoa ere ez da zinezko alternatiba. Teknikoki ez daude prest, eta prest izanda ere, nondik eta nola ekoiztuko da behar beste argindar?
Jadanik hemen den eta larriagotuko den krisi ekologiko hori erabat lotuta dago, halaber, lurralde antolaketari. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian hirian edo hiri-erdian bizitzea garesti izateaz gain, familia bakoitzak bere etxe propioa edukitzearen ametsa eskuragarri bihurtu zen. Horrez gain, guztiz lehenetsi da autoa, eta erabat baztertu garraio publikoa. Lana hirian dago, erosketak zentro komertzialetan egin behar dira... Aisialdirako, lanerako, kontsumorako eta beste edozertarako autoa behar da. Orain arte, jendeari ez zitzaion axola. Autoa ez zitzaion zama. Hirian bizitzea baino merkeagoa zen. Askatasuna zen. Eta garraio publikoa jarri izan denean edo enpresa batzuek beren autobus zerbitzua antolatu izan dutenean ere, jendeak nahiago izan du bere autoa erabili.
Ulergarria da aberatsenei zergak apaldu ondoren karbono zerga ezartzeak jende xumeen haserrea piztea, ez baitute ikusten zerga horretako dirua bideratzen garraio bide ekologikoetara. Baina denek ulertu behar dugu garraio indibidualaren aroa bukatu dela. Egia da gaur egungo hiri eta lurralde antolaketak zailtzen duela garraio publikoaren egituraketa leku anitzetan; baina ez dago beste aukerarik.
Uko egin beharko diogu bakoitzak gure autoa edukitzeari eta erabiltzeari. Prest ote gaude? Garraio publiko egokirik ez badago, zaila izanen da uko egitea. Beraz, erakunde politikoek ardura itzela daukate. Ez da zentzuzkoa gero eta errepide eta autobide gehiago eraikitzea, eta tren eta autobus zerbitzuen kalitatea eta maiztasuna gero eta apalagoa izatea.
Suitza, Italia, Austria eta Alemaniako mendialdeetan tren zerbitzu on batekin lortzen dute herri txikietako jendea trenez joatea lanera, eta autoa bazterrean uztea. Ohitura horiek zabaldu behar dira, Frantzian bezala Euskal Herri osoan ere. Horretarako, noski, autobus eta tren zerbitzuek erosoak izan behar dute, maiztasun handikoak, 24 ordukoak, herri guztietara heltzen direnak eta elkarren artean oso ongi konektatuak. Eskaintzen den zerbitzuaren kalitateak autoarena bezain ona izan behar du. Hala bada, erregaiaren prezioa ez da bihurtuko etorkizuneko liskarren arrazoi. Has gaitezen pentsatzen zenbat hobetuko litzaigukeen bizimodua, autoaren esklabotzatik libratuko bagina...
Jaka Horiak eta urre beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu