lander garro
Idazlea

'IT'

2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Guztion sakelakoetara ailegatu da noizbait IT filmaren pailazo hiltzailearen memeren bat. Ez dakit zehazki Stephen Kingek asmatu ote zuen historian izan den lehen fikziozko pailazo hiltzailea, baina harena da, dudarik gabe, ospetsuena. Hagin zorrotz eta odoltsuak ditu, eta auzo baketsuetako estoldetatik ateratzen da, haurrengan izua eragiteko asmoz. Krudela eta sarkastikoa da pailazo hiltzailearen figura, bereziki perbertsoa delako zoriona eragiteko asmatua den pertsonaia ikoniko batek justu kontrakoa egitea: terrorea. IT-eko pailazoa, zorionez, fikziozkoa da, Stephen King idazlearen («terrorearen maisua» bezala ezaguna dena) burutazio gaizto bat gehiago.

Gurean ez da egon halako pailazorik, noski. Ez fikzioan, ezta errealitatean ere. Baina izan dira IT-eko pailazoa bezainbeste satanizatutako pailazoak: Pirritx eta Porrotx. Ez dira hiltzaileak, ez dute izurik eragiten eta, hain serioa ez balitz, algara eragingo lukete, orain bai eta gero ere bai, komunikabideek haien irudia lohitzeko egiten dituzten ahaleginek. Stephen Kingek ez luke hobetuko: «Erakunde armatu bateko kide diren pailazoak, izua eragiten dutenak han eta hemen bonbak ipiniz». Hori baita, gutxi gorabehera, haietaz esan izan dena, ustez serioak diren egunkarietan, irratietan eta telebistetan. Espainia halakoa da, nobela deliranteenetan bezala, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, inork zinez muga non dagoen jakin gabe.

Berriki ezagutu dugu terrorismoaren biktimen lobby batek egindako salaketaren harira, Erkoreka barne sailak «ikerketa» abiatu duela Porrotx pailazoaren kontra. Esaldiak berak, IT-eko pailazoak bezala, algararen eta terrorearen arteko sentimendu fonanbulista eragiten du. Barregarria al da? Badauka alde barregarri bat, noski: nor eta polizia, zer eta pailazo bat ikertzen. Estoldetan barna abiatuko al dira haren pausoak jarraitzeko? Non ote dabil pailazo hiltzailea? Pailazo eskolan, edo Kabulgo kobetan, munduko beste terroristekin batera? Moskun, Putin hiltzailearen inguruan? Iranen? Sirian? Gazan? Non bizi da pailazo hiltzaile bat? Zer jaten du? Supermerkatura joaten da haragia erostera, edo haurren haragiarekin konformatzen da? Galdera horiek guztiak datozkio albistearekin satira pixka bat egin nahi lukeen edonori. Albistearen erro serioak, ordea, ez dira hain barregarriak.

Oraindik gogoan daukat, 2009ko Bilboko jaietan, Azkuna EAJko alkateak Pirritx eta Porrotx betatu zituenekoa. Modus operandia nahiko antzekoa izan zen: talde parapolizial horietako batek salatu zuen «ETAren aldeko pailazoen» ikuskizuna izango zela jaietan, eta Azkuna alkatea berehala atera zen pailazoen kontra hitz egitera, haiek «ETA gaitzesteari» uko egiten ziotela argudiatuz. Oso rokanboleskoa izan zen kontua, gerora pailazoak atera behar izan baitziren esanez inork ez ziela inoiz eskatu «ETA gaitzetsi zezaten». Ikuskizuna debekatu zuten. Eta gainera «bakearen eta etikaren alde» egin izanaren inpresioa eman zuen alkateak jendaurrean. Hori baita hemen kontua, konturik bada: EAJren karguek behin eta berriz erabili izan dituztela talde parapolizialak kanpaina egiteko, eta, bide batez, oposizioa kakazteko. 2009az geroztik hamabost urte pasa dira eta, kantuak zioen bezala, berdinetan gaude. Badirudi, kanpotik ikusita, hemen gauzak berez gertatzen direla, eta EAJk arbitro lana besterik ez duela egiten. Haien asmoa ez da inor betatzea, inor debekatzea edota jazartzea, baina aizu, terrorismoaren biktimak mintzen badira, EAJren lana da pailazoei belarritik tira egitea, haien ikuskizuna agendatik kentzea, espazio publikoa galaraztea eta, zergatik ez, «ikerketa» bat abiatzea. Nor mintzen du ikerketa batek, erruduna ez bada? Ikerketa bat gauza immakulatua da, gardena eta zuria. Ez da hainbesterako! Ikerketa hitzak, ordea, tresna politiko bezala erabilita, mezu inplizitu bat uzten du herritarren kontzientzian: «Ez da guk esaten dugulako, baina, ikusten?, ezker abertzale inguruko jende guztiak darama terrorista txiki bat bere baitan. Berdin du pailazo, idazle, musikari, zinegile... denek daukate gene hori barruan txertatuta. Hemen bizi dira, gure artean, baina bizi zitezkeen Kabulen, edo gure auzo errespetagarrietako estoldetan. Barre eginarazi nahi digutela esaten dute, baina, sakon-sakonean, izua eragin nahi digute. Eskerrak guk polizia daukagun, gizartea defendatzeko!».

Porrotxen kontrako auzibidea, ezeren aurretik, prebarikazioa da. Sareren giltzen kanpaina ikaragarri ongi ezagutzen dute, bai barne sailak, eta bai ertzaintzak ere. Zuk eta nik baino askoz hobeto. Badakite non sortu den, zenbat aldiz bildu diren eta nortzuk ideiari forma emateko. Nork eman duen atxikimendua. Dena dakite. Idazten ari naizen hauxe ere ezagutzen du poliziak. Iradoki nahi ote dute ETAren jarduna zegoen bitartean egiten zen «inteligentzia» lan estruktural eta sistematiko guztia desaktibatu zutela ETA desegin geroztik, eta orain «ikerketak» abiatu behar dituztela ezker abertzalearen orbitako honek edo besteak zer eta non esan duten «argitzeko»?

Stephen Kingek asmatu zuen herritarrak bere hagin odoltsuekin izutzen dituen pailazoa, beren izatea hala traizionatzen duena. Pailazo iruzurgilea, doilorra. Bere natura bortxatzen duena, engainua erabiliz. Gauza baterako sortua, kontrakoa egiten duena. Ez dakit zuek, baina definizio hau askoz ere gertuago ikusten dut nik bere herria zaintzeko sortu arren, bere herria jazartzen eta zapaltzen duen poliziarengandik, geurean dauden pailazoengandik baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.