Koronabirusarekinbatera, ez-jaiak gure hiztegian eta gure bizitzan sartu dira. Marc Augé antropologoak asmatutako ez leku kontzeptuaren oihartzuna du ez-jai terminoak. 1992. urtean Augék non lieux aplikatu zien alienazioa ekoizten duten toki erraldoi eta inpertsonalei: aireportuak, adibidez, non espazioa pasagune bat den, atrezzoa aseptikoa, argia artifiziala denbora igarotzeaz jabetu ez gaitezen, pertsonen arteko harremanak arin eta azalekoak. Augéren arabera, ez-leku horiek hustu egin dituzte bizitza sozialaren esanahi sinboliko guztiak.
Hala ere, Jorge Oteizak ezaren garrantzia erakutsi eta esploratu zuen, berarentzat hutsunea zen ikas eta sormen objektua. Bere obretan, forma geometrikoek sortzen duten espazioakzentralitatea hartu zuen, hutsunearen sinbolismoa agerraraziz.
San Sebastian bezperan —egunean ere bai—, EITB1 kateakDonostiako Konstituzio plazaren gaueko hamabietako hutsunea erakutsi zigun. Kazetariak behin eta berriro aipatu zuen beste urteotan jendez gainezka eta musikaz beteta izaten den plaza hutsik zegoela. Haizeak bultzatuta, plastikozko poltsa bat baino ez zen ibili, airean jolasean, kazetariaren hitzak gezurtatu nahin bezala. ETBk iazko irudiekin bete zuen plaza. Tarteka, Viktoria Eugenia antzokian antolatu zuen danborradaren musika eskainiz. Hurrengo eguna arte ez genuen ikusi gazteen ez-jaia, plazan berean, mozorrotuak ez baina musukoak jarrita, San Sebastianen martxa kantatuz, saltoka eta dantzari… baita poliziaren karga gogorra ere.
Argi dago espazioaren hutsuneak zenbait gauza esaten digula. Plaza festiboaren hutsuneak eta jaiak sortzen duen konglomerazioen ezak pandemia eta bere kudeaketa adierazten ditu. Baina ez-jaiak berak ez du esan nahi jaiaren eza, beste mota bateko jaia baizik, non erritual berriak sortzen diren. Batzuek, ezarritako ordena mantentzen dute —Viktoria Eugenian antzezten zuena, alegia—; beste batzuek, arauak zalantzan hartzen dituzte, gazteek egin zuten bezala. Ordena hankaz gora jartzea eta kaosaren aurrean egonkortasuna eta segurtasuna ematea dira jaien bi aurpegi ezagunak. Hurbiltzen ari diren (ez-)inauteriek anbiguotasun hori ederki erakusten digute: Iturenen eta Zubietan, urrutira joan gabe, joaldunek ordena ordezkatzen dute, erritoa eginez, lurra eta hartza esnatzen dituzte, neguko espiritu gaiztoak uxatuz, mozorrotuek bizitzaren alde basatia eta munduaren kaosa irudikatzen dituzten bitartean. Joaldunek zein mozorrotuek ordena eta kaosa alderatuz, bailara bukaeraren horretan, negu gorrian, bi herrien arteko harremanakindartzen dituzte, barne komunitatea sinbolizatuz eta kanpotik etorritako ikusleekin, une bateko communitas sortuz.
Esan dezakegu jaien funtzioa, besteak beste edo batez ere, gure ingurukoekin elkartzea dela, komunitatea eraikiz, besteen presentzia baloratuz eta disfrutatuz. Ez da ezer berria esatea Homo sapiens animalia soziala dela, baina badirudi —primatologoen azken ikerketen arabera— ultra-sozialak garela. Haurren eta primateen jarduerak alderatuz, Michael Tomasello psikologoak, European Journal of Social Psychology-n argudiatu du elkar-lanean oinarrituta dagoela gizakion soziabilitatea. Soziabilitateak elkarrekin egitea dakar, bai lanean eta baita festetan ere, baina antropologiaren ikuspegitik, jaiak ospatzea ez da bakarrik elkartze baten aitzakia.
Elkartzetik haratago, ospakizunak erritualak dira, errituz eginak; errituak sinboloz osatuak dira, eta sinboloek esanahia ematen diote gure jarduera sozial orori. Cassirer filosofoak zioen gizakia animal symbolicum dela, ezin baita humanitatea ulertu, berak sortutako unibertso sinbolikoaren bidez ez bada. Sinboloen bidez gure ekintza guztiei zentzua ematen diegu.
Alde sinboliko hau kontuan hartu nahi nuke pandemia eta konfinamenduaren garai honetan, noiz zaila egiten zaigun etxean geratzea, lagunekin ez elkartzea eta gure bizitza soziala gelditzea. Oso erraz seinalatzen ditugu gazteak —ezin baitira festarik gabe bizi— edo familiak —nahi eta nahi ez elkartu baitira jai egunetan—. Urtarrilean entzun izan dugu Gabonetako efektuak eragiten duela Coronavirusaren hirugarren olatuan, batzuek beste batzuei errua botatzen dietela, arduragabeak izan balira bezala. Zergatik, bada, hainbeste kostatzen zaigu ez ospatzea gure ohiko jaiak —Gabonak, urtebetetzeak, auzoko festak— edo ez-ohiko ospakizunak —ezkontzak, graduazioak— ohi dugun moduan?
Galdera honi erantzuna emateko, esplikazioa erritualetan bila dezakegu. Azken finean, gure bizitza erritualez josita dago eta ospakizun guzti hauek sinboloz osatuak dira. Jakina, elkartzeko aitzakia dira askotan eta elkartzearen plazerra ez dugu ukatu behar, baina horrez gain, badute funtzio sozial eta sinbolikoa: erritualen bidez jasangarriagoa egiten da pairatzen ari garen egoera pandemikoa.
Agian esango didazue erritualak ezohiko esferan kokatuta daudela, ezohikoak direla, loturarik gabeak: igandetan, jai egunetan, egun seinalatu batean egiten direlako; espazio jakin batzuetan (elizan, herriko plazan, prestatutako etxe batean…), eguneroko bizitzatik at gertatzen direla, ez dutela zer ikusirik eguneroko arazoekin, pandemiarekin. Gehituko duzue erritualek barne dinamika bat dutela, ez dute inguruan eragiten. Horregatik, ez badira ospatzen, ez da ezer gertatzen, eguneko bizitzak bere bidea jarraituko du eta.
Nik, berriz, erantzungo nuke erritualak bizitzaren erdi-erdian kokatzen direla. Alde batetik, denbora markatzen dute, ez bakarrik egutegia antolatzen dutelako, baizik eta denboraz kanpoko denbora berezi baten sartzen gaituzte. Bestetik, segurtasun faltaren aurrean, zalantzazko garaietan, erritualek —taldeak ezartzen duen moduan errepikatzen diren jarduera konpartituek— ematen dute kontrolpean dagoela gure bizitza, eta lasaitasuna emango digute pandemiak sortzen duen kaosean. Berdin zaigu ordenaren sentsazioa egiazkoa den edo ez: efektua da garrantzitsua, efikazia sinbolikoa lortuko dugulako, antsietatea arintzeko adibidez. Azkenik, erritualak kolektiboak dira eta haragizkoak, elkarrekin, gorputzekin egiteko modukoak. Arropa bereziak janzten ditugu, aurpegia apaintzen dugu, elkarrekin mugitzen gara, elkarrekin kantatu eta dantzan egiten dugu.
Nola gorpuztuko dugu haragirik gabeko ez-jaia? Hutsunea zer nolako erritualez osatuko dugu? Ospatu ala protesta egin, zer-nolako esanahiz beteko ditugu?
Jai eza, esanahiz betea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu