Azken urteotan Europan jihad aldarrikatzen dutenek egindako erasoak hildakoak eta zaurituak utzi dituzte eta, gobernuen eta hedabideen laguntzaz, izu-ikara zabaldu dute. Erasoak direla eta mendebaldeko Europan inoiz ez bezalako izua zabaltzen ari da, noiznahi eta nonahi. Badirudi salbuespenezko izu-egoeran bizi garela. Aurten, 2017an, Sevillan eta Malagan (Espainian), aste santuko prozesio jendetsuetan izuak eragindako ihesaldietan ehunka zauritu gertatu dira. Turinen (Italian), San Carlo enparantzan jendetza bildu zen Europako Txapeldunen Ligako azken futbol partida ikusteko, halako batean, jendea izuturik ihesari eman zion, zergatik gertatu zen ez dago argi; ondorioa, 1.500 zauritu. Erasotzailerik dagoen ala ez, erasotzaileak nortzuk diren eta non dauden ez badakigu ere, Europako herritarrengan beldurra errotu da. Baina, nola zabaltzen da beldurra?
Beldurra, berez, emozioa da, gorputzaren erantzun organikoa sorrarazten duen emozioa, alegia. Beldurra ere, maila batekoa edo bestekoa, nortasunaren osagaietakoa da. Oro har, guztiok diogu beldur zerbaiti, norbaiti edo egoera jakinari, maila batean edo bestean, esan dugunez. Neurri batean, beldurrak moldatzen digu gure portaera eta, orokorrean, arriskuetatik babesten gaitu. Gehienetan, zehaztu behar dugu. Beldurrak kontserbadore eta mendeko egiten gaitu, egoera egonkor, ezagun eta lasaiei lotzen gatzaizkielako. Beldurra, bada, pertsonen kontrolerako lanabesik eraginkorrenetakoa da. Adibidez, emakumeen aurkako biolentziaren oinarrian beldurra dago; beldurra da tratu-txarren eragileen kontrol tresna. Beldurra da biktimari tratu-txarren eragilea salatzea eragozten diona. Maila jakinetik gorako beldurrak arrazoibidea lausotu egiten du, indargabetu. Beldurrak kateatu egiten gaitu, literalki. Beldurra, lagun makurra, dio atsotitzak.
Politikagintzan beldurraren eragina eta izuaren indarra aspalditik ezagutzen dira; gobernuak manupean izan baititzake pertsonak eta jendartea beldurraren bitartez. Diktadurak, adibidez, biztanleriarengan sorraraziko beldurra erabiltzen du botereari eusteko. Isiltasuna, otzantasuna eta menekotasuna beldurraren bitartez lortzen dira. Diktadura ezagutu dugun euskaldunok ondo dakigu beldurra zer den, nola baldintzatzen digun bizimodua harik eta euskara bazterrean uzteraino azarorik ez izateagatik.
Izua, ordea, beldurretik haragokoa da. Esan dugunez, beldurra norbanakoarena da, izua, berriz, taldekoa da, kolektiboa, alegia. Hiztegi terminologikoan irakurtzen badugu, izua, berehalako edo hur-hurreko arrisku batek eragindako beldur eta ikara izugarria, bat-batekoa, eutsiezina, larritasun eta aldaketa fisiologiko nabarmenak dakartzana da.
Esanak esan, izu-ikara zabaltzeko, ezinbestean, arrazoi batek behar du: jendearen beldur-objektua behar da. Kasu honetan terroristen eraso bortitza gertagarria izan daitekeela sinetsi behar du jendeak. Beldur hori ezinbestekoa da jendetzan izu-ikara zabaltzeko baina ez da nahikoa, ordea. Gobernuen eta hedabideen parte hartzea behar-beharrezkoak dira izua zabalduko bada. Esan genezake erasotzaileek izua erein egiten dutela, hedabideek ongarritu eta gobernuek jorratu. Izua zabaltzea erasotzaile terroristen helburua da, jakina, baina eurek bakarrik ezin lor dezakete; hedabideak behar dituzte izuaren mezua zabaltzeko. Hedabideek erakusten digute erasoa minutuz minutu, zenbat hildako, zenbat zauritu, zenbat erasotzailea, nolako armak eta abar; hedabideek eurek interpretatzen dizkigute erasoen kalitate txarreko irudiak esanez gure sentsibilitatea urratu dezaketela. Hedabideek beraiek esaten digute tankera horietako erasoak saihestezinak direla, polizia, armak eta errepresio gehiago behar direla, bai, baina edonon eta edonoiz gerta daitezkeela eraso horiek, guztiok gaudela arrisku egoeran. Hedabideek, behin eta berriz, esaten digute herritarrok babesgabe gaudela, gobernu indartsuagoak behar ditugula. Horrela, gobernuek goren mailako alarma egoera aldarrikatzen dute, polizia eta arma gehiago, armada kalera atera eta susmagarriak diren pertsonak, auzoak eta bizilekuak jazarri. Horra hor izu-ikararen gurpil-zoroa: erasoak, erasoen mehatxua, mehatxuen hedapena, mehatxu-giroa zabaldu, ageriko zaintza armatua eta kontrola ezarri eta, azkenik, jendearengan beldurra errotu eta izua piztu.
Aurre egin diezaiokegu izuari? Ez da erraza. Izua kutsatu egiten baita. Jendetzaren murgilean gaudenean bat egiten dugu multzoarekin, berarekin batera mugitzen gara, norabide berean ihes egiten dugu, jendetzaren emozioak irensten gaitu eta jendetzarekin bat egiten dugu. Jendetza izuaren menean dagoenean manugaitz bilakatzen da. Izua saihesteko babesleku bilatu behar dugu, jendetzatik apartatu, ahal dela, arnasa lasai hartu eta arrazoibideari ekin.
Edozein kasutan, izu-ikararen arriskuez gobernuek eta hedabideek daukate erantzukizunik handiena. Beldurra zabaltzen badute, beldurra erabiltzen badute teleikusle gehiago izateko edo botere handiagoa edukitzeko izuari bide ematen baitiote. Bosteko eskala batean laugarren mailako beldurrean nahi gaituzte, izu-ikaratik urrats txiki batera.
Bada beste ikuspegi eta modu izuez hitz egiteko. Joseba Sarrionaindiak idatzi zuen Izuen gordelekuetan barrena poema-liburua. Liburu horretako olerki bat Izu zaharren gordelekuak:
Europako ostatu itzaltsuetan
iragan ditut gauak,
estaldura zarpailtsuko
ohe kraskakorretan etzanik,
gauetik gauera haunitz gorputzek
moldaturiko zuloetan.
Oraindik oroitzen ditut
ateetako ohol eiharrak
horma urdindu bilutsiak
zurezko eta sitsezko armairuak:
izu zaharren gordelekuak.
Izu-ikara, laborria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu