EHKSko bozeramailea

Israel eta bere konplizeen aurka, urriaren 5ean, Bilbora

Ander Goiatxe
2024ko urriaren 3a
05:00
Entzun

Israelgo Estatuaren sarraskiek ez dute etenik. Jada urtebete egitera doan palestinarren aurkako genozidioari kapitulu berri bat gehitu zaio azkeneko asteotan. Irailaren 17an, aurrekaririk gabeko ekintza terrorista batean Hezbollahren komunikazio tresnak leherrarazi zituenetik, izua eta heriotza zabaldu ditu Israelek bertako herritarren artean. Eta egoera are eta gehiago larritu da aste honen hasieran Libanoko lur-inbasioa abiatzearekin batera. Gazan eraildako 40.000tik gora pertsonari, ia erdiak umeak, beste ehunka gehitzen hasi zaizkie Libanon. Horrela, Israel gauzatzen ari den genozidio eta garbiketa etnikoak kapitalismoaren aurpegi gordin eta zitalena erakutsi dio berriz ere munduari, eta, ondorioz, beharrezkoa bilakatu zaigu gu guztioi horrelako basakeriek lekua duten sistemaren zein estatuen inguruan hainbat hausnarketa egitea.

Israelgo Estatuaren oinarrian dagoen ezaugarri ideologikoetako bat supremazismoa da. Sionistek pentsatzen dute Ekialde Hurbileko gainerako herri edo etnia guztien gainetik daudela. Eta horixe da praktikan jartzen dutena, euren estatua hedatu nahi duten inguruko lurraldeetako herritarren artean izua zabalduz, bizirauteko ezinbestekoak diren azpiegitura guztiak suntsituz edo zuzenean milaka pertsona armen bidez akabatuz. Palestinan edo Libanon mendeetan zehar bizi izan diren herri eta etniak sistematikoki desagerrarazteko helburua du Israelek. Hala erakutsi digute azken hilabeteetako gertakariek, eta Israelen izaera terrorista are eta agerikoagoa egin dute.

Gure ustez, bere esentzian supremazista, terrorista eta genozida den estatu bat ezin da inolako soluzioren parte izan. Denborak erakutsi digu Palestinar herriaren aurkako garbiketa etnikoak ez duela amaierarik izango Israelek existitzen jarraitzen duen bitartean. Ondorioz, oinarrizkoa deritzogu Israeleko Estatuaren disoluzioa eta Palestinaren askatasun osoa aldarrikatzea. Horrekin batera, Palestina eta, oro har, Ekialde Hurbileko gure anai-arreba zapalduen borroka babestea dagokigu, bai eta euren jardunaren gaineko gezurrari eta kriminalizazioari aurre egitea ere.

Azken hori, gainera, zeregin garrantzitsua bilakatu da guretzat. Izan ere, Mendebaldeko estatu, komunikabide eta alderdiek Palestinar erresistenzia kondenatu eta etengabe kriminalizatzen dute, eta, kontrara, estatu sionista neutral eta aurrerakoi gisa saltzen dute. Horrek agerian uzten du Israel egiten ari den guztian Mendebaldeak daukan erantzukizuna eta papera. Ez dugu ahaztu behar, hain zuzen ere, entitate sionista Mendebaldearen eta NATOren sukurtsal bat baino ez dela, bloke horretako oligarkiaren interes zuzenei erantzuten diena. Horren adibide, Mendebaldeko gobernuek Israel babesten jarraitzen dutela: babes militarra emanez, enpresek entitate sionistarekin dituzten harremanak babestuz edo bere jarduna politikoki justifikatuz. Sinplea da. Israelek NATO behar du eta NATOk Israel. Eta hortaz, Israel ez da eroriko berau sostengatzen duten Mendebaldeko estatuen eta aparatu inperialistaren posizioa kolokan jartzen ez dugun bitartean. Horregatik aldarrikatzen ditugu Israel eta NATOren aurkako borrokak borroka bera direla.

Bide horretan, lehen pauso bat Mendebaldeko gobernu eta enpresariek Israelekin dituzten harreman politiko, ekonomiko edo militar oro haustera bultzatzea da. Eta hori lortzeko baldintza euren pasibitate eta konplizitatearen aurrean kaleak hartu eta mobilizatzea da.

Guk Palestinar herriaren aldeko elkartasun internazionalista sustatzen jarraituko dugu, Israelek Mendebaldean dituen konplizeei eta NATOri aurre eginez, entitate sionistarekin harreman guztiak etetea exijituz, Palestina eta inguruko herrietako zapalduen erresistentzia babestuz eta palestinarrentzat askatasuna ekarriko duen irtenbide posible bakarra aldarrikatuz: Israelgo Estatu Terroristaren desagerpena.

Horrenbestez, dei egin nahi diogu Euskal Herriko langileriari urriaren 5ean Bilbon Palestinarekin Elkartasuna plataformatik deitu dugun manifestazio nazionalera bertaratzeko. 12:00etan Jesusen Bihotzean dugu hitzordua. Bertan ikusiko dugu elkar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.