Hamar bat hilabete dira Izurriari buruzkoak idatzi nuela koaderno baten lehen orrian. Zirriborroen kaier bat da, pentsamendua argitzen laguntzeko itsu-gidaria. Honezkero, bete du giza-jendeon haurdunaldi oso bat, baina ez da erditu: oharrak pilatzen doaz, baina ez dakarte ondorio argirik. Dudak eta galderak ugari dira, erantzunak eta ziurtasunak eskas. Zirriborroen koaderno kronifikatu bat. Garaiaren aldarte berekoa (uste dut).
Hala eta guztiz, ohar zirriborratu horietako pare bat zuengana ekarriko ditut, Donna Haraway pentsalaria gogoan, ezagutzarako bidea elkarrizketa, ideia trukatzea, delakoan.
Normalitate berrian,zaharrak berri
Lehen vs orain. Pandemia aurrekoa vs pandemia ostekoa. Bizimodu normala vs egungoa —eta egungo horretan, elipsian, anormala; eufemismoan, normalitate berria—. Ezustea. Shocka. Mugarri bat gizateariaren denboran. Hala bizi dugu, bederen, milioika jendek, batik bat, planetaren ipar eta mendebalde ardatzetan kokatuek. Baina atzera begira jarri —demagun orain urtebetera— eta distopia aroa zen hura ere. Geure luzapen onartutako pantailetan distopiak ikusiz, distopiei buruz solastatuz, eta distopia horietan marraztutako desmasiaren aztarnak geure egunerokotasunera hurbiltzen sumatuz bizi ginen: prekaritate gorrira erorien banda gero eta zabalago, eusten ziotenena gero eta murritzago, euste hutsean gero eta autozentratuago, bakartuago.
Parte batean, jabetuta geunden gure eredu ekonomiko eta soziopolitikoaren egiturazko akatsaz. Usnatzen genuen ekoizpen, kontsumo eta ustiapen hazkor eta geraezinean oinarritzen diren gure bizimodu, balio zein desirekin errekara gindoazela. Baina bestelako eredurik gauzatzeko ez ezik, irudikatzeko eta desiratzeko ere ezgai, hondamendiarekin ezkutaketan genbiltzan: oraintxe Greta izeneko neskato suediarra munduaren salbatzaile izendatuz, oraintxe Mundua axolagabe bezain konpultsiboki kontsumituz. Are, aldarri kolektiboetan gehiagoren jabe izatetik haragoko ongizate biderik ezin asmatuz.
Hori ere bazen hainbeste desiratzen dugun normalitatea. Edo, akaso, normalitate berria ez da normalitate zaharraren aldaera indartua besterik.
Zientziaren teologia
Pantailetan begia jartzea besterik ez dago ohartzeko mundua on eta txar manikeoan banatzeko joera zabalduari aldaera berri bat ekarri diola izurriak: zientziaren aldekoak, batetik; gainerakoak, bestetik —gainerako askotarikoei emandako izenak hainbat: negazionistak, magufoak, lurlauzaleak…—. Zer diren gauzak: zientziaren aldekotzat ez ezik zientzia zaletzat ere badaukat neure burua, absolutu eta dogmak itogarri zaizkidalako, galderak erantzunak bezain garrantzitsu direlakoan ezagutzarako. Baina azken boladan lurlauzale izendatua izateko arriskuan sentitu dut neure burua, izurriaren gaineko narratiba nagusiak sortzen dizkidan zalantzak direla eta —badaitort, zirriborroen koadernoko lerrook ere beldur beraz ari naizela jendaurrera ekartzen—.
Hau ere ez baita oraingoa: zientzia—ezagutzarako metodoa— zientzia positibora —natura humanoon zerbitzura menderatzeko tresnara— murrizteko joera. Murriztu ez ezik, zientziaren ikuspegi eta praktika zehatz hori absolutu eta dogma bihurtzekoa ere: humanoon salbatzaile hutsezin, antzina jainkoa(k) nola. Jende modernoon hezurdura emozionalean erabat inskribatutako sinesmena baita natura geure probetxurako emana zaigula. Unibertsoa amaigabe hedatzen irudikatzen dugun soraiotasun beraz irudikatzen dugu gizateria handitzen, infinitura arte. Ez dugu, bada, aurrerabidea hazkundearekin alferrik nahastu azken mendeetan… Eta, halaxe, esperientziak eta zintzotasun zientifikoak besterik erakusten diguten arren, infinitu ustekoaren —eta ustekoon— amaikortasun ahula behin eta berriz agerian utziagatik, hazkundearen fedeari heltzen diogu tematuta, zientziaren ikuspegi positibista bide.
Alde horretatik, izurria, autogezurraren kontrako zaplada izan dugu bolada batez. Enkantamendua hautsi zela ematen zuen, esaterako, balkoien elkartasun iraultza garai hartan. Laster etorri dira, ordea, urak lehengora. Eta, oraingoz orain, pentsamendu marko gisa zientziaren ikuspegi positibista indartzea da izurriaren ondorio behinena, zientziaren teologia irmotzea. Erreparatu kontakizunari: txertoaren bidez humanoa berriro ere birusaren kontrako gerran garaile, natura bihurriaren menderatzaile… Beste urrats bat hazkunde infinitura.
Badaezpadako argibidea: nire burmuin kartesiar xamarrean ondo kabitzen dira txertoak; ez, ordea, sindemiaren konponbidea horretara urritzea, hazkundearen arazoari —eta desazkundearen irtenbideari— zientzia teologizatuaren txakur-ametsaz enegarrenez izkin egitea. Deigarria zait, adibidez, narratiba ofizialetik milímetro bat apartatzea zeinen erraz berdindu den negazionismoarekin eta lurlauzale izatearekin, uztai politiko osotik. Zientziaren teologizazioan guztiak bat, agidenez. Halaber, harrituta ikusi dut oso minoritarioak diren jarrerei —egiazko jarrera negazionista edo lurlauzaleei, esaterako— zenbaterainoko hauspoa eman zaien, eraldaketarako baliatu beharreko zenbait energia xahutu ditugun egurketa horretan. Cui prodest? galdera zaharra datorkit etengabean.
Ondoriorik ezean, kezkaz bizi dut, hooliganismo soziopolitiko arriskutsuen bazka diren aurkaritza binario eta antzuak belar txarren abailan sarritzen ari zaizkigun garaiotan, nola ari garen geure pentsamenduaren logikatik ezabatzen azken hamarkadetan zientziaren irakurketa positibista huts hori auzitan jarri duten berrikuspen epistemologikoak. Hain zuzen, dogmez haraindi pentsamendu kritikoaren elikagai direnak, autoritarismoaren kontrako txerto.
Izurriaz, zirriborroen koadernotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu