Europar elkarrizketak ekimenaren programazioaren barruan gaur, irailak 29, Donostian izango da Javier Solana, NATOko Idazkari nagusi ohia eta Europako Batasunak Atzerri Politika eta Segurtasunerako izendatu zuen lehenengo goi-ordezkaria. San Telmo museoko aretoan egingo den solasaldiak polemika sortu du oraingo honetan, eta Komite Internazionalistek protestarako kontzentrazioa antolatu dute museoaren sarreran mahai ingurua hasi aurretik.
Unibertsitateko kide, euskal herritar eta demokrata gisa ez dut inolaz ere gaitzesten herritarren kontzentrazio bidez adierazitako ikuspegi kritiko hori. Alderantziz. Ideologia, pentsaera, adierazpen eta manifestazio askatasunak demokraziaren muina babesten duten altxor gisa defendatu beharreko balioak dira, erregimen politiko horrek bere izena eta izana mantenduko baditu bederen.
Prebentzio gisa sekula isildu ezin den gizarte adierazpidea da protesta. Voltaire-ren XVIII. mendeko hitzak gogora ekartzeak merezi du: «Gorroto dut zure iritzia, baina hil arte defendatuko dut hura adierazteko duzun eskubidea».
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektua osatzen duten balioen funtsa da, hain zuzen ere, herritarren adierazpen askatasunerako eskubide horren defentsa. Nire proposamena, eta hiritar gisa egiten dudan apustua, herritarren protesta eztabaida ireki eta kritiko bihurtzea da. Muga bakarra jarriko nuke: guztion askatasun indibiduala errespetatzea, gaur hizlari izango dugun Javier Solanarena barne, noski. Eta nire esku dagoen guztia egingo dut erronka hori bete ahal izateko, gaurko saioan neuk izango baitut debatea zuzentzeko ardura.
Javier Solana bezalako pertsona bat gonbidatzeak ez du esan nahi haren ideologiarekin bat gatozenik edota goi-mailako ardura geopolitikoak zituen garaian hartutako erabakiak onartzen ditugunik, ezta Europaren Segurtasun eta Defentsa proiektua babesten dugunik ere. Javier Solana gonbidatzeak ate bat irekitzen du eztabaidarako, iritziak kontrastatzeko, fundamentuzko arrazoiketarako, bestelako ereduen defentsarako eta baita Europari eta munduari buruzko iritzien eta ikuspegien zein Euskadik globalizazioaren testuinguruan duen paperaren argazki plurala egiteko ere.
Hitz hauen bidez elkarbanatu eta publikoki adierazi nahi dudan erronka zera da, guztiz zilegi eta demokratikoa den protestan parte hartuko duten herritarrak ondoren egingo den eztabaidan parte hartzera gonbidatzea. Nahi izanez gero, bertaratu daitezela, parte har dezatela, euren iritziak adieraz ditzatela eta entzule guztiei euren ikuspegi kritikoa eta gizarte eredua azal diezaietela. Ez da ongi geratzeko itxurakeria. Arratsaldeko saioaren moderatzaile gisa egiten dudan keinu zintzoa da.
Gure konpromisoa da, Donostia 2016ren nortasunaren ezaugarria ere badelako: desadostasunarekiko errespetuz eztabaidatzea, ideologia pluraltasunak sendotzen duen gizartean elkarrekin bizitzea, manifestazio bidez kritika egiteko ahalegina elkarbanatzea eta, nahi izanez gero, kontrako argumentuak eta printzipio alternatiboak adieraztea.
Hausnartzera eta Solanarekin aurrez aurre eztabaidatzera gonbidatzen zaituztet. Errefuxiatuen krisi humanitarioa eta haren jatorria, mundu osoko erronkak, Europaren eta Estatu Batuen arteko merkataritza librerako akordioa eta haren arriskuak eta aukerak, klima aldaketa eta haren zergatiak... eztabaidarako gaien agenda irekia da, eta ez da gaur itxiko. Irekita jarraitu beharko du gainera, guztiok arazoez jabetu gaitezen eta irtenbideak proposatu ditzagun.
Guztion ekarpenek aberasten dute eztabaida. San Telmo Museoko eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiruburuko ateak zabalik daude ideiak, proiektuak eta gizarte-ereduak aurrez aurre jartzeko, guztion artean eraiki behar baititugu, aniztasunean elkarturik. Denok izango zarete ongietorriak.
Jabier Solana Donostian: eztabaida eta adierazpen askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu