Iruñeko Iturrama institutuko heziketaz

2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Azken egun hauetan Iturramako institutuaren inguruan entzun eta irakurri ditugun astakeriek amorrua eta haserrea eragin didate. Haien arabera, Iturramako Bigarren Hezkuntzako irakasleek beren doktrina inposatzen diete ikasleei.

Bada, ikastetxe horretako «doktrinamendua» pairatu duten ikasle horietako bat naizen heinean, utzidazue bertan egiten diren ustezko «ankerkeria» horien berri ematen.

Hamabost urterekin iritsi nintzen ikastetxe honetara, Batxilergoko ikasketak egiteko asmoz. Aldez aurretik, bertako ikasleek jasotzen zuten heziketa eta arreta maila egokiaren adierazle garbiak izan nituen. Izan ere, beste ikastetxe batean egin nituen DBHko ikasketetan, nire ezintasuna zela medio, nire ikasketen jarraipena egiten zuten zenbait pertsonak adierazi izan zidaten hobe nuela letretako ikasketak egitea, neukan ikusmen gutxitasunarekin zientzietan gainditu ezineko zailtasunak aurkituko bainituen. Ordea, Iturramako arduradunekin lehen hartu-emana izan nuenean, nik gustukoen nuena ikasi behar nukeela adierazi zidaten, zientziak alegia. Gerta zitekeen kasu batzuetan nire ezintasunak eragindako traba gehigarriren bat aurkitzea, baina denon artean berau gainditzeko modua aurkituko genuen.

Hala, bertan pasatu nituen bi ikasturteetan, irakasle eta ikaskideen etengabeko laguntza jaso nuen. Egia da zenbait kasutan, kimika eta biologiako laborategiko praktiketan kasu, nire ezintasunak eragindako oztopo gehigarri batzuk aurkitu nituela, baina irakasleak horiek gainditzeko baliabideak lortzeko borrokatu ziren.

Horrekin guztiarekin, nire Batxilergoko ikasketen balantzea ezin hobea izan zen. Funtsean, unibertsitate ikasketei ekiteko oinarriak neureganatu nituen, eta nire muga guztiekin, ikaskideen artean ongi integratuta sentitu nintzen.

Baliteke baten batek pentsatzea era horretako ezintasun maila duen ikasle bati besteei baino gutxiago eskatzen zaiola, eta horri esker lortu nuela nire Batxilergoko ikasketak aurrera eramatea. Bada, selektibitatean ere emaitza onak erdietsi nituen, eta horrek berresten du Iturrama institutuan heziketa maila egoki bat jaso nuela.

Era berean, unibertsitate ikasketak hautatzeko orduan batxilergoko irakasleengandik jaso nuen babesa ere aipatu nahiko nuke. Batxilergoanlorturiko emaitzak eta kimika izugarri gustatzen zitzaidala kontuan hartuta, nik argi neukan karrera hori egin nahi nuela.

Institutuko irakasleek ohartarazi zidaten kimikako lizentzian oztopo nabarmenak izan nitzakeela, baina funtsean, nik neuk hautatu behar nuen neure bidea. Beren hitzetan, letretako karrera bat egitea askoz errazagoa izango litzaidake, baina nik kimika ikasi nahi banuen, horretara animatu ninduten. Gaur egun, Kimika Kuantikoko doktoretza ikasketak bukatuak ditut.

Bukatzeko, Iturrama institutuko ikasleek pairatzen omen duten inposizioaren harira, argi utzi nahi nuke bertan egin nituen Batxilergoko ikasketeetan irakasle bakar batek ere ez zizkidala bere ideia politikoak helarazi.

Dudarik gabe, funtsik gabeko salaketa hauen helburua D ereduaren izen ona zikindu eta Nafarroan euskara itotzea da. Halaber, gaur egun oraindik izaten diren jarrera ustez «erradikal» horiek nafar gobernuak indarrean duen hizkuntz politikaren ondorio zuzena baino ez dira. Hartara, hobe luke UPNk euskararen aurkako bere jarrera justifikatzeko polemika sentsazionalista horiez baliatu beharrean, bere norabidea aldatzen hastea.

Eskerrik asko eta besarkada bat Iturrama institutuko irakasleriari! Presioak presio eta egiten diren manipulazio guztien gainetik, zuek segi hezkuntza eredugarri hori eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.