Israel elikatuz

2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Israelgo Estatua izango da zibilizazioaren jagolea izugarrikeriaren aurka». Hala argudiatu zuen Theodor Helz-ek, 1917 aldean, Ekialde Hurbilean estatu judu bat sortu behar zela. Antzera mintzatu zen Jose Maria Aznar ere, 2012an, Samuel Hadas saria jaso zuela-eta estatu sionistak Espainian zituen interesen alde egindako ekarpenarengatik. Bere garaian ohartarazia zuen sionismoaren sortzaileak —eta gaur egun ere agerikoa da oraindik—: kanpoaldetik eutsi beharrekoa da Mendebaldeak eskualde hartan duen kokapen estrategiko eta abangoardiako hori; bestela, ikuspegi ekonomikotik, ez litzateke bideragarria izango halako mikroestatu bat han finkatzea, bizitzeko desegokia eta baliabide natural urriko lurraldea izaki, zeina —paradoxaz— harro baitago daukan armada mantentzeaz, planetan suntsiketa ahalmenik handiena dutenetan laugarrena.

Israelek harro erakusten dio munduari zein bi arlo estrategikotan duen boterea: gerraren eta gizarte kontrolaren industrian, eta nekazaritza alorreko negozioan. Diziplina bietarako, gainera, euskaladministrazioen lankidetza ezinago preziatua dauka. Segurtasun alorrari dagokionez, urte hasieran, txosten bat argitaratu zuten Kataluniako bi organizaziok, Negocis Ocults-ek eta JM Delas Bake Ikerketen Etxeak, eta, txosten horretan jakinarazi zutenez, baziren harremanak «segurtasun» sektoreko Israelgo hainbat enpresaren eta Espainiako Estatuko zenbait polizia indarren artean; besteak beste, Ertzaintza eta Nafarroako Foruzaingoa ageri dira. Sektoreko hainbat enpresak ere, hala nola Guardian Homeland Securityk, jendaurrean harro esana dute Polizia horietako kideak trebatzen dituztela Israelen, eta «benetako borroketan kontrastatutako» errepresio teknikak irakasten dizkietela entrenamendu bidez.

Oraindik orain jakin dugunez, Israelera bisitan joan da Euskadiko Nekazaritza Elikadurako Kooperatiben Federazioko ordezkaritza bat, beste hainbat ordezkari instituzional lagun dituela; estatu sionistara ere joateko asmotan dira, gainera, EAEko Parlamentuaren aurrekontua baliatuta, Israelgo zenbait enpresarekin lehentasunezko harreman komertzialak ezartze aldera. Bisitaldi hori antolatzen esku hartu du Havtaja elkarte ezagunak, interes sionistak Euskal Herrian sustatzeaz arduratzen denak. Ondo jakinekoa da nekazaritza elikadurak sekulako garrantzia duela estatu hartan, zeinak arrandiaz erakusten baitu bere inguruneko elkortasunari gaina hartua diola laboreak lantzeko teknika berriak erabilita, organismo bizidunak genetikoki aldatuta eta, batez ere, eskualdeko ur baliabide bakanak indarrez kenduta. Hala, bada, Israelek nekazaritza alorrean goraldia izango badu, eskualdeko ur baliabide nagusiak militarki okupatu beharra dauka: besteak beste, Golango gainak eta Jordan ibaiaren harana. Nazioarteko legearen arabera, Palestinaren lurraldean daude Jordan ibaiaren mendebaldeko lursailak, eta, gaur egun, okupazio indarraren kontrol militarraren pean daude; horiek ustiatzen dituzte lur haietako baliabideak, zeinak Zisjordaniako emankorrenak baitira. Bisitaldia, berriz, Euskadi Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020-Estrategia Basque Countryren barruan dago; Palestinaren okupazioarekin lankidetza zuzenean aritzea dakar berekin, eta hango baliabide naturalak ustiatzea eta proiektu sionista bideragarri egitea Ekialde Hurbilean. Ezin onartu dugu Israelgo estatu genozidarekiko lankidetzarik. Ez gure izenean, ez gure diruarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.