IU-EBk huts egin digu

Inazio Ruiz de Infante
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Uztailaren 7a oso egun latza izan zen, Arabako Biltzar Nagusietan gertatutakoak halaxe behartu baitzuen. Barrenak lehertzear eduki nituen egun osoan.

Ezbeharra gertatu eta gero, amasa hartu, egun batzuk itxaron, eta zaila bada ere, gertatutakoaz hausnarketa egin dut. Berripaperak leituz, traizioaren tamainaz konturatu gintezkeen, baina hain hitz dotoreen artean traizio berak galtzen zuen indarra. Horregatik, arabar arruntok, kalekumeok, baserritarrok zein nekazariok saiatu behar dugu traizioaren benetako neurria ozenki eta lotsarik gabe azaltzen, egileak lotsarazi eta isildu arte. Zaila da sinestea eskupekorik ez dela gertatu,oso zaila.

Suminduen eta bozen bitartez herria altxatzen zen bitartean, zenbait lagun ari ziren eskuak igurzten zetorkien aukera aurreikusten. IUren eta Suminduen helburuek bat egiten dute, esaten zigun Jose Navasek. Ganorabakoa!! Traidore halakoa!!

Baina Araban traizio hori are mingarriagoa da zenbait ezaugarri bereziengatik eta batez ere batengatik.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) Euskadin eduki duten alkatetza bakarra (Bastida) trikimailu zikinen bitartez lapurtu zien indar politikoari utzi diotelako ahaldun nagusia lortzen. Higinio gizajoari herri bat ezkerretik eta duintasunetik goberna zitekeela ez baitzioten erakusten laga, transfuga batzuk izan zirela medio. Izan ere, beren taldekideei ere traizio egin diete.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) aurreko diputazioak gelditu zituen proiektu erraldoiei eta espekulatzaileei ateak parez-pare irekita laga dizkietelako. Bastidako eta Guardiako golf-zelaiei hain zuzen ere.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) Arabak inoiz jasan duen kazikismorik zakarrena saritu egin dutelako. Moretak, Lantziegok, Lekorak, Mainuetak eta bestek jaso duten diru jasa ontzat eman dutelako, kazikismo hori sarituz eta duintasunez kontra egin dutenei bizkar emanez.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) inoizko Araba Ezkertiarrenari uko egin diotelako, udalbatza mailan hirugarren indarra den indar politikoari aginte makila emanez. Nola egingo ote dugu ezkertiar politika baldin eta EAJ Alderdi Popularren besoetara bota dutenean? Zer nolako adostasunetara ailegatuko gara orain? Galdu dugun aukera ikaragarria da, ez gaitezen izan inozoak.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) errepublika eta libertate guztiak debekatuz aberastu zirenen oinordekoei agintea eman dietelako, pertsonak aldatu diren arren, abizen berdinek jarraitzen baitute agintean.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) herria altxatu den honetan portaerarik lotsagarriena hartu dutelako diru trukeetan ibiliaz. Non daude ezkerraren balioak? Zer etsenplu mota erakutsi diete hurrengo belaunaldiei? Baliorik gabeko mundu batean bizi garela? Ez horixe.

Traidoreak dira (eta diruzaleak) xenofobia arratzat hartuta Zaramaga auzoan «populismo bananeroa» egin zuen indar politikoari eman baitiote agintea. PP Zaramagako meskita zela eta arrazakeriarekin ibili zen jolasean. Horrelako jarrerak ezin ditu saritu indar ezkertiar batek.

Traidoreak eta iruzurtiak dira (eta diruzaleak) beraien boto-emaileei agindutakoaren justu kontrakoa egin dutelako, zeren hartu duten jarrera babestekotan hobe izango baitzuten PSOEri bozkatzea, eta hori ez da izan boto-emaile horien aukera. Beraz, itzuli behar diote herriari dagokiona, ez baita beraiena. Esango dute bozketa egin zutela, baina 80 boto-emaileetik 60k lortu nahi zuten lanpostu bat edo bestela lagunak izango ziren. Ezin da inolaz ere diruzale horien jarrera onartu.

Eta traidoreak, traidoreak eta traidoreak dira martxoaren 3an eraildakoei bizkar eman dietelako, haien hilketa agindu zuen pertsonaren indar politikoari boterea emanez. Eta azkenengo hau barkaezina da. Bai horixe. Faxismo krudelenak eraildako Romualdo Barroso, Pedro Martínez Ocio, Francisco Aznar, José Castillo eta Bienvenido Pereda, haien senideei eta zauritutako guztiei muzin, trufa eta iseka egin diete.Oraindik langileriaren semeak izateagatik ez dutelako inolako onespenik jaso. Oraindikzigortu gabe daudelako erailketa horien egileak eta, noski, justizia merezi dutelako. Hara nork eta IUk Fragaren seme kuttun bat jarri du agintean. Hamaika ikusteko jaioakgara!!

Horrengatik guztiagatik, IUri eskatu behar diogu damutzeko eta biltzarkide horiek dimititzeko edo atzera egiteko. Lehenbailehen zentsura mozio bat aurkezteko eta segituan Araba Ezkerretik eraikitzen hasteko. Oraintxe dugu aukera, ez dezagun gal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.