Aitziber Garmendia.

Isilik egoteak balio duena

2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Umetan, txindurrien kontra izkinetan botatzen zen pozoia ez ukitzeko esaten zidan beti amak. Gero eskuak ahora eraman eta pozoitzeko arrisku nabarmena ikusten zuen nonbait. Kasu egiten nion garai hartan, eta hala saiatzen naiz gaur egun ere, pozoia ez ukitzen. Horrexegatik, pertsonaia publikoa naizen neurrian, normalean nire kontrako zerbait entzun edo irakurtzen dudanean onena bakean uztea izaten dela pentsatzen dut beti, isilik pasatzen uzten dena ahaztu egiten delako, ukitzen ez den pozoiak zure ahoa eta besterenak kutsatzen ez dituelako. Baina ezinezkoa izan da oraingo honetan, erasoa nire aurka baino gehiago aktoreon aurka joan delako, eta sentitzen dut, ama, baina oraingo honetan ezin isilik gelditu eta defentsan atera behar. Partida hasteko, aurkariak eta biok fitxa berdinak izan ditzagun, berak egin duen moduan, nik ere izen-abizenekin jokatuko dut, justua dela uste dut; zuretzat, beraz, Jokin Labaien, nire jokaldia.

Sare sozialetan oihartzunik apenas izan duen, eta sua neronek piztuko dut, alferrik agian. Irakurri ez duzuenontzat, Jokin urtarrilaren 11ko bere Ekografiak zutabean EITB 2018 denboraldi berriko aurkezpeneko argazki baten inguruan aritu zen. Ez zitzaion nonbait ondo iruditu ni Zuriñe pertsonaiaren azalean agertzea. Hori egiten duen lehengoa izango banintz bezala! Ezer idatzi aurretik informazioa biltzea eta kontrastatzea lehenengo pausoa izaten dela ulertua dut, baina ez naiz kazetaria eta ez dagokit niri lezio horiek ematea. Datu moduan esango dut, 2016ko irailaren 9an Gasteizen egin genuen aurkezpenean, Batek daki saioko aurkezle moduan (eta beste mozorrorik gabe) nindoala, eta 3txulo-ko protagonistak, berriz, normala den bezala, euren pertsonaiez jantzita eta makillatuta azaldu zirela. Horrek ez zuen sentsibilitaterik aztoratu, ezta? Egoera berak zergatik ditu bi irakurketa ezberdin? Hemen hausnarketarako tartetxo bat. Beti esan izan dut umorean emakumeari zor zaion lekua defendatuko dudala nire indar guztiekin, eta defentsa, hitzez bakarrik ez, ekinez ere egin behar da. Aldarrikapen horretarako beharrezkoak diren tresnak erabiliko ditut beti, eta ETBko aurkezpen formal bat agertoki bikaina iruditzen zait.

Zutabe osoa aipatzen ez naiz hasiko, baina gehien haserretu nauten hitzak adierazi eta zuzenduko ditut. Hor doa... «Eta nekeza egiten zait, oso nekeza, aurkezpen egunez, gainontzeko guztiek haien dotorezia edo naturaltasuna azaltzeko eta dagokien rola betetzeko ahalegina egiten duten bitartean, aktoreak, bere kabuz, pertsonaia erakustea erabaki duela imajinatzea».

Ez, ez dut nik erabaki, gauzek ez dute horrela funtzionatzen, Zuzendaritzatik datorren erabaki edo proposamen bat da, eta bai, nik onartu egin dut, adostasun osoz gainera, iruditzen zaidalako saioan azaltzen dena Zuriñe dela, inongo momentutan ez da Aitziber Garmendiarik azaldu; beraz, logikoagoa da, guztion aburuz. Aktorea naiz, eta pertsonaiak interpretatzeko nago hemen, hori da naturala niretzat, naturaltasunaz hitz egin nahi baduzu. Dotoreziari dagokionez, ez zait sekula interesatu, ez da inoiz prioritate bat izan nire lanbidean. Eta, zentzu honetan, zuk idatzitako beste zutabe bat datorkit burura, halaber asko gustatu zitzaidana: Dardara izenburupean idatzitako zutabe horretan, aipatu zenuen, gizartearen ikuspegi sexistaren inguruan, emakumezkoak eta bere irudi-janzkerak duten eragina; horrek emakumea ahaltsuago bihurtu ordez ahulago egiten duela zenioen, ezin naiz adosago egon zuk esandakoarekin, honakoa salatzen zenuen zure hitzetan: «Mezua da irudia inportantea dela, agian inportanteena». Eta hara, zu ere zulo berean jausi zara, nire agerpena argazki horretan ikusitako irudi hutsagatik kritikatu duzu.

Baina utz ditzagun gustuko zutabeak albo batera eta jarrai diezaiogun berriz ere gustatu ez zaidan zutabearen ildoari:

«Beheko lerroan, erdialdean, ezkerrera zein eskuinera beste pertsona bat kabitzeko moduko tartearekin, bere izen-abizenekin ageri ez den aktorea dago».

Sentitzen dut, baina kokapena ere ez dut nik aukeratu, ez naiz Norma Duval, ez daukat diba bat izateko intentzio txikienik. Argazkilariak esandako tokian jartzera mugatu naiz, besterik ez. Eta horrek, nonbait, ni erdi-erdian jartzeko kapritxoa izan zuen, batzuentzat erakargarria izan daitekeelako seriotasun hori apurtzea. Hitz egin berarekin argazkiaren konposaketa gogoko ez baduzu.

Argazkiaren azterketarekin bukatu ostean, programan dudan rolaz aritu zara.

«Ez da saioan esketx desberdinak antzeztera platora ateratzen den aktorea. Normalean, Zurine izaten da. Eta saio osoa pasatzen du bertan, publikoan eserita, aurkezle, kolaboratzaile eta gonbidatuen tartean, gotiko, pasota eta xelebrearen papera jokatzen. Nahikoa lan esker txarrekoa duela iruditu zait».

Programa gustatuko zaizu ala ez, pertsonaiak grazia egingo dizu ala ez, hor ez naiz sartuko, besterik ez genuen behar. Baina nire lanari dagokionez, esango dizut sartu-aterako esketx bat egitea baino askoz ere nekezagoa eta zailagoa dela ordubete osoan pertsonaiari eustea, benetako Aitziber ez erakusteko zirrikitu guztiak zaintzea. Zaila da, sinetsidazu zaila dela.

Baina gehien haserretu eta mindu nauena azkeneko hitz jarioa izan da.

«Lan desberdinetan ikusi dut, eta iruditzen zait, ikusleen aurrean, haren talentu ikaragarria galtzea dakarrela erabaki horrek. Baina, noski, erabakia hartu duenarentzat, nerabeen saiorako, nerabearen irudia gainetik kendu ezin duen emakume txikia da; ziur asko, bere ilusioen kalterako».

Ez, hau ez dut onartuko, garrasi egiteraino haserretzen naute halako komentarioek. Nerabearen irudia gainetik kendu ezin duen emakume txikia ez dakit zein den, baina ni ez. Itxurak itxura, ez daukat inongo intentziorik irudi hori emateko, metro berrogeita hamazazpi neurtzen duen 35 urteko emakume handia naiz, 17 urte daramatzat aktore lanetan, eta sekula ez nire ilusioen kalterako. Egun, buru-belarri lanean EITBn, antzerkian (hiru antzezlanetan) eta Espainiako telebistako telesail batean. Eta bai, tarteka lan bati ezetz esateko luxua ere izan dut. Ez dizut ukatuko lan guztiak berdin gozatzen ditudanik, baina nire ilusioen kalterako ari naizenik ez dit inork esango. Euskal aktoreen %80tik gora langabezian dagoela badakit, bazenekien zuk? Nire alokairu, gosari, bazkari, afari eta kapritxoak ordaindu ditzaket aktore lanarekin. Hori da nire ilusioa, eta gauza bera nahi nuke gainontzeko aktoreentzako. Lanbide gogorra delako, merezi duten guztiek aukerarik ez dutelako eta aukera dugunean erabaki bat edo bestea hartzeagatik kritikatzen gaituztelako. Lanbide aldapatsua gurea, eta askotan gustuko aldapan lekurik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.