Dimisioa liburuak (Susa) etorkizunera garamatza: distopia duzu. Juan Luis Zabala idazleak sortutako mundua zientzia-fikziozkoa da. Etorkizuneko ordenamenduan, aburuak, desirak, norbanakoaren etika eta jendartearen morala interbenituta daude. Fikzioak fikzio, zientzia teknologikoak gero eta gehiago eta sakonago kontrolatuta bizi gara. Gizakion sistema neuronala adimen artifizialaren (AA) menpe dago jada.
Ordenamenduak ordenamendu, literaturaren ordenua ere AAren esku gera liteke, menpeko editore artifiziala arau. Mundu teknologiko berri batean «espazio berri bat» egokitu zaio gizakiari. Bueno, oraindik hori ez da egungo mundua, ez da erreala. Alta, ez da guztiz irreala ere. Dena dela ere, bizi dugun errealitatea gustukoa al dugu? Konforme al gara?
Politika da boterearen administrazioa. Politika da libertatearen espazioa. Definizioz ari naiz. Politika, funtsean, ez da definizio soila berez. Politika da egunero guk egiten duguna ere. Egungo politika iraganekoaren ondorioa da. Etorkizunekoa gure gaurko ardura politikoen emaitza. Dimisioa liburuak mundu errealean bizi nahi duguna irudikatzeko aukera eskaini digu. Literatura halakorako baliabidea da.
Fikzioa dugu literaturaren funtsezko ezaugarri. Literaturaren bilakabidea garai erabakigarri batera iritsi da, haatik. Iraganean fikzio zena gero eta errealagoa da. Literatura, berez, aro modernoaz geroztik, artefaktu suerte bat izan da. Literatura teknika sofistikatuen bitartez egiten baita. Etorkizun hurbilean, gaur egun jada, artefaktu hori, literatura, adimen artifizialaren arabera sortu ote da. Halaxe omen.
Adimen artifizialak gizakia laguntzen al du? Izan gaitezke pertsona adimen artifiziala arau? Gizakiok ezaugarritzen gaituen askatasunak balio bera izanen al du etorkizunean? Adimen artifizialaren ildoan osatzen ari den gizakia maitasunaren eta desiraren araberako pertsona izan daiteke?
Salbazioa da giza historia ulertzeko hitz gakoa. Salbazioa hitz gakoa da gizakiok betierekoak izan nahi dugulako. Antigoalean, jainko guztiahalduna izan genuen gidari-lagun, erlijioaren ildoan. Modernitatean, salbazioaren ordez, askatasuna aldarri bihurtu genuen lurreko paradisuan betikotu ahal izateko. XXI. gizaldiaz gero, algoritmoak dira salbaziorako ate posible guztien gakoak.
Gizakiok, baina, loria eta zori iraunkorraren ezinezkotasuna endelegatzeko adimen-mugatuko pertsonak izaten segitzen dugu. Supergizakia filosofia edota lurreko doktrina orotarikoen kimera da. Lelokeria galanta, hots. AAk gizakia akabatu dezake. Agidanez, salbatu ahal izateko nahiak gure adimena lausotu digu.
Lehenik hazkuntza izan zen, ondoren hezibidean okertu bide ginen: hazkunde-tasa, hazkunde demografikoa, hazkunde ekonomikoa… Dena da hazkunde. Hazteko moldeaz ahaztu gara. Itxura batez, ez dago gizakia heziko duenik, ez balizko jainkoak ez algoritmoak.
«Sorraraziak gara, ez ordea heziak, gure sorrarazleak, beren basakeria guztiarekin, gu sorrarazi ostean gure aurka aritzen dira…», diosku Thomas Bernhard idazleak. Jakin-min bat daukat: nor dira gure sorrarazleak? Galdera baikor bat, haatik: …eta algoritmoen bidezko AA delakoa salbaziorako bitartekoa bihurtzen badugu? Galderek bigarren bat ekarri ohi dute, ordea: salbatzeko zer?
Ez dago arrazoia izaterik ez kausa justurik. Horiek bilatzen ditugun bitartean egungo jainkoek —Silicon Valley eta Wall Streeten ostalariek— beren burua hazten segitzen dute. Jainko berrien arteko lehiak eta nagusikeriak ez dute etenik, europarrok gure burua gobernatu ezinean, txinatarrek gobernatuko gaituzte —estatubatuarrek aspaldion gobernatzen gaituzte, bistan da—.
Egungo gobernuek, demokraziaren izenean betiere, bete beharreko zerbitzu iraunkor bat kudeatzen dute aspaldidanik: Merkataritza Globala. Demokrazia sistema ahitzen ari da. Ideologia gabeko egungo demokraziak historiako ismo guztiak barneratu ditu. Demokraziak Globalizazio Totalitarista abizenak ditu.
«Energia-politikak ideologia gutxiago eta teknologia gehiago behar du», diosku Josu Jon Imaz jeltzaleak. Jeltzale ote? Jeltzaleek ideologiarik ba al dute? Bai, pentsu dut. Imazen ideologia eta jeltzaleena bera al da? Imaz aberatsa —kasuon, aberatsa ez da eufemismoa— da: Rich, Welthy. Eta aberatsek ez dute ideologiarik. Tira, ez dute ideologiaren beharrik.
Gure bizitzaren ikus-entzule omen gara, ez egile. Antzina «ez ginen gure baitakoak». Gaur egun, pentsu dut, gizakiok gure metamorfosiaren jabe izan nahi dugu. Giza kondizioari ihes egiten segitzen dugu. Ez dugu gure burua ezagutzen. AAren bidez egiten dugunaren jabe izanen garela pentsatzera heldu gara gizakiok —egiari zor, batez ere elite boteretsuek pentsatzen dute horrela—.
Gizakiok arnasa sakonki hartu gabe gabiltza aspaldion munduan. Hala ere, ez dago logikarik gabe munduan dabilen gizakirik. Baliteke hitzek gizakia nahasi izana. Jakintasun soilak ez baitu gizakia adimentsu egiten. Natura ez dena kultura da. Gizakiok kultura lantzen hasi genuenez geroz, on beharrez landu ere, desnaturalizatu egin bide gara. Horra gizakion pathos-a. Adimen artifiziala gure adimen emozionalaren ondorio al da?
Humanitatearen dimisioa ez da fikziozko kontua, ez eta Dimisioa liburua etorkizunaren iragarle alferrikakoa ere. Jokoa ez da errenta iraganeko lelo lerdo bat da egun. Literatura jokoa da. Jokoa eta jolasa bat dira egun. Literatura jokoan dago. Baliteke literatura ere errenta bilakatu izana.
Kontuak kontu, filosofia dugu gure izatea akomeatu ahal izateko bitartekoa, gure ideien ordenamendua eratzeko jarduera. Zeren filosofoak garen zehaztea falta zaigu, haatik. Gauza bera ere literaturari gagozkiola. Dimisioa literatura da. Zer literatura suerte den izendatzea falta zaigu.
Etorkizuneko editoreak androideak izanen badira, literaturarik izanen al da? AAk lortzen badu literatura sortzea, jarduera horri literatura deitu ahal diogu? AAk lortzen badu literatura egitea edota orain arte literatura izendatu duguna literatura deitzea, munduak ez, baina gureak egin du.
(*) Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan:
https://blogak.eus/begizolia/izan-gaitezke-pertsonak-adimen-artifizialaren-arau