Izan ere, %80 birziklagarria da

2013ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bai, eta horregatik asko dugu hobetzeko gipuzkoarrok. Eta horregatik, zentzugabekeria da Gipuzkoan errauskailua egitea. Eta horregatik, «birziklapenaren jendartea» eraikitzeko hartu beharreko neurriak hartu behar ditugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak errefusaren karakterizazioa egin du. Ikerlan hau aldiro egiten du Aldundiak, eta oraingo foru gobernuak iaz egin zuen, urritik abendura bitartean. Hamabi tona hondakin aztertu dira, guztira, lurraldeko hainbat herritan. Helburua: hondakinen errefusean («edukiontzi berdean», alegia, Gipuzkoako herri gehienetan) zer dagoen jakitea. Ondorioak ateratzeko, eta hondakinen kudeaketan neurri egokiak hartzeko, hain zuzen ere.

Datu nagusia eta adierazgarriena honako hau da: errefusean utzitako hondakinen %80 inguru birziklagarria da (erdia baino gehiago, materia organikoa). Zer egiten ari gara, gaur egun, horrekin guztiarekin? Zabortegietara bota. Hau da, Gipuzkoan, 200.000 tona hondakin inguru eramaten ditugu urtero zabortegietara, eta haietatik %80 birziklagarriak dira: 160.000 tona. Datu ikaragarria da, edozein logikaren kontrakoa, milaka tona material galtzen ari garelako alferrik, hori berriro ere erabiltzeko moduan gauden arren. Baliabideak urriak dira, agortu egiten dira, eta horregatik, tona horiek guztiak bota eta balio hori galtzea axolagabekeria da. Europako Batasuna oso kezkatuta dago baliabide eskasiarekin, eta horregatik, material birziklagarri guztiak birziklatzea sustatzen ari da. Are gehiago: ezer birziklagarririk zabortegietara botatzea edo erraustea debekatu nahi du 2020rako. Horixe da, beraz, egin beharreko bidea.

Ikerketaren ondorioetako bat garbia da: gipuzkoarrok ez dugu inongo errauskailurik behar. Birziklagarria den guztia birziklatzen badugu, Europak agindu bezala, hondakin gutxi geratuko lirateke (gaur egun zabortegietara botatzen dugunaren %20; beraz, 40.000 tona inguru urtean), eta kantitate hori erraustuko lukeen edozein planta erabat defizitarioa izango litzateke (eta ez dezagun ahaztu Zubietako planta 240.000 tona erretzeko diseinatu zutela... Hau da, gaur egungo proiektua egingo balitz, material birziklagarria erre beharko genuke derrigor Zubietan, Europak dioenaren kontra, edo bestela, kanpotik hondakinak ekarri).

Eta beste ondorioa ere nabaria da: birziklatzeko eta jendarte iraunkorragoa eraikitzeko bidean urratsak ematen ari gara, gero eta sendoagoak, baina oraindik ere asko dugu egiteko. Ikerlanak agerian utzi duenez, ehunka tona hondakin birziklagarri botatzen ari gara egunero-egunero zabortegietara. Non hobetu badugu, beraz. Eta nora begiratu ere bai. Izan ere, Europako zenbait herrialdek %70etik gora birziklatzen dute, gurearen bikoitza baino gehiago.

Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu garbiak jarri ditu: 2016. urterako %60 birziklatzea, eta 2020rako, %75. Helburu egingarriak dira, beste herrialde batzuek lortu dituztenak, eta hondakinen kudeaketa eraginkorragoa, arrazionalagoa eta iraunkorragoa egitea ahalbidetuko liguketenak. Helburuok bat datoz, bete-betean, Europak ezarritako irizpideekin eta lehentasunekin. Baina helburuok lortzeko, eta jendarte arduratsuagoa eraikitzeko, konpromisoa da giltzarria: kolektiboa eta norbanakoena. Instituziook, alderdi politikoek, sindikatuek, komunikabideek, jendartearen eragileek… bide hau lagundu eta sustatu behar dugu: polemika antzuak eta interes partikularrak alde batera utzita, helburu horietara nola iritsi adostu behar dugu denon artean. Norbanakoon konpromisoa ere ezinbestekoa da. Norberaren etxean hasten da-eta hondakinen kudeaketa egokia: hondakinak gaika bereiziz gero, gauzak ondo egiteko oinarria jarriko dugu. Ohitura aldaketa txiki bat baino ez da, baina aldaketa horrek onura kolektibo handia ekar dezake.

Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioak argi eta garbi esan du «birziklapenaren jendartea» eraiki behar dela. Gipuzkoako Foru Aldundia erabat ados dago Europatik datorkigun ideia horrekin. Horregatik, konpostatzea eta auzo-konpostatzea laguntzen ari gara, zero zabor programak egiten ari gara hainbat esparrutan, kontzientziatzea sustatzen ari gara, garbigune sarea osatzen ari gara…

Baina jendartea denok osatzen dugu, eta, esan bezala, denon konpromisoa behar dugu. Nork bere ardura hartuta, jendarte heldu eta arduratsu gisa jokatu behar dugu. Ekin diezaiogun, beraz, bideari. Izan ere, %80 birziklagarria da, eta birziklatu egin behar da. Logikak, ingurumenak, geure osasunak eta egoera ekonomikoak berak hori eskatzen dute-eta. Baietz lortu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.