Jaia denbora linealean ziklikoki gertatzen den etena da. Hura ez bezala, zirkularra da, sorkuntzazko sinkronia, sakratua. Jatorrizko kaosarekin zerikusia duten fundazional mitoz eta erritoz mamitua da.
Ohiko denboran, diakronian, sozietatea ordenaturik dago, hierarkizaturik; egituraketa bertikala da. Jaian, berriz, kalean —azpimunduan, pertsonal eta kolektibo mailan— datzan kaosaren oldarra nagusitzen da. Bertan, berdinago bilakatzen gaituen eragin horizontatzailea ezartzen da indarrean, denok soka berekoak izatearen zentzua; osasun eta askatasunaren ezaugarriak.
Ordenak, aldez edo moldez, pausarik gabe dihardu jaia kontrolatu beharrez. Partaidetza pasibo eta kontsumitzailea eraginez, kalearen botere eraginkorra murriztuz, jaia katartiko zentzuz gero eta barnehustuagoa izatea da helburua, gertakizun bainoago ikuskizun: espektakulo. Eta sozietatearen osasuna, besteak beste, kaos eta ordenaren arteko erronka horretan islatzen da, zenbateraino dagoen bizirik instituientea eta den demokratikoa instituitutako agintea. Jokoan dagoena, jendarte bizia ala bezatua izatea. Eta, jakin badakigu, bezatua erabilerrazago da, aiseago gertatzen menpeko.
Gure herrian jaia munta handiko jarduera da, sakon txertaturik dago herri-izaeran. Eredu nagusia sanferminak dira, baitezpadako erreferente Euskal Herrian, eta are inguruko herrialdeetan; gaur egun, ia mundu osoan. Ludikotasunaren meeting point unibertsala izaki, elkartasuna nabaria baita: jaira datorrena irunsemealaba bilakatzen da.
Jai aroaren hasieran, Georges Balandierri jarraiki, «erritozko jazarkundea» ongi frogatua da kondairan zehar; aginte eta ordenaren behin-behineko iraulketak sozietatea jatorrizko iturburuetarat eraman ohi du, haren eraberritze eta trinkotzea segurtatuz. Sanferminetan, edozein dela ordena, talka hori riau-riaun gauzatzen da, jaia lehertu eta gutxira, agintea eliz-bezpetara abiatutakoan. Azkenean iristea lortzen badu ere, frogatuta geldituko da jaian kalea dela nagusi. Handik aitzina, garatu daiteke besta, zazpi gau eta egunez.
Azkar kaosaren irudikapen berezia nagusituko da jaian: zezena. Greziako mitologian Dionisos lotua dager zezenari eta ardogintzari. Haren irudikapena hirukoitza da: neguan sugez, udaberrian lehoiez eta udan zezenaz, indar basaren eredu, sexuzkoa barne. Zezenarekiko josteta eta festen ondoren, animalia totemikoa erail eta jan ohi zen Egeon barnako orgiazko jaietan, ludikoak bezainbat izugarriak. Eta sanferminetan antzera gertatzen da... 30 mende geroago, eta, harrigarriki, errepresentazio bilakatu gabe. Oraindik ere, Dionisos karriketan barna libro uzten da, kaosarekiko erritoa betez, jendarte berrituta birsortu izan ahal dadin; onartuz, gainera, jaiaren alde on eta txar guztiak: arrisku biziak, mozkorkeria, zikinkeria, zarata, gehiegikeria... Jakina, ariketa ezinago osasungarria, pertsonal eta kolektibo mailan.
Arratsaldean korrida, Iruñean XVIII. mendean indarrean ezartzen den espainiar eredua. Aurretik, Kretan ospatu ohi ziren jokoen antzekoak omen ziren libertimenduak (jauziak, iskintxoak, etab). Oraindik ere, «vasco-landesa» deritzan korrida hori baino ez da. Sanferminetan urteoro programatzen da, areago Lapurdiko zenbait tokitan eta Gaskoinan. Ilunabarrez, alde zaharrean zezensuzkoa dabil mutiko eta neskatilen gibeletik, izialdura eta jostetaren bitartez haur-iniziazio gisakoa garatuz. Hor, garai bateko egiazko zezenak sua eta guzti, izatetik (oroit minotauroz) kartoizko irudietara pasatu da. Animaliarekiko sentiberatasuna aldatuz doan ber, horrelatsukoa izanen ote etorkizunean beste zenbait jardueraren bilakaera?
Beste atal berezia erraldoi eta kilikien konpartsarena da. Egunero ibilbide desberdinak eginez ia hiri osoa zeharkatzen du, berau sakralizatuz; hondarrean hiria «lotua» gelditzen da, trinkotua. Hasmentako adimenarentzat —haurrarena eta sozietatearena—, erraldoiak behialako balizko arbasoak lirateke, eredutzat hartuak eta jaietan egunero dantzan erritozko babesa hedatzen dutenak, doinu zaharrak lagun eta pertsonaia bereziez inguraturik: zaldikoak, kilikiak, buru-handiak, musikariak...
San Fermin eguneko prozesioan berezia da konpartsaren partaidetza. Ikono berria egungo erlijiozko ikusmoldeen araberakoa da (nahiz historikoki existitu ez). Harekiko atxikimendua atabikoa da, behialako arketipoarekin erlazionaturik baitago (agian itzain/artzain primordiala, lugintzan beztua, hortik kolorea). Ikono berriaren inguruan sozietatearen osotasuna azaltzen da plazan, kaosa eta ordena. Erditsuan, La Pamplonesa musika banda, zubiarena eginez. Aurretik, zaintzalez inguraturik, suerte guztiko agintariak, hots, ordenamenduaren ordezkariak, tartean San Ferminen irudia. Atzetik, konpartsa, kaosaren ordezkariak. Elizara iritsitakoan —ordenaren zutabe nagusia— agintarigoa sartzen da. Kaosa, aldiz, ez, berezko duen espazioan gelditzen da, karrikan. Mezatik landa, San Ferminen irudia elizan utzi eta gero, berriz martxan jartzen da prozesioa katedraleruntz, konpartsa aitzinetik doala. Sozietatearen fundazional erritoa ospatuz, beraz, ludikoki eta jai giroan.
Hori dena bizirik dago sanferminetan. Sekulako jaia izateaz gain, osasun- eta askatasun-iturri da, bertakoentzat eta gainontzekoentzat. Baina eraso eta arriskuak, eragindako higadurak, handi dira. Hortik kalearen ordezkaritza jaiaren gakoez jabetzearen garrantzia, transmisio-dinamika egokia eratzea ardura dutenen artean. Ordenarekiko tentsio/elkar-lana, ondotik baizik ez daiteke etor.
Orain, jai giroan gabiltzanez, osasungarriena bertan murgiltzea, kaosean «galduz» gerta bailiteke geure burua «aurkitzea».
Jaia eta sozietatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu