Islandia eta Irlanda: berdintasunak eta diferentziak

2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Islandiak eta Irlandak, biek, zor handia jasaten dute, baina, Islandian ez bezala, Irlandako bankuetako pasiboak eurotan daude izendatuak, Irlandan erabiltzen den (eta berak kontrolatzen ez duen) monetan: eurotan. Irlandak bere moneta baztertu zuen euroa onartzean. Beraz, ez dago Islandia dagoen egoeran, Islandiak moneta propioa dauka, koroa. Ez dauka, barrura begira, politika monetarioa erabiltzeko ahalmenik.

Beste aldetik, badago funtsezko erlazio bat hazkunde ekonomikoaren eta zorra zuritzeko interesak ordaintzeko ahalmenaren artean. Arriskurik gabe egoteko, gobernu ez-subirano batek, Irlandakoak kasu, ez luke ordaindu behar bere hazkunde tasa nabarmenki gainditzen duen interes tasa. Zorra zuritzearren, gobernu errentak lortzeko, ortodoxiaren arabera, gobernuak gastuak murriztu behar ditu eta zergak handitu. Horrek Irlandako hazkundeari kalte egingo dio. Are gehiago: Irlandak behar du eurotan bere aldeko fluxua gainditzea, bere kanpo balantzaren bidez; alegia, EBrekiko inportazioak murriztuz eta esportazioak handituz. Horretarako, ortodoxiaren arabera, barneko hazkundea murriztu behar da, inportazioak jaisteko eta nazioarteko lehiakortasuna areagotu. Horrek, berriz, barneko hazkundea murriztuko du, gobernuaren zorrean ordaindutako interes tasaren azpian. Eta horixe da, hain zuzen ere, EBko elitea proposatzen ari dena.

Normalki, ekonomiaren hazkunde geldoak errenta-tasaren hazkunde geldoa esan nahi du. Barneko austeritateak aurrekontu defizita txartu egiten du, zeinak gobernuaren zorrean interes-tasak areagotzen dituen. Gurpil zoro bat sor daiteke, non zor zerbitzua lehertzen baita hazkundea geldotzen den heinean eta interes tasak handitzen diren moduan.

Irlandak bere moneta subiranoa izango balu, gobernuaren defizitaren tamaina ez litzateke izango inolako arazoa. Irlandak ez dauka Islandiak daukan ahalmena aurrekontu defizita eramateko hazkundea areagotzearren, ezta interes-tasak jartzeko ere ekonomiari laguntzearren (EBZtik baitatorkio interes-tasen kontua). Ezin du moneta (euroa) debaluatu, nahiz eta krisian egon, Greziari, Portugali edo eta Espainiari gertatzen zaien bezala.

Irlandako gobernuak aukeratu zuen bere bankuak babestea. Islandiak, aldiz, herritarrek birritan bozkatu dute banku handiei diru-laguntza ez emateko. Gobernuaren ahalegina, beste hainbat herrialdetan bezala, atzerritar hartzekodunen diru-laguntzaren kostuak jendeari pasatzea izan zen. Baina islandiarrek baztertu dute hori.

Gobernuaren arabera, Islandiak Europako banku handiek egindako mailegu txarrak ordaindu behar zituen. Zorrak eurotan daude izendatuak, ez koroatan, hau da, Islandiak kontrolatzen ez duen atzerritar monetan. Baina jendeak uste izan du nahikoa dela. Jadanik islandiarrek aski sufritu dute atzerritar monetan (eurotan) era ez-diskriminatu eta kontrol gabeko batez mailegatu zuten erakunde finantzarioek sorturiko finantza-krisitik. Orain, arriskuak hartu zituzten atzerritar inbertsiogile horiek, Islandiako bankuetan eurotan izendaturiko gordailu ez-aseguratuei eutsiz, bereganatu behar dute galera: aurreztaile batek ez badu nahi arriskutan jarri, berak soilik aktibo ziurrak bereganatu behar ditu, gobernu edo botere subirano batek bermatutako segurtasunezko aktiboak.

Islandiak nahi izan du soilik bere egoiliarren gordailuak(koroatan daudenak) bermatzea, atzerritarrek zeuzkaten gordailuetako kasuan (eurotan daudenak), Islandiako bankuek haiei ez ordaintzea ahalbidetuz. Horixe izan da jendearen bakezko «iraultza» miragarria.Islandiako bankuek atzerritar moneta batean (eurotan) egin zituztela beren kanpo maileguak, Islandiaren subiranotasun monetarioaz haratago, oso haratago, joanez. Eta orain, eurotan izendaturiko zor handi horri aurre egin behar dio. Hori ezina denez, gobernuak nahi zuenaren aurka aritu dira biztanleak.

Baina tartean, hala Islandiak nola Irlandak lanpostuak behar dituzte. Horretarako, Wray-ren arabera, hoberena da lanpostuen babes orokorreko plana martxan jartzea. Gobernuak salmentarako edozein kantitate babes dezake bere monetan. Gobernuak konputagailuarenteklatu-kolpeekin gastatzen du, bankuen kontuak kreditatuz. (Irlandak, bere moneta utzi eta gero, euroa onartu zuen, de facto, kanpoko moneta bat (euroa) onartuz. Beraz, Irlandak ezin du lanpostu berrien aldeko horrelako programa gauzatu).

Gainera, moneta subiranodun herrialde batentzat, interes-tasaren afera jardunbide aldakorra da, zeinak ez baitauka zerikusirik solbentziarekin. Gobernuak interes-tasak baxuak ukan ditzake eta interesak ordaindu teklatu-kolpeen bitartez, bankuetako kontuak interesarekin kreditatuz. Islandiak ez dauka inolako arazorik politika hori aurrera eraman ahal izateko. Irlandak, aldiz, (eta EBko beste edozein herrialdek) arazo handiak dauzka. Ezin ditu kontrolatu bere mailegu hartzearen tasak, zeintzuk merkatuetan jartzen baitira.

(Finantza ingeniaritzan azaltzen diren horrelako eta antzeko arazoak ulertzeko, ikus http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/archive).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.