Jacinto eta Felipe

José Luis Díaz Monreal
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela 69 urte, 1944an,Jacinto Ochoa eta Felipe Celay, Nafarroakoak biak, lehenengoa Uxuekoa eta bigarrena Abaurregainakoa, preso zeuden San Kristobal gotorlekuan, garai hartan Sanatorio Penitenciario esaten ziotenean, eta, irailaren 6an, handik ihes egin zuten, zinemako gidoirik onenaren xehetasun eta imajinazioarekin egindako plan bati jarraituta.

Jacinto parte hartua zen aurretik San Kristobalgo ihes handian, 1938ko maiatzaren 22an.

Biek ihes egin, eta, Erroko mendatetik eta Abaurregainatik igaro eta gero, Frantziako mugara iristea lortu zuten bi egunen buruan.

1936ko uztailetik, hainbat kartzelatan egonak ziren, eta gorriak pasatakoak ziren biak. Hala ere, hain ziren sendoak haien sinesmen errepublikano, sozialistak eta antifaxistak, non aste gutxiren ondoren Nafarroara itzuli baitziren, eta Agrupación de Guerrilleros Españoles (AGE) taldeko kide egin ziren; maki esaten zieten. Haren helburua herri matxinada bat sorraraztea zen, eta Francoren erregimen diktatorial eta hiltzailea eroraraztea.

Gauzak ez ziren ondo atera; Felipek, zailtasunak gorabehera, Frantziara itzultzea lortu zuen, eta, ondoren, Txilera lekualdatu zen; han, bizitza berri bati ekin zion.

Jacinto, hamabost egunez Nafarroako mendietan batera eta bestera ibili ondoren, jatekorik gabe, hotzak hartuta eta Armadak, Guardia Zibilak eta Polizia Armatuak esesten zutela, azkenean atxilotu egin zuten azaroaren 4an beste lau kiderekin batera, sakan batean, Abelu mendiaren ondoan, Igantziko Bentetatik gertu, eta Donostiako Ondarretako espetxera eraman zituzten.

Jacinto atxilotzen zuten laugarren aldia zen; lehen aldiz, 1936ko uztailaren 19an atxilotu zuten Iruñean; gero, 1938ko maiatzaren 24an Soraurenen, gotorlekuko lehenengo ihesaren ondoren; eta, horren ostean, 1942ko urtarrilean, berriz ere Iruñean.

Ordura arte, San Kristobalgo kartzeletan izan zen, bi alditan, baita Probintziako Iruñeko Espetxean eta Madrilgo Yeserías eta Porlier espetxeetan ere. Gero, Ondarretan, Carabanchelen, Puerto de Santa Marian eta Burgosen izan zen. Hala ibili zen 1964ko azaroaren 4 arte; guztira, 26 urte eta 10 hilabete. Francoren diktadura faxistan kondenarik luzeena bete zuen presoa izan zen.

Bihotzez uste dut garrantzitsua dela Jacintok eta Felipek zituzten ideia eta ametsak berreskuratzea. Askatasun eta justizia sozialez betetako ametsak, Bigarren Errepublika erregimen demokratikoan hezurmamitu zirenak.

Amets eta ilusio suntsituak, gaur egun urteetako borroka gogorren ondoren lortutako aurrerapen sozialak suntsitzen dituztenek berberek suntsitutakoak.

Memoria historikoa herri baten identitatea eta iraunkortasuna bere hartan gordetzen duen ekintza bat da; (askotan odolbidez) ikasitakoa ez ahaztea da; iraganeko okerrak ez errepikatzeko bidea da.

Jacinto Ochoa, Felipe Celay eta Bigarren Errepublikaren alde borrokatu ziren kide horien guztien oroitzapenean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.