Duela urtebete, sasoi honetantxe, ZIUra jaitsi berria ninduten. Egun batzuk lehenago, amaginarreba hil zitzaidan, COVID-19ak jota. Beti gogoan izango dut Gasteizko Santiago ospitaleko igogailuan ZIUra jaitsi nindutenekoa. Zalaparta bizia nire inguruan, eta ni emazteari sakelakotik ozta-ozta deika, ZIUra ninderamatela esaka, hotz eta motz. Gogoan dut nola eraman ninduten, gurpil ohean etzanda, korridoreetan barrena, mediku eta erizainak hara eta hona jirabiraka zebilzkidala, droga bat eta bestea sartzen hasiak zitzaizkidala, azkenean korderik batere gabe utzi ninduten arte. Beltzunerik ilunenean barrendu nintzen, baina ez nuen izan beldurtzeko astirik ere. ZIUan konorterik gabe egon nintzen bitartean, beste senitarteko bat zendu zitzaidan, eta beste hainbat eta hainbat jende hil zen. Eta hura hasiera baino ez zen.
Harrezkero, sendagiria hartu eta gero, hainbat murrizketa aldi igaro ditut, bolada lasaiak eta bolada estuagoak tartekatuz. Mundu guztia bezala, hementxe nabil, neke pandemiko hau ahalik eta modurik onenean eraman nahian; honek guztiak zenbait ondorio ekonomiko ekarri dizkit, zailtasunak dituzten zenbait sektoretan ari bainaiz,nahiz eta, ostalaritzakoak ez bezala, komunikabideetan nekez aipatzen dituzten, edo batere ez. Gehienak bezala.
Aldi berean, komunikabideek txertoei buruzko mezu itxaropentsuak helarazten dizkigute; gorabeheratsuak horiek ere. Ea dena delako txertoa erabat segurua den edo ez den. Ezetz; baietz, oso ondo funtzionatzen duela. Ez direla ekoizten ari sektore horretako enpresak hitzemandako erritmoan. Tira, txertoekin ere maskarekin gertatu zena gertatuko ahal da! Ondasun urria eta denen konfiantzakoa ere ez zena, egunerokorako ondasun ohiko bihurtua, are nahitaezko ere, ia merke antzean erosteko modukoa edozein izkinatako dendan. Hori bai, nahiz eta iruditu amesgaizto honen amaia dela, ez dezagula izan ilusio handirik. Ezbairik gabe, izango da ezusteko gorabehera gehiago ere, oroiminez gauzkan normaltasun horretara itzultzerako. Baina txertoek jarriko gaituzte, inolako zalantza izpirik gabe, suspertze horretarako biderik egokienean.
Gure aitona-amonek, gerrak eta berregite negargarriak zirela medio, guk baino askoz okerrago pasatu zuten. Gaur egun, gure aitona-amonek-eta baino askoz okerrago pasatzen ari dira siriarrak —eta guk lagundu ez ia—, pandemia hau baitute beren gerraz gain —gure gobernuek ere eragiten dutena—. Beste horrenbeste gertatzen ari zaie Hirugarren Munduan bizi direnei, gerraren ordez miseria baitute. Eta ilararen atzen-atzenean daude, txertoa noiz jarriko, teorian guztiok eskubide berbera izanagatik ere horretarako.
Hori guztia pasatu eta egoera horiek guztiak ikusi eta gero, berdin-berdin haserretzen naute bai festarik festa dabilen jende arduragabe horrek eta bai maskara ongi janzteari uko egiten dioten ganoragabe horiek, alegia, sudur-ahoak behar bezala estali gabe dabiltzanek. Soilik negazionistak ditut higuinago. Eta zur eta lur uzten nau ikusteak argudio eta aitzakia franko ematen diegula neurri inkoherenteak harturik. Bada jende bat, neurearen aldean ahoskatzen zailagoak diren deiturak dituztenak, hona etorri eta lasai asko dabiltzanak, Ekonomia jainko sakrosantuaren izenean, eta gu, berriz, geure autonomia erkidegoetan ixtera behartuta gaude. Eta hori da ondorio txar guztietarik arinena, jakina: ez ahal digute kutsatze gehiagorik ekarriko! Izan ere, Alemaniak bertan behera utzi berri ditu konfinamendua lasaitzeko neurriak, saltoki batzuk itxi, eta ez bidaiatzeko eskatu du orain, laugarren olatua dela-eta: «beste pandemia bat» dela kontsideratzen du.
Nik izugarrizko zortea izan dut, eta kontatu ahal izan dut. Oroitzapen ezinago berezia dut, eta biziki eskertua natzaie duela urtebete artatu ninduten mediku eta osasun langile guztiei. Zoritxarrez, nik adinako zorterik ez du izan Madrilen batxilergoko ikaskide eta lagun izan dudanak, Jose Armadak. Duela aste batzuk Isabel Zendal ospitalean sartu zuten, nirearen antzeko koadro klinikoa zuela, eta hil egin da. Harentzat izan bedi nire oroitzapena, bai eta joan zaizkidan hurbileko beste batzuentzat ere, eta, orain, zera dagokigu, erresistente bezain koherente izatea. Hau ez da amaitu oraindik. Ez dakit amesgaizto honen amaia lehen baino gertuago ala urrunago dagoen. Iritsiko da iristen denean, baina erantzukizunik eza eta koherentziarik eza ez dira inolaz ere lagungarri. Hori seguru izan.
(Erredakzioan itzulia)
Itxaropena eta erresistentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu