Denok gogoratuko duzue gure poeta existentzialista handiak idatzitako poema hura: Izarren hautsa. Xabier Letek 1974an argitaratu zuen eta berehala kanta bihurtu zen Mikel Laboaren eskutik eta ahotsetik. Poetak, existentzialismo eta immanentismo puntu batekin, bizitzari berari egin zion poema bat bezala ulertu izan dut beti. Badakit beste batzuk langileagoari, marxismoari eta, batez ere, materialismoari egindako poema bat bezala hartu ohi dutela. Halaber, hori ere bizitza da.
Ez dut uste Xabier Letek Izarren hautsa idazterakoan, maitagarriek eskuetan darabilten makilatxoaren puntako izartxoari darion hautsarekin gogoratuko zenik; are gutxiago, hego-haizearekin batera Afrikatik datorren hautsaz. Xabierrek, behar bada bere senak eta hausnarketa sakonak bultzatuta, izarretatik gatozela esan zigun. XIII. mendean Asisko Frantziskorentzat izarrak, lurra, ilargia, animaliak eta landareak, denak gure anai-arrebak ziren. Hark, Xabierrek baino zientzia gutxiago jakingo zuen, baina barneko maitasun unibertsalak, intuizioak eta sortzaile berdina genuela sinesteak senidetasuneko sentimendu hori garatu zuen. Gauzak asko aldatu dira azken bi hamarkada hauetan, eta gaur egun, XXI. mendean, zientziari esker, esan dezakegu egia dela, izarretatik gatozela.
Gorago intuizioa eta sena aipatu ditut, eta, neure sena erabiliz, zerbait esan nahi nuke. Zientziaren eta adimen jakinduriaren mundu honetan senari eta intuizioari kasu gutxi egiten zaie eta gutxietsi egiten dira gainera. Behar bada, horregatik baztertzen dira bizitzako jakinduria duten pertsona zaharrak. Neurozientziak, berriz, beste zerbait erakusten digu. Gure adimenaren funtzionamenduan inkontzienteak agintzen duela %95 baino gehiago. Gu arrazonatzen hasterako, askotan, erabakiak hartuta daude. Intuizioa eta sena gehiago errespeta beharko genituzke.
Azken hamarkadan astronomoek egindako ikerketek garbi diote izarren hautsa garela. Milatik gora izar ikertu ondoren, ikusi dute izar hauek guztiak osagai ia berdinak dituztela eta osagai hauetatik gure organismoak %95 berdinak dituela. Harrigarria, ezta? Garbi dago gure eboluzio prozesua primateekin ez zela hasi. Beraz, izarrak dira gure eta bizidun guztien benetako arbasoak. Xabier Amurizak ere aipatzen duen izarren salda urdinak osagai bat du benetan garrantzitsua: karbonoa. Bizia sorrarazteko elementurik garrantzitsuenetakoa. Bizia ez da kasualitate bat. Biziarentzat antolatutako unibertso batean bizi gara. Horren adierazle, badira fisika eta kimikan konstante batzuk, aldaketarik gabeko elementu iraunkorrak. Zenbaki hauek ukitu ezinak dira, beti balore berdinak dituzte.
Bizia da kosmosaren antolatzailea, fisika kuantikoan eginiko esperimentuetan hala ikusi da. Obserbazio hutsak esperimentuaren emaitza aldatu egiten du. Pertsonak unibertsoaren parte bat gara, dudarik ez dago.
Urrutira joan gara bai, ea non geratzen diren munduaren sorrera azaldu nahian dotrinan kontatu zizkiguten kontuak. Kontakizunaren ordena ez zen txarra: zerua, argia, izarrak, lurra, landareak, animaliak eta azkenik gizona. Barkatu!, azkenik emakumea, gizonaren saihetsetik sortutakoa. Eboluzio hitza aipatu baligute, sikiera!
Izarren hautsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu