Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Itxaropenaz

2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

«Jendea erotu egin da. Nola liteke ahobeltz zital horrek horrenbeste jarraitzaile eta hainbeste boto izatea?». Sarritan entzun ditugu horrelakoak. Gaur bozka eguna dugu Europako hainbat estatutan. Inkestetan eskuin-muturrari gorakada nabarmena ematen diote. Totalitarismoen moda horrek izan behar du esplikazio arrazional bat. Zergatik? nola iritsi gara hona? «Horiek guztiak ergelak dira eta kito». Hori da azalpen guztia?

Behin baino gehiagotan aritu gara —orriotatik bertatik— komunikabide hegemonikoek, sare sozialek, albiste faltsuek eta algoritmoek gure pentsamendua bideratzeko duten ahalmenaz. Baita norberaren heziketa edo ahalduntze mediatikoak duen garrantziaz ere. Adimen artifizialaren leherketa dela eta, gai honek berebiziko abiada hartu du orain. Teknologia gure bizitza aldatzen ari da. Internetek portaera kolektiboan dituen ondorioak —onerako zein txarrerako— begi bistakoak dira. Nago, ordea, ez dela behar beste ikertzen ari.

Orain hiru urte, 2021eko ekainean, Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian, gai hauen inguruan artikulu interesgarri bat argitaratu zen. Egiletza kolektiboa zen; AEBetako diziplina oso desberdinetako hamazazpi ikerlari: biologoak, filosofoak, klimaren zientzialariak eta desinformazio kontuetan adituak, besteak beste. Beren ustez, bistan da teknologiak eragin zuzena duela portaera kolektiboan; esaterako, demokraziaren kalitatean, osasun mentalean eta giza harremanetan. Aldaketok hain dira izugarriak, hain datoz batera eta abiada bizian ezen zail egiten zaigu epe labur, ertain edo luzean mudantza disruptibo horiek izango dituzten ondorioak aurreikustea. Horregatik, artikuluaren egileek ondorio hau defenditzen zuten: «Gure ustez, portaera kolektiboaren azterketak krisi-diziplinaren mailan egon behar du, medikuntzak, kontserbazio biologikoak eta klimaren zientziek egin duten bezala».

Zer da krisi-diziplina (crisis discipline)? Egoera ezohikoa da, eremu ezezaguna. Noiz gertatzen da hori? Bada, arazo handi baten aurrean gaudenean eta zer egin behar dugun ez dakigunean. Informazioa falta zaigu, baina —aldi berean— ezin dugu itxaron informazio osoa eduki arte, bestela ondorioak askoz okerragoak izan daitezkeelako. Pandemia garaian argitaratutako artikulua da, eta pandemia bera erabili zuten adibidetzat.

Carl Bergstrom artikuluaren egileetako bat da. Biologoa da eta Washingtongo Unibertsitatean irakasle. Bere ustez, sare sozialek, Internetek, algoritmoek eta kliketan oinarritutako publizitateak gure munduaren ikuskera aldatu dute, baita gure iritzi propioak sortzeko mekanismoak ere. Hauxe uste du berak: «Egun ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko informazio on batek arrakasta izango duenik». Honantz berak botatako beste misil bat: «Hemen arazo erraldoia dugu eta behar bezala kontzeptualizatzen ez badugu etorkizuna bera kolokan egon liteke. Dagoeneko ez dugu asti gehiegirik». 2021eko ekainean egindako deia da. Artikuluak dezenteko oihartzuna izan zuen komunitate zientifikoan. Azken hiru urteotan noranzko horretan egindako ahalegin zientifikorik ez dut ikusi. Bizkitartean, albiste faltsuak, konspirazioaren teoriak, gorroto mezuak eta era guztietako jendilaje frikiak sekulako abarrotsa eta arrakasta lortzen ari dira han eta hemen, sarean bezala lurrean ere.

Ezkerraren gainbehera Europan

Jarrai dezagun Europan. Ignacio Sanchez-Cuenca Zientzia Politikoko irakaslea eta idazlea da. Nire ustetan, analista fina. Aurtengo urtarrilaren 22an El País egunkarian kaleratutako artikuluan (La desventaja de las izquierdas) datu interesgarriak plazaratu zituen. 2000-2023 urtaldian Mendebaldeko Europako ezkerrek (alternatiboek, komunista ohiek, berdeek eta sozialdemokratek) %6,5eko jaitsiera izan dute (%43tik %36,5era). Sozialdemokratek izan dute galera gehien (%32,3tik %23,4ra). Joera desberdina izan da sozialdemokraziaren ezkerrean kokatzen diren formazioetan, %10,7tik %13,1era igo baitira. Bere ustez, bizi dugun egoera paradoxikoa da: desberdintasun sozialak, injustiziak eta desoreka ekonomikoak areagotu arren, ezker politikoa ez da gai izan arazo horiei irtenbide erreala emateko. Kontrara, gero eta jende apal gehiago ari da totalitarismoa besarkatzen.

Sozialdemokrazia despistatu samar ibili da Europan azken bi hamarkada luze hauetan. Tarte honetan gertatu diren aldaketak oso sakonak izan dira maila guztietan eta sozialdemokraziak ez du interpretatzen jakin. Gizartearen zati handi batek politika egiteko molde zaharrak baztertu ditu. Ezkerrak ezin die errua beti besteei leporatu. Autokritikoagoa izan behar du. Askoz gehiago. Den-dena orain eta hemen eskatzen den/dugun garai honetan, herritar askok heldu diote ustez konponbide azkar eta eraginkorraren etiketa daraman amu totalitarioari. Kezkagarria bezain erreala.

Aipatu artikulu horretan Carl Bergstrom-ek hauxe ere esaten zuen: «Jakin behar dugu nola, zein mailatan, pertsonek izan duten informazio okerra eta zein neurritan eragiten duen horrek gero bere ondorengo portaeretan. Informazio hori guztia teknologia-enpresen esku dago». Hots, Google, Apple, Meta, Amazon, Microsoft eta abarren esku.

Ez da erraza artikulu guztiak ideia baikor batekin amaitzea. Tranpatia eta iruzurtia ere izan daiteke beti irriño konplize batekin amaitu nahi izate hori. Gaur topatu dudan aliatua ez da nolanahikoa: Angela Davis. 80 urte bete berri ditu. Bartzelonan izan da duela gutxi. Eta gogoeta hau utzi digu: «Oso gustuko dut itxaropena diziplina delako ideia hori. Ulertzera ematen digu gure borroka erradikal eta iraultzaileen elementu bat izan behar dela itxaropena; bestela, zentzugabea da arrazakeriaren, heteropatriarkatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroken parte izatea». Gehiago ere esan du: «Ohartu naiz nire lanaren parte dela itxaropena sortzea, eta mugimendu sozialek ere eginkizun hori hartu behar dutela propio».

Itxaropena egunez egun, errealitate dosi neurgarriekin, elikatu behar den diziplina bat da. Zalantzarik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.