Izarren hautsa

Angel Rekalde Idazlea
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
36ko gerraren garaian, Saturrarango espetxean emakume asko sartu zituzten beren seme-alaba txikiekin. Borrokalarien familiak izan ziren frankisten basakeriaren jomuga, herritarren aurkako mendeku eta errepresalien adierazpide izanik. Zine-aretoetan film bat aurkeztu dute oraintsu, Izarren Argia, gertakari hura kontatzen duena. Gure adinekook frankismoa zer zen ezagutu bagenuen ere, filmak bere eszena beldurgarriekin erakusten duenak hunkitu egiten gaitu.

Gure agintariek saltzen digutenaren kontra, eta zentzugabeki barneratu dugunaren kontra, oroimen historikoaren adierazpide horiek ezinbestekoak dira gizartea egituratzeko. Behar ditugu, kolektibitatearen funtzionamendu osasuntsua nahi badugu. Balcells-ek dioenez, «gizarte batean ez dago oinarrizko barne-kohesiorik identitate kolektiboa aintzakotzat hartu gabe». Eta, sinpleki esanda, «ez dago identitaterik memoriarik gabe».

Memoriak, identitateak, historiak... ekuazio disolbaezina osatzen dute. Nire sostengu osoa dauka produkzio horren ekimenak, nire laudorioa bere kalitate gordinagatik eta nire balorazio positiboa horrelako mezu batek gai hauen inguruan dugun sentsibilitate lokartuan eduki lezakeen eragin pizgarriagatik. Eta kontakizunak zer pentsatua ematen duenez, hausnarketa batzuk bururatzen zaizkit planteatzen duen gaira ekartzeko.

Nire asmoa ez da filmaren kritika egitea. Saturrarango historia benetako gertakari frogatuetan oinarritzen da, eta oraindik bizirik daude egoera sinestezin hura zuzenean jasan zutenetako batzuk edo haien ahaideak. Zirkunstantzia haietan, aipagarria da zuzendaritzak goseazegiten zuen erabilera zitala, menperatzeko arma gisa, emakume preso errepublikanoen borondatea makurrarazteko. Nahita eragindako gose haren ondorioz, desnutrizioak sortutako gaixotasunek 56 ume hil zituzten, kopuru lazgarria. Baina hori ez da izugarrikerien kapitulu bakarra. Presoak hiltzea (116 emakume), Jainkoaren karitatearen mirabe omen ziren mojen doilorkeriaren eta zigorren ondorioz, haurrak amei lapurtzea beste familia batzuei adopzioan emateko...

Askotan komentatu izan dugu gure oroimenean ditugun istorioen oparotasun izugarria. Gure iragana aberatsa da gertaera, pasadizo, abentura eta abarretan. Istorio tragikoak, tristeak, heroikoak, lazgarriak, dibertigarriak, zorrotzak... Elkanok munduari buelta eman zionekoa nahiz Ilargizarreko kontrabandisten pasadizoak. Ahozko memoriak, idatzizkoak eta dokumentatuak baino gehiago (askotan desitxuratua edota isilarazia izan baita hori), narrazio-balio handiko gertakari asko jaso ditu. Sorginen istorioak eta gerrillarenak, bonbardaketen izugarrikeriak eta apustuak edo gaizkileen mugakoak... banderatzat oroimena duen herria gara.

Horregatik beharbada, harrigarria da Saturrarango gertakari hori aukeratzea gai zinematografikotzat. Edo beharbada ez. Kontzienteki ala ez, Izarren Argia-ko gidoilariek saltsa mehe egin behar izan dute. Gure herria ez da existitzen, edo kriminalizatuta eta susmopean dago beti. Egunero biktimen diskurtsoarekin astindua ematen digutenez, ez dira beste egoera batekin ausartu, kontakizun labainago batekin, hain puruak ez diren protagonistekin, hain eztabaidaezina ez den egoera batekin. Hautatu dutena (beren burua babesteko?) biktima guztiz errugabeen egoera da -horiek bai biktimak!-. Guztiz errugabeak dira; guztiz biktimak. «Ez borrokalariak», bularreko haurrak eta familiako amak baizik. Hor ikusten da nor diren gure gizarteak mendetan jasan duen indarkeriaren errudunak, bere funtzioa bete ondoren desagerrarazi egiten den biolentzia horrena, Saturrarango hormekin gertatu den bezala. Esango digute gero hau gizarte demokratikoa dela eta egoera honetara bere borondatez iritsi dela, hitzarmenen bidez edo «borondatezko entregaren» edo «bat egitearen» bidez.

Pozten naiz Izarren Argia gure zeruan agertu delako, gure imajinariorik goibeleneko itzaletan bada ere. Nahiko nuke Xabier Letek proposatzen zuena izango balitz, hau da, Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.