Eguzki Urteaga.

Itunen gakoak

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak ezagutu ostean eta erakunde horien osaketaren eguna hurbiltzen den heinean, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan adostu daitezkeen itunen inguruan hausnartzea, botere instituzionalaren azken irudia horren ondorioa izango baita.

Itun horien lehen gakoa, zalantzarik gabe, zerrenda ezberdinek lortutako emaitzei lotua dago, eserleku nahiz boz kopuruek adierazten baitute zein den lehen zerrenda eta zein itunek gehiengoa eman dezakeen. Lehena iristeak berebiziko garrantzia dauka udal hauteskundeetan hauteskunde legeak baitio zerrenda bozkatuenak gobernatuko duela, baldin eta gainontzeko zerrendek ez badute gehiengo osoa lortzen. Horregatik, hauteskunde kanpainan, alderdiak nahiko uzkurrak izan dira, behin hauteskundeak amaituta, adostuko lituzketen itunak ezagutarazteko orduan; batetik, ez dituztelako aldez aurretik indar harreman zehatzak ezagutzen, eta, bestetik, ez dituztelako eskuak lotu nahi.

Emaitzek bezainbat garrantzia daukate, aurreko legealdian ala legealdietan, alderdiek osatu dituzten itunek, bai udal zein foru aldundietan, bai Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuan. Zentzu horretan, aldez aurreko aliantza-sistemak, batez ere orokorrak eta egonkorrak direlarik, EAJ eta PSErekin gertatzen den bezala, baldintzatzen dituzte, hortik aurrera osa daitezken paktuak. Batez ere, aurreko legealdia nahiko baketsua izan bada, ez delarik gatazka gehiegirik izan eta partaideen interesak asetu dituen mailan, ez dago arrazoi handirik aliantza-sistema aldatzeko; are gehiago, hauteskunde etekinak emateaz gain, erosotasuna zein egonkortasuna eskaintzen ditu. Zentzu horretan, alderdiak zein herritarrak ez dira oso abenturazaleak eta segurtasunera jotzen dute.

Halaber, hauteskunde kanpainan zehar, alderdiek egin dituzten adierazpenak eta hartu dituzten konpromisoak balizko itunen inguruan kontuan hartzekoak dira. Hain zuzen ere, behin baino gehiagotan, bai Eusko Alderdi Jeltzaleak bai Euskadiko Alderdi Sozialistak esan dute, emaitzek hori ahalbidetzen bazuten eta batak bestearen beharra edukiz gero gehiengoak osatzeko, bien arteko itunak errepikatzekoaren aldekoak zirela. Itun horien premia justifikatu dute, azpimarratuz elkarbizitza, lasaitasuna eta eraginkortasuna bermatuko luketela, behin eta berriro EH Bilduren itzuleraren mamua astinduz. Bereziki EAJk, Alderdi Jeltzaleak zein EH Bilduk ordezkatuko lituzketen bi modelo ezberdin bezain kontrajarri agerian utzi nahi izan ditu, ezberdintasunak puztuz eta antzekotasunak gutxietsiz.

Horri, alderdien kokapen eta estrategia politikoak gehitu behar zaizkie. Zentzu horretan, EAJren kasua paradigmatikoa da, zentraltasunaren, zeharkakotasunaren eta moderazioaren apustua egin baitu, ohiko hautesle jeltzaleak eskuratzearekin batera, PSEtik eta PPtik datozen hautesle batzuk erakartzeko aukera eskaini baitio. Hori dela eta, aurreko legealdian, Euskadiko Alderdi Sozialista aukeratu du lehenesteko sozio gisa EAEko erakunde ezberdinetan eta Alderdi Popularra bigarren sozio gisa, bai Eusko Legebiltzarrean, bai Madrilgo Kongresuan, batik bat, Rajoyren aurkako zentsura mozioa bozkatu aurretik. EH Bildurekin itunak adosteak, ordea, oreka horiek hautsiko lituzkete-eta, Estatuarekin gatazkan sartzeaz aparte, hautesle batzuk uxatuko lituzke, bere hautes-oinarria murriztuz.

Era berean, Hego Euskal Herrian oro har eta Nafarroan bereziki, alderdi konstituzionalisten estatuko zuzendaritzek esan dezaketenak zeresan handia izan dezake itunak adosteko tenorean. Nahikoa da ikustea nola, Chivitek gidatutako PSNk adierazi duelarik eztabaida-erronda bat hasiko zuela Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin, zer-nolako adierazpen ezkorrak, mehatxuak ez esateagatik, egin dituzten Sanchezen gobernuko kide, PSOEko arduradun eta alderdi horretako hainbat lurralde baroik. Aurrekariak daude Nafarroan, 2007an, PSN, Nafarroa Bai eta Nafarroako Ezker Batua akordio batera iritsi arren, Ferrazek bere betoa jarri baitzuen, eta derrigortu baitzuen PSN UPNren hautagaitza babestera, Nafarroako Alderdi Sozialista luzaroan barne krisia batean murgilduz.

Azkenik, tokian tokiko egoera bereziek baldintzatu ditzakete itunak. Amaitu berri den legegintzaldian, nahiz eta bien artean gehiengoa eduki, EAJko eta PSEko hautetsien artean zeuden desadostasunak zirela medio, Andoaingo alkatetza EH Bilduk eskuratu zuen. Gauza bera gerta liteke Irunen, non, aurreko legegintzaldian Santano sozialistak Iridoy jeltzalea udal gobernutik kanporatu ostean, bere zuzeneko ala zeharkako babesa beharko baitu alkatetza mantentzeko. Euskadiko Alderdi Sozialistak maiz errepikatu du Irungo alkatetza EAJren eskutik galtzeak casus belli bat suposatuko lukeela eta EAE mailako ituna kolokan jar lezakeela.Hori saihesteko, bi alderdiek prest dirudite beraien arteko paktua modu sistematikoan eta toki guztietan aplikatzeko, inongo salbuespenik onartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.