Normalean, erdi egiak, gaitz esanen apur batekin, gezur hutsa baino askoz ere kaltegarriagoak izaten ohi dira. Eta Goebbelsek esan zuela esaten dutenen arabera, gezurra bota behar bada, eta hau eraginkorrena izan dadin, ahalik eta handiena bada, orduan eta hobe. Orain dela hiru urte, gipuzkoar herri txiki bateko biztanleok hauxe frogatzeko aukera izan genuen: orduko udal gobernuak ahalegin itzela egin zuen helburu laudagarri bat lortzeko, herrian sortzen ziren hondakinak murriztea hain zuzen ere. Eta helburu laudagarri hori alderdi eta talde politiko jakin batzuek ikuspuntu guztietatik astakeria balitz bezala aurkeztu zuten. Ikuspuntu guztietatik diot. Pentsaezinak direnak ere.
Duela hiru urte gertatu zen hori guztia. Usurbilen atez ate jarri zen bilketa sistemak jasotako kanpaina erasotzailetik ia zauririk gabe atera zen eta, denbora honetan, berziklapenaren emaitzek frogatu dute, sinpleki esanda, usurbildarrok gauzak ongi egiten badakigula. Ongi, edo oso ongi. Buelta gehiago eman gabe. Gauzak zuzen egitearen abantaila da argibide gutxirekin erraz azaldu daitezkeela.
Alabaina, azken hilabete hauetan, ingurumenaren gaiari lotuz zuzen jokatzeko asmoa duen talde politikoa udal hauteskundeetan hainbat tokitan gailendu izanaren ondorioz, laino ilun horretan nahasten diren botere eta interes ekonomiko, komunikatibo eta politikoak berriro aztoratu dira. Egundoko gezurrei, desitxuratzeari eta manipulazioari, anekdotaren handitzeari... orain garrantzia duena txikiagotzea gehitu zaio.
Garbiago esateko, isiltasuna. Azken egunotan, atez atekoaren kontra pilatu den armamentuari isiltasuna erantsi baitzaio.
Egun gutxiren tartearekin bi berri on jaso ditugu. Bata, Europako Batzordeak, sailkako ereduan oinarrituta, adierazi du hondakinak kudeatzeko modu iraunkorragoak sustatzea ezinbestekoa dela hemendik aurrera. Bestea, berriz, Madrildik zetorren: Espainiako Ingurumen Ministerioak Usurbilgo hondakin bilketaren eredua txalotu eta herri honetan egiten den atez atekoa «praktika onen» atalean kokatu du.
Aitortu beharko dugu bere puntua baduela muturreraino kritikatua eta erasoa izan den bilketa sistema Ingurumen Ministerioak goraipatzea bere webgunean. Atez atekoa gauzak ondo egitearen sinonimo... Kontua da Bruselatik edo Madrildik etorritako berriak, ez batak ez besteak, ez duela inolako adierazpenik sorrarazi. Ez baloraziorik, ez iruzkinik, ez galderarik, ez erantzunik. Deus ez. Isiltasunaren adierazgarritasuna? Bere horretan utz dezagun. Isiltasuna adierazgarria denean, egiaren adierazgarritasuna gailendu delako da eta.
Jakina da errealitatea, pixkanaka bada ere, burutazio interesatuen gainetik jarriko dela; eta herri honetan, atez atekoa martxan jarri zela hiru urte bete direnean, iragarri ziren kalamitate, izurrite eta zorigaitz haiek guztiak etorri ordez Espainiako Ingurumen Ministerioaren aitormena da etorri dena. Balantze modura ez dago gaizki, nahiz eta hori ez den garrantzizkoena. Egia esanda, sariak ez du inporta. Ez eta argitaratzea edo aipamena egiteak ere. Beste zerbait da garrantzia duena. Ardura, kontzientzia eta etorkizuna; ondo jokatzen ari garela jakiteak ematen duen konfiantza eta harrotasuna da garrantzia duena.
Gauzak horrela, kataklismoaren profezia konplitu ez denez eta Gipuzkoako herri asko modernitateak, etorkizun jasangarriak eta Europak markatzen duten norabidean —batez ere zentzuak erakusten duen norabidean— abiatu direla ikusita, zuzen jokatzearen aldeko ahalegin horretan animatu nahi ditut horiek guztiak.
Besteei, udal gobernuetan ardura izanda atez atekoaren kontra etengabeko eraso kanpaina ulertezinean irentsita geratu diren horiei, egin beharreko azterketa zentzu ttantta batez bustitzea eskatuko nieke, konpondu behar dugun arazoa —sortzen ditugun hondakinak nola gutxitu erarik eraginkorrenean— ikuspuntu errealetik abiatuz; eta politikaren koloreaz tindatu gabeko hausnarketa zintzoa egin dezatela.
Era honetara ari garen herrietan sistema honen abantailak ikusten ari gara jada, eta Zero Zabor helburua dugu aurrean marraztuta. Praktika onen eredu moduan izendatuak izan garela aprobetxatuz, iruditzen zait Usurbilgo herriak, nola edo hala, baduela zerbait eskatzeko ahalmena eta eskumena: hainbeste kritikatu gaituztenak irits daitezela Usurbilen lortu dugun birziklatze mailara gutxienez. Edo lor dezatela guk baino gehiago. Eta behin hasita, gu gailentzera animatu nahi ditut. Buru-belarri sar daitezela helburu horretan. Baliteke, zergatik ez, atez ateko sistemak baino emaitza hobea eman dezakeen eredu berri bat aurkitzea. Hala balitz, poztuko ginateke. Hau ez baita zatikako borroka bat; erronka orokorra da. Era horretara, guztiok irabaziko genuke. Etorkizunak irabaziko luke. Eta hori da gakoa.
Isiltasun adierazgarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu