Itzali da Baigorriko arbola

Xarles Videgain eta Beñat Oiartzabal
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Jean Haritschelhar euskaltzain oso eta euskaltzainburu ohia zendu da 2013ko iraileko lehenean, Biarritzen,90 urte zituela.

Baigorrinsortu zen Jean Haritschelhar 1923an, Ponttoenean deitu etxean, ama iholdiar zuelarik eta aita, aldiz, baigorriar. Hartze handiko ikasle zela ttipitik erakutsi baitzuen, ikasketa onak egin zituen eta Saint-Cloud-ko Goi Mailako Eskola Normalean sartu zen, 1945ean. Gaztelerazko agregazioa erdietsi zuen, gero, irakasle izateko Lizeoetan, hala nola, Agenen eta gero Bordeleko Unibertsitatean. Parisen Colette Neveu anderearekin ezkondu zen eta hiru haur izan zituzten.

1962an hurbildu zen berriz Euskal Herrira, bere familiako egoitza Angelun jarriz. Hain zuzen euskarari buruzko lehen katedra erdietsi zuen René Lafon irakaslearen laguntzera sartu zen Unibertsitatean. Maila handiko tesia egin zuen Barkoxeko Etxahun olerkariaz eta Etxahunen obraren edizio kritiko gaitza argitaratu zuen. Jakintsu gisa erakutsi zuen bere indarra eta ondoko urte guzietan dohain hori ezagutu zaio nasaiki.

Bordelen irakasle izanik, nahi izan zuen Euskal Ikasketak indartu Baionan berean. Horiek horrela, beste euskalari zenbaitekin Baionako Euskal Saila zutik ezarri zuen 1980 inguruan. CNRS erakundera ere jo zuen gaur Iker zentroa den talde zientifikoaren sortarazteko, CNRS eta Unibertsitatea elkar uztarraraziz. Lan emankorra egin zuen orduan, eta egin zuenaren ondorioak gaur ere hor daude. Asko preziatzen zuen Euskal Herriko Unibertsitatean Honoris Causa Doktorea izatea.

1962 urtea ozka bat izan zen hats handiko Jean Haritschelharrentzat. Alde batetik, Baionako Euskal Erakustokiko lehendakari sartu zen, eta bestetik, euskaltzain oso hautatua izan zen.

Baionako auzapeza zen Henri Grenet jaunak Jean Haritschelharri proposatu zion Euskal Erakustokia zuzentzea, Jean Iturriagueren ondotik. Onartu zuen. 24 urtez egon zen kargu horretan eta, besteak beste, Euskal Erakustokiko Agerkaria berpiztu zuen.

1962an hil zen Bidarraiko Oxoki olerkariaren ordez euskaltzain izendatua izan zen Jean Haritschelhar. 51 urtez Euskaltzaindian egon da euskaltzain oso, beste 22 urtez buruorde Villasante jauna lagunduz, eta, euskaltzainburu 15 urtez, 2005 arte. Sekulan ez da izan Iparraldekorik euskaltzainburu izan denik. Kudeatzaile, bultzatzaile eta jakintsu izan da Euskaltzaindiak dituen asmoak aitzinarazteko: 1968tik landa euskara batuak abiadura hartzen zueneko aroa zen orduan, nahiz Jean Haritschelharrek ez zituen beste asmoak bazterrera utzi, hala nola, Euskal Herriko Atlas Linguistikoa, hastapenetik haren buruzagia izan baitzen 7 urtez. Euskaltzaindiko batzorde askotan —gramatikan, herri literaturan...— egon zen eta artikuluak dozenaka idatzi zituen. Beste euskaltzainburuek bezala, beti arrangura izan zuen Euskaltzaindiko lanaren maila bermatua izatea eta Euskaltzaindia denek kontuan hartua izatea.

Horrekin ez aski iduriz, beste lanik eramaten zuen: Gure Herria agerkarian idazkari izan ondoan, Herria astekarian aste oroz artikulu bat eman dio urteetan. Gehiago dena, Iparraldeko batasun askotan izan da lankide, partaide edo lehendakari: jendeen eta lagunen biltzeko izugarriko dohaina izan du beti. Ikas batasunean luzaz egon da lehendakari amoregatik euskara hobeki erakatsia izan dadin eskoletan. Pizkundea taldea sortu zutenetarik izan zen eta, haren ondorioz, Euskal Kultur Erakundea agertu zen. Frantzian igaran diren gobernu guzietako arduradunekin euskararen alde mintzatu da, ozen eta garbi, sekulan etsi gabe, guztiz baikor baitzen une latzetan ere. Azken egunetan ere berak zioen: «segida badauka segurki euskarak eta segida azkarra».

Pilotazale zen, aita halakoa izanki, Frantziako txapeldun izan zen gaztean, eta kirol hori hurbiletik jarraitzen zuen arreta handiz.

Euskal Herriak ez dituela beti oren goxoak izan badakigu: Jean Haritschelharrek bazuen horren berri. Alabaina, beste kargu guziez gain, Baigorriko auzapez izan zen 7 urtez eta bere kargua tanpez utzi behar izan zuen bere kontzientziak manatzen ziona ez baitzuen baztertu nahi izan.

Halakoa zen Jean Haritschelhar: larderia handikoa eta jendekina, errespetua sortarazten eta erakusten zuena, zorrotza eta kartsua.

Itzali da Baigorriko haritza, itzali da Baigorriko arbola eta hark ere zabal eman du bere fruitua. Euskaltzaindiak lagun ona galdu du... eta Euskal Herriak seme handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.