Abuztuaren 3an, Amaiurko errendizioan preso hartutako nobleak sei ziren. Zazpi espetxeratu zituzten, baina. Geroago informatuko zuten Jaime Belaz kapitaina, Amaiurko gazteluzaina, hilik agertu zela ziegan. Nafarroako Erresumaren zerbitzura eman zuen bizitza guztia, eta 1512ko konkistaren aurrean borroka nekaezina egin zuen, hamar urte beranduagoko Amaiurko defentsara arte, non irabazi zuen «ezein naziok sekula irabazi duen ohorerik behinena».
Belaztarrak, Learzako jaunak. Medrano eta Etxauzko Jaime Belaz bere familiaren Iguzkitzako dorretxean (Lizarraldea) jaio zen, 1475. urtearen inguruan, Nafarroako Gerra Zibilaren bitartean, agaramondar eta beaumondarrak borrokan izan zituena. Lehenengoen artean zeuden Medranoko Belaztarrak, Leazarko jaunak, eta Etxauztarrak, Baigorriko bizkondeak. Bere anaia helduenak, Juan, jaso zituen tituluak eta jabegoak, beraz, Jaime bizitza militarrerako prestatu zuten.
Gaztetatik Erregeen zerbitzura. 1497rako Johan III.aren segurtasunaz arduratzen zela badakigu, ezkutari bezala, erregearen konfiantzazko zerbitzuak betez. 1507ko beaumondarren altxamenduaren bitartean (azkenekoa 1512an konkistatzaileei batu ziren arte), Gorteek Jaime Belaz Erresumako Anaiarteko kapitaina izendatu zuten, ehun bat zaldunek osatua ordena publikoa mantentzeko.
1512ko konkista: erresistentzia nekaezina. 1512ko uztailean inbasio militarra hastean, Belazek Johan III.a lagundu zuen Iruñetik atera zenean Irunberrin nafar armada berrantolatzen saiatzeko, eta azkenean, Biarnora jotzea erabaki zuenean. Udazkeneko deskonkista saiakeran parte hartu zuen, lehenik Lizarrako gazteluari lagunduz (erresuma guztian oraindik eusten zuen bakarra), eta errenditu behar izan ondoren, Iruñea askatzeko setioan. Helburua lortu gabe, Biarnora itzuli zen erregea eta beste buruzagi askorekin. Han bizi zela, espainolek traizioa egotzi eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1516ko deskonkista saiakera berrian Pedro mariskalarekin batera Izabako porrot erabakigarria sufritu zuen, ihes egitea lortu bazuen ere, ez mariskala bera eta beste hemezortzi buruzagi bezala. Biarnora itzuli beharko zuen berriz.
Amaiurko gazteluzain. 1521eko maiatzean armada nafar-frantses bat Nafarroako Erresuman sartu zen, eta herriz herri ospatu zuten ongietorria, soldadu arrotzak kanporatuz, Iruñean gertatu zen bezala. Hiru astez Erresuma ia guztia askatzea lortu bazuten ere (Amaiur ez, kasu), ekainaren 30eko Noaingo porrota erabakigarria izan zen lortutakoa galtzeko. Irailean saiatuko ziren berriz, eta El Peñon, Amaiur, Irun-Irantzu eta Hondarribia lortuko zituzten. Negu gogorra izan zela eta, mugak horrela mantendu ziren, borrokaldi gutxi batzuk tartean: Orreagan, Zigan eta Donezteben, kasu. Baina udaren hasierarekin, eta San Martzialgo porrotaren ondoren, Amaiurren aurkako mehatxua indartu zen. Bertan zeuden soldadu frantsesak bere mugak babestera alde egin zuten, bakarrik geratuta bere gazteluzain Jaime Belaz eta ehun bat nafar. Erresumako Altxorzain Antso Esak idatzi zien bezala: «Irabaziko duzuen ezein naziok sekula irabazi duen ohorerik behinena».
Amaiurko defentsan astebetez. Uztailaren 13an, igandea, Amaiurko gaztelua inguratu zuten Nafarroako erregeorde espainolaren peko 5.000 bat soldaduek. Horien erdiak baino gehiago, nafar beaumondarrak, III. Leringo kondea buru. Errenditzeko deiaren ezetza jaso ondoren, erasoari hasiera eman zioten eskailerez baliatuta. Ez zuten ezer lortuko baina, lehenengo hiru egunetan, hildako eta zauritu asko baino. Erregeordea defendatzaileen adoreaz harriturik, «nafarrak zirela» goraipatu zion Leringo kondeak. Amaiur menperatzea azkarra ez zela izango ikusita, 16an kanoikadekin hasi ziren, Baztango herri guztietan entzungo zirenak. Harresian zuloak ireki zituzten, baina nafarrek atzera bota zituzten eraso guztiak, eta espainolen hildako eta zauritu kopurua biderkatuko zuten. Tartean, Anton Alguacil bera, bere izena garbitu nahian 1521ean gaztelua berak galdu baitzuen, eta erregeordea bera, haginak galdu zituela lurrera bota zion harrikada batez, etsiturik erasoetako bat pertsonalki zuzentzen zuelarik. Ehunka nafar gerturatu ziren laguntzera, baina espainolek atzera bota zituzten, eta mendietatik ikusi behar izan zuten setioa. 1516tik aurrera, Nafarroako gaztelu gehienen suntsitze aginduarekin batera, espainolek gotorleku batzuen defentsak hobetzea erabaki zuten, Amaiur tartean. Bertan gehitutako kubo defentsibo bat orain gaztelua menperatzeko traba handiena zuten erasotzaileek. 18an, erregeordeak minatzea erabaki zuen, eta tunel bat egiteari ekin zioten, nafarrek tiroz eta harrikadaz geldiaraztea lortu ez zutena. Bolboraz bete, eta 19an, lehertu zuten. Irekitako izugarrizko zuloa defendaezina zen, eta nafarrek, nekaturik eta asko zauriturik, amore ematea erabaki zuten. Errendizioaren truke, bizitza errespetatzearen bermea besterik ez zuten lortu. Espainolek bere hitza ez zuten bete, baina.
Abuztuaren 3a: preso bat gutxiago. Amaiurko presoak Iruñera eraman zituzten, eta hauen arteko zazpi nobleak Santiago gazteluan espetxeratu zituzten. Abuztuaren 3rako, aldiz, sei zirela badakigu. Kronista batek errendiziotik bi astera kokatu zuen Belaz kapitainaren heriotza. Nafarroako erregeordeak, aldiz, hilabete bukaeran edo irail hasieran jaso zuen Amaiurko gazteluzaina ziegan hilik agertu zelako berria. Burua moztu edo pozoitu omen zuten, bere semearekin batera, Amaiurren borrokan egondakoa hura ere. Eta abuztuaren 11n, Amaiurko gaztelua lehertu zuten, enperadoreak agindu bezala, «harri gainean harririk» geratu ez zedin. Beraien helburua ez zuten lortu, ez baitugu ahaztu ez Amaiurko erresistentzia ez bere gazteluzaina. Jaime Belaz kapitainari, betiko argia!
Jaime Belaz kapitainari, betiko argia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu