Sare Herritarrak antolatuta, joan den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaien. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.
Espetxe politikan aldaketa nabarmena gertatu bada ere, badira oraindik intentzionalitate politikoko presoak, eta preso horiek espetxetik ateratzeko prozesuaren baldintza juridikoek ez dute aukera handirik ematen epe laburreko konponbide bat izango dela pentsatzeko. Horretarako oztopoak salbuespeneko arauetan oinarritzen dira, bai eta, neurri batean ere, espetxe kudeaketako praktika batzuetan ere.
Doktrinaren bilakaerak
Hainbat arrazoi direla eta —antiterrorismoa, segurtasuneko argudioak, iritzi publiko punitibista—, 1978-2014 aldian aldaketak egin ziren zenbait legetan, terrorismo delituak zorrotzago zigortzeko, zigorrak betetzeko modua gogortzeko eta herri segurtasunerako lege abusuzko batzuk onesteko asmoz.
Gaur egun, Espainiako Erresuman ez ezik Europaren zati handi batean ere, lehian daude bi tradizio juridiko doktrinal, iturri desberdinak dituztenak. Bat giza eskubideetan oinarritzen da. Zuzenbideak zeregin hezitzailea eta sendatzailea duela uste du, izaera humanitarioko aurrerapenen aldekoa da, eta kontzeptu progresista du kriminalitatearen tratamenduaz. Europan horren gaineko jurisprudentzia finkatua dago. Beste tradizioak, ordea, legeak etengabe gogortzea bultzatzen du, ulertzen baitu gizartearen defentsarako beharrezkoak direla zigor eredugarrien bidezko disuasioa eta gizarte bazterketa.
Lehen ikuspegia erregimen demokratiko sendoenetan da nagusi, baina azken honetan garantien aldeko zenbait borroka galtzen ari da, zalantzara, indibidualismora eta bestearekiko beldurrera lerratzen ari den mundu honetan. Bigarren ikuspegia jaun eta jabe da esperientzia demokratiko txikiagoa eta sistema judizial kontserbadoreagoa duten erregimenetan –Espainiaren kasua– edo erregimen liberalagoetan –Europako ekialdea–.
Espainiako estatuan demokrazia garaiko aurreneko doktrina juridikoa Europako doktrinaren balio onenetatik elikatu zen, baina bigarren ikuspegirantz bultzatu zuten eskuinera eta eskuin muturrera egin zuten joera politikoek —gizarte osoan eta epaileen artean zabaldu zirenak—, antiterrorismoak, Estatuaren integritatearen kontrako desafioek —Katalunia—, bestearen estigmatizazioak eta politikaren judizializazioak. Zuzenbide Penalaren humanizazioari kontrajarria, populismo punitiboak tokia bereganatu zuen azken hamarkadetan, hau da, kartzela eta kartzela, Etsaiarentzako Kode Penala baliatuta. Eta, jakina denez, borroka antiterrorista atetik sartu zenean, giza eskubideak leihotik atera ziren.
Testuinguru horretan heldu behar zaio kartzelak husteko aferari.
Salbuespeneko instituzio, politika eta arauen azterketa
Urtarrilaren 11ko manifestazioaren ondoren, zalantzan jarri da salbuespeneko legerik ba ote den. Baina izan, badira.
Hasteko, Auzitegi Nazionala dago, terrorismo delituak epaitzeko eskumena duen organoa. Salbuespeneko organo judiziala da? Egia da legeak ezarritako auzitegi eskuduna dela, horixe behar genuen, lege babesik ez izatea! Baina, horretarako, funtsezko printzipio bat urratu zen: eskumena esleitzea gertaerak izan diren tokiko epaile eta auzitegiei, alegia, berezko epaileari.
Salbuespeneko beste organo bat Espetxe-zaintzako Epaitegi Zentrala da, 5/2003 Lege Organikoak sortutakoa. Auzitegi Nazionalean du egoitza, eta terrorismoko delituengatik ezarritako zigorrak betearazteko eskumena du, lurraldeetako espetxe-zaintzako epaitegien berezko eskumenen kaltetan.
Berdin gertatu zen sakabanaketarekin eta urruntzearekin. Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluaren testuan ez zen berariaz jaso presoek eskubidea dutela zigorra etxetik ahalik eta hurbilenen betetzeko, eta, hortaz, urruntze politikaren defendatzaileek argudiatu zuten artikulu horretan antolaketarako irizpide bat besterik ez zela ezartzen, testuan «deserrotzea saihestea» aipatzen bada ere. Neurri hori salbuespenekoa zela ulertarazi arte 34 urte igaro behar izan ziren, eta bitartean sufrimendu handia eragin zien preso askori eta haien familiei. Salbuespena bukatuta, inork ez du defendatzen espetxe politika hura zuzenbidearekin bat zetorrenik. Inork hitzik ez horretaz.
Zer esanik ez 7/2014 Lege Organikoaz. Senatuan, azken orduan, PPk gehitu zituen aldaketen helburua Europako 2008ko Zuzentarauari iskin egitea besterik ez zen, eta atzerriko zigor jakin batzuk metatzea ekiditeko diseinatu zen. 4/2024 Lege Organikoa onartu behar izan zen 7/2014 Lege Organikoa aldatzeko, ez baitzen zilegi zigorrak metatzeko aukerak mugatzea datu arbitrarioak baliatuz, zigorren datak, adibidez. Honetaz ere isiltasuna nagusi.
7/2003 Lege Organikoak ere, «zigorrak osorik eta benetan betetzekoak», hankaz gora jartzen ditu Zuzenbide Penalaren funtsezko irizpideak. Zigorrak kartzela barruan beteko dira, ziegetan, bukatu arte. Horretarako, Kode Penalaren, Espetxeei buruzko Legearen eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren artikulu batzuk aldatu ziren. Zigorrak betetzeko muga 30 urtetik 40 urtera igo zen. Eta Kode Penalaren 78. artikulua zuzendu zen, euskal presoei, bereziki, baimenak eta hirugarren gradua ematea galarazteko, kalkuluak (zigorraren laurdena edo erdia) ezarritako zigor guztien baturaren gainean egitera behartzen zuelako: bizi osorako zigor esan gabea. Hori baino salbuespen handiagorik ezin.
Bere garaian esan genuen espero genuela espetxeetako euskal administrazioak irudimena izatea. Horrekin esan nahi genuen ezen, lege esparruak hain zurrunak direnean, bide bakarra dela legeak aplikatzea halako moduan non iskin egin ahal izango zaien, gutxienez ere, legeria zaharkitu batek dituen ondorio kaltegarrienei. Hirugarren gradura pasatzea erabakitzeko Eusko Jaurlaritzak ematen dituen ebazpenak sormen ariketak dira, nolabait ere, printzipio orokor eta oinarrizko batzuetara jotzen dutenak: presoen birgizarteratzea eta kartzela zigorrak gehiegikeriarik gabe betearazteko moduak erabiltzea zigorra jaso dutenekin.
Egia esan, oinarri-oinarrizkoenetik has liteke: lege multzo hori indargabetu, normaltasunera itzultzeko. Eta, jakina, esparru berri hori prestatu beharra dago. Baina, kontuan hartuta mekanika legislatiboaren konplexutasuna eta legeen berrikuspenaren kontrako jarrera, bai eskuinetan bai Estatuko aparatuaren zati batean, momentuz bide egokiena da legeak interpretatzea askatasunaren printzipio konstituzionalaren arabera (favor libertatis). Gaur egun, oinarrizko eskubideak indarrean direla aldarrikatzea da biderik azkarrena eta eraginkorrena, kartzelan preso daudenen kasurako ere.