Itolarrian bizi dira Lehen Arretan

Maria Emma del Campo Pena
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Korrontearen kontra igerian bezalaxe lan egiten dute aspalditik Lehen Mailako Arretako sendagileek. Behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu lan baldintza duinak merezi dituztela eta horretarako antolakuntzan aldaketa sakona egin beharra dagoela. Luzera begirako plangintza ezinbestekoa bada ere, aldaketa horiek, funtsean, ez dirudite hain zailak: langileen egonkortasuna bermatu eta plantillak handitu, bete daitezkeen agendak diseinatu eta profesionalen gehiegizko lan karga arindu.

COVID-19a gure bizitzara heldu zenetik ia bi urte pasatu dira. Gure kasuan, gainera, birusa gure lanpostuetara ere iritsi zen eta gure eguneroko lana zeharo baldintzatu zuen. Geroztik, korrontearen kontra igerian jarraitzen dugu, baina dagoeneko itolarrian bizi gara, eta bada igerian jarraitzeko indarrik ere ez duenik. Bitartean, badira itsasertzetik ikusten gaituztenak, baina salbamendu-txaluparik bidali gabe.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargotik sendagileek gaur egun pairatzen dituzten lan baldintza gogorrak azaleratu nahi ditugu. Batetik, egunero osasun zentroetara hurbiltzen diren pertsonek horiek ezagutu eta gurekin bat egin dezaten, baita gizarte osoak ere; eta, bestetik, instituzioei beste behin ere hausnarketa sakon bat eskatzeko, behar diren neurri eta aldaketa estrategikoak martxan jar ditzaten lehenbailehen.

Arazo nagusiak ondorengoak dira:

— Bete ezin diren agendak. COVID-19ak oraindik ere presio handiagoa ekarri du sendagileen agendetan, eta bete beharreko zereginak handitu besterik ez dira egin. Hori guztia, gainera, gaixoen egoera inoiz baino konplexuagoa denean eta euren osasun mentalarekin zerikusia duten hainbat eta hainbat patologia ikusten ari garenean. Gure gaixoek kalitatezko arreta behar dute, eta, horretarako, guk denbora behar dugu, ez korrika eta presaka lan egin, bisitak, deiak eta burokrazia amaigabe baten gurpilean. Testuinguru horretan oso zaila da gure praktika klinikoarekiko konfiantza mantentzea, eta frustrazio handiarekin bizitzen dugu segurtasun gabezia hori.

— Lantaldeko bilerak murriztu egin dira. Horiek ezinbestekoak dira diagnostikoak edo kasu zailak konpartitzeko, eguneroko arazoei irtenbideak bilatzeko, elkarrekiko formakuntza bultzatzeko...

— Sendagile egoiliarren formakuntzak okerrera egin du nabarmen. Testuinguru zail honetan, tutore izandako sendagile ugarik funtzio hori uztea erabaki dute, eta ez dago esan beharrik benetako arazoak daudela egoiliarren tutore berriak aurkitzeko. Tutorerik gabe, egoiliarren formakuntza arriskuan dago.

— Autoformakuntzarako aukerak gero eta urriagoak dira. Eta gure jarduera profesionalerako ezinbestekoa dira. Era berean, gero eta zailagoa da ikerketarekin zerikusia duten jarduerak egitea. Horrek guztiak gure lankideen desmotibazioa handitu besterik ez du egiten.

Ez da harritzekoa, beraz, lanbide hau uzteko erabakia hartzen duten sendagileak geroz eta gehiago izatea. Korrontearen kontra igerian urteak eman eta gero, indarge sentitzen dira, eta egindako esfortzua eginda ere, itsasertza oraindik ere urrutiegi dago. Bada beste herrialde batera lanera joatea erabaki duenik; bada osasun zentroa uzteko beste espezialitate bat ikasten jarri denik; eta bada zuzenean beste ogibide batera salto egin duenik ere. Sendagile falta arazo larria den honetan, ezin ditugu lankide gehiago galdu.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak instituzioei eskatzen die berehala ekintzara pasa daitezen: egin ditzatela behar diren aldaketa estrategikoak, har ditzatela sobera ezagun dituzten arazoei aurre egiteko neurriak. Gure sendagileek baldintza duinetan lan egiteko eskubidea dute, eta gaixoek, gizarteak orokorrean, segurtasunez eta denbora nahikoz artatuak izatekoa.

Guztion kalitate asistentziala dago jokoan, eta, batez ere, sendagileen biziraupena. Bidali itzazue salbamendurako neurriak lehenbailehen.

OHARRA: Artikulu hau Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren Gobernu Batzordeko hamabost kideek sinatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.