Isolamenduaren irakasgaiak

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakit noiz jasoko duten egunkari hau Espainia eta Frantziako kartzeletan bahituta dauzkaten euskal herritarrek. Jasoko duten ere... Gutunek hogei egun behar izaten dute iristeko. Eta egunkariak ez zaizkie iritsi, azken egunotan.

Zaila egiten zaigu barneratzea egunerokoan ezinbesteko bihurtu zaigun ordenagailurik, mugikorrik eta sarerik ez dagoela kartzelan. Telebista, irratia eta paperezko egunkarien munduan bizi direla. Telefono finkoa eta gutunak direla haiekin harremantzeko moduak. Ez dagoela WhatsApparen bat-batekotasunik.

Euskal Herrian bizi dugun egoera berrian, ez litzateke ariketa txarra izango irudikatzea trepeta horiek guztiak gabe nolakoa izango litzatekeen jasaten ari garen itxialdi hau.

Ez da hori artikulu honen gaia, ordea.

Itxialdia hasi zenean, automatismoz heldu nien duela urtebete luze arte eta hamalau urtez nireak izan ziren ohiturei: itxialdi eguna zenbatzen hasi, egunerokoa antolatu...

Konturatu nintzen WhatsApp taldeetan bazegoela egoerari buruzko noraez moduko bat, eta erabaki nuen ingurukoen artean nire esperientzia partekatzea. Betiere jakinda gutako bakoitza mundu bat dela eta norberak aurkitzen duela bizitzako zailtasunei aurre egiteko bere izaera eta bizipenei egokitzen zaien formularik hoberena.

Horrela idatzi nien:

«Egin behar da eguneko plangintza. Hoberena norberak berea antolatzea dela uste dut. Irudimena landuz. Aurrena, etxean zer egin dezakegun hausnartu; ondoren, zerrendatu, eta, azkenik, asteko plangintza egin. Jarduera eta orduekin astegun eta asteburuak desberdindu. Larunbata eta iganderako zeregin eta plan bereziak egin. Garrantzitsuena plangintza hori egitea da, nahiz eta gero ez bete. Kontua ez baita guk geure buruari ezartzen diogun erregimen baten menpeko bihurtzea. Plangintza hori, erreferentzia bat izateko eta erabakimenaren jabe izateko da. Bestela, beste inoren esku egongo da gure bizimodua. Anabasa baldin bada, izan dadila anabasa kontzientea eta geurea. Zer ordutan oheratu eta jaiki, goizean hau egin, gero beste hori, kirola egiteko ordua, etxea garbitzeko tartea, kuluxka egin edo ez, film bat egunean edo asteburuetan soilik, irakurtzeko denbora markatu, lan egitekoa, lagunekin egotekoa, Skypez edo telefonoz, leihora ateratzekoa... presoei gutunak idazteko».

Egun batzuk igaro dira geroztik, eta, gutxi-asko, guztiok ari gara egoera berrira egokitzen. Egoera berri hau deskubritzen.

Kontua da, egoera hau denboran luzatuko balitz, egoera honi ahalik eta baldintza hoberenetan aurre egiteko prestatu beharko genukeela geure burua. Eta, itxura guztien arabera, luzatu egingo da. Hori horrela balitz, horren ondorioez jabetu beharko genuke. Hurkoa zaintzeko gai izan nahi badugu, geure burua sendo izan behar baitugu.

Hausnarketa horretatik abiatuta, nire esperientzian oinarritutako ondorengo hausnarketa berri hauek helarazi nizkien ingurukoei, lagungarri izango zitzaizkielakoan. Eta adiskide batek adoretu nau hedapen zabalagoa ematera, baliagarriak izan daitezkeelakoan. Beraz, interesgarri iruditzen zaizkizuenak gogoan hartu, eta besteak ahaztu:

Gizakia edozein egoeratara egokitzen den izakia izanda, itxialdi egoerara ere, nahiz eta egoera naturala ez izan, ohitu eta egokitzen da.

Nik bizitakoaren arabera, itxialdi egoerak, gizakiari eragiten dion prozesu orok bezala, faseak ditu.

Lehena eta laburrena, amorrua eta minarena da; batez ere, arrazoiak asumitu arren, itxialdiak kostu pertsonal handia eragiten badu. Ez naiz luzatuko honetan.

Bigarrena, egokitzapenarena da.

Egoera gogorra izan arren, berritasunak badu beti zerbait erakargarri. Norbera egoera berri horretara egokitzen joateak, ohitura berriak deskubritzeak, norberaren alderdi berriak ezagutzen laguntzen du, norberarenak eta berdin hurkoarenak.

Ez da egoera euforikoa, baina egun batzuk lehenago bizitako tristura, amorru eta beheraldiarekin alderatuz gero, aldaketa handia da. Eta horrek eraman gaitzake pentsatzera egoera ez dela hain jasangaitza. Batez ere amaiera data jartzen badiogu. Presoek komikietan egin bezala, egongelako horman makilatxo birtualak marrazten hasiko gara. Inkontzienteki bada ere, epe tenporala finkatuko diogu gure kondena honi, eta ustezko amaiera bitarteko denbora jasangarriago egingo zaigu.

Badakigunez bukatu egingo dela, ez zaigu jasatea ez den beste irtenbiderik bururatzen. Bukatzean, lehen egiten genituen, eta orain egin ezin ditugun, gauza horiek guztiak, berriro ere eta are gogotsuago egingo ditugula pentsatzen hasiko gara. Bizitzari gogotsuago helduko diogula. Pentsatuko dugu ergelak izan garela unean unekoa ez dastatzen eta hainbat kontu geroko gerorako uzten.

Konformatu eta egokitu egiten gara. Gure baitan, esperantzak hartzen duelako amorruaren eta etsipenaren lekua.

Itxialdiak iraun dezakeen denbora zehaztu gabeari aurre egiterakoan, bigarren aldi hau da giltzarria. Orduan finkatu behar baitira, egunak igaro ahala gure gogoak izango dituen nahitaezko gorabeherei aurre egiten lagunduko diguten azturak eta automatismoak. Egunak igaro ahala eta guk markatutako kondena-ren epea luzatu ahala, eta amaiera eguna ortzimugan urruntzen hasiko balitz, beheraldian eta inkomunikazioan ez erortzen lagunduko digutenak.

Hain zuzen ere, deskubrimenduen fase hori agortzen denean, eta norberaren nortasunaren eta bizipenen arabera lehenago edo beranduago gertatuko da hori, berriro ere gailendu daitezke guztiz desagertu ez diren hasierako amorru eta minak; esan bezala, egoera horrek norberari eragiten dion kostu pertsonalaren araberakoak eta egoeraren zentzua eta arrazoia zenbateraino ulertzen denaren araberakoak izango direnak.

Itxialdian, ordu asko emango ditugu familian, maite dugun jendearekin, edo gaizki konpontzen garen jendearekin, edo bakarrik. Baina, beti, itxita. Eta ihesbide laburrena norberaren baitara daramana izan ohi da.

Beraz, azken fase horretan, geure baitan ixteko arriskua daukagu: gure eguneroko bizitza soziala erabat kamustua edo deseginda baitago; itxialdiak inposatzen digun isolamendutik ateratzeko egin behar den ahaleginak, hurkoarekin komunikatzeko indarren ahultzea ekar dezake: ez ditugu laneko gorabeherak, ez kuadrillakoak, ez kalean ikusten ditugunak. Hitz batez, gure paisaia bisuala eta soziala murriztu egin da. Eta irtenbidea gure baitan babestea izan daiteke, oskol baten barruan bezala. Eta oskol horren barruan, XXI. mendeko trepetekin giltzapetu dezakegu geure burua, mundu birtuala leiho bakar bilakatuz.

Horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua egokitzapenaren aldian sendo finkatzea, gure barne mundutik kanpo, eguneroko bizimodu berria zedarrituko duten ohiturak eta bizitza sozialari eskainiko diogun denbora.

Eta, gertatzen ari den bezala, hitzordu sozialak antolatzea, leiho, balkoi eta terrazetatiko komunikazio zuzenaren bidez komunitatea sendotzea. Kartzelan leihotik leihora, eraikinetik eraikinera eta patiotik patiora egiten den bezala.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.