Idazlea

Izan zirelako gara

Jokin Muñoz Trigo
2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Gure ama buztinezkoa zen. Hain zen azal-bero, hain barren-xamur, sobera baitzuen Oteiza eta Txillidaren harri-burdin gogorrek babesten zuten ezereza bete-uste hori. «Navarro, ni de barro», entzun behar izan zuen, sarri entzun ere, 50eko hamarkadan Erriberatik Donostiara batxilergoa egitera joan zenean. Artean ez zekien errekete nafarrak izan zirela 36ko irailean Donostian sartzen aurrenekoak. Ezta bera bezalako nafarrak ibili zirela ere Bizkaiko lubakietan eusko gudarien kontra borrokan. Koko-erria esaten zion, destainaz, Orixe idazle erreakzionario santujaleak Erriberako jendeari, nori eta 36ko hauteskundeetan, Nafarroa erreakzionario eta santujalean, ezkerrak burua agertu zuen eskualde bakarreko jendeari. Gerora etorriko ziren zuriketak: Erriberakook zahar, triste eta lo nahi gintuen Benitoren kantu almibaratu hura; Korrikaren aldiroko agerpen baldarra, bi pauso aurrera, hiru atzera, bidea presoka eta ikurrinazoka eginez; Espainiako Gerra Zibila gurean are zibilago bilakatuko zuen Nafarroako Erreinuaren jiran ondutako abertzaletasun mediebal berria... Groteskotik dezente du: aurrena, alde batekoak euskaldunak, beste aldekoak tropas franquistas. Hurrena, denak euskaldunak. Azkenik, denak nafarrak. Hiltzaileak zein hildakoak. Denak bat, asmo eta egitez: lubaki batean meza, parekoan errosarioa. 

Gure amak jakin zuen 36an faxistek bere herriko zinegotziak hil zituztela behar bezalako espainolak ez izateagatik. Hamarkada gutxi geroago, beste faxista batzuek zinegotziak hiltzen segitzen zuten, behar bezalako euskaldunak ez izateagatik. Ispiluak hartu eta imajina dezagun eszena: Zumalakarregi jenerala Zegamara daramate hilzorian. Herrira iritsitakoan, Santa Kruz eta bere mutilak ikusi dituzte goizeko mezara bilduak. Herriko alkatea fusilatu berri dute tradizioaren etsai izateagatik. Zumalakarregik azken igurtzia emateko eskatu dio Santa Kruzi. Halako batean, errekete kuadrilla bat heldu da, txapel gorriak kaskoan eta kantuka. Iruñetik atera dira eta Donostia aldera doaz harro, bidea garbitzen. Non pausatu, bertan bilatzen dute komunista bat paseoa emateko, jainkoaren etsai izategatik. Santa Kruzen kuadrillakoak batuko zaizkie kantuan. Udaletxearen aurrean, bi txima-luze zain Ford Fiesta baten barruan. Atezuan daude. Laster irtengo da zinegotzi hori kafea hartzera, eta buruan tiro egin behar diote, aberriaren etsai izateagatik. Errekete bat kotxeko leihatilaraino hurbildu zaie su eske, eta harrituta browning horiek nondik hartu dituzten galdetu die.

Ditxosozko kateak segida du beti, dogmak hamaika aurpegi ditu eta.

Oroimen Historikoaren garaian bizi garen honetan, Estatuko beste lurraldeetan hildakoen gogaide eta senide ohi dira gorpuzkiak errekuperatu nahi dituztenak. Nafarroan hori batik bat hegoaldean gertatzen da. Koko-errian. Iruñerrira jo ahala, Oroimen Historikoaren aldarrikapenetan parte hartzen duten askok harrak bihotzean ausikika dituzte, hildakoen gogaide baitira baina, sarri, hiltzaileen balizko senide ere bai. Aitona edo birraitona errekete zuten. Eta gaitz erdi senide hura falangista kuneteroa edo apaiz trabukeroa ez bazen. Txapel gorritik liburu gorrira bi aitaguretan. Urte gutxian armarri frankistako arrano beltza hegaka hasi da, hanpurus, ikurrinen gainean.

Ez aspaldi, Alberto Barandiaranek Gurea falangista zen publikatu zuen. Izenburuak aitorpen doinu mindua du. Akaso familia kontuetan haztaka ari zelako ez zion eman proiektuari merezi zuen luzera eta sakona. Ez zuen debaterik eragin, nahiz gure zeru ideologiko garden urdinari gandua zekarkion. Jon Sarasuak argi esan berri du: aspertzeraino gara prebisibleak. Eroso gaude garaian garaiko marko ideologikoan eta esnobismo moralean. Puntua bota zuen, baina inork ez zion heldu. Ditxosozko katea eteteko beste gonbit bat, jakinda kateak ez gaituela estutzen. Gozo-gozo diraugu-eta Aitaren etxeko sarreran lotuta, zaunka honi, zaunka hari, orain ura, orain jana, orain etxekoen laztanak. 

Latza baita afrontua, latza denez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.