AHT Gelditu eta Ekologistak Martxan

Iruñearen geroa orain ereiten da

Beatriz Arana Ortiz eta Maria Jesus Ruiz Barbarin
2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Iruñean Beloso aldapako auzokideak desagertu dira. Itzala eta freskura eskaintzen zizkiguten zuhaitz eder horiek, oinez edo txirringaz igo edo jaisten ginenoi. Bakarrik joan arren lagundurik sentiarazten ziguten. Eta faltan sumatzen ditugu. Zailagoa eta neketsuagoa izango da bidea hemendik aurrera. Hutsune erraldoi bat agertu da Beloson grisak berdea jan ondoren. 

Kotxez igarotzen direnek ere zuhaitzen eskaintza isila jasotzen zuten. Isurtzen duten CO2a adaska berdeek xurgatzen zuten oxigenoa botatzeko, sustraiak asfalto azpian estutuak egon arren. Ez da harritzekoa baldintza horietan batzuk gaixo egotea. Hala ere, aire zikina garbitzen jarraitzen zuten berdin-berdin. Pozoia bizigarria egiten zuten fotosintesiaren poderioz, jainko lurtarrak balira bezala.

Eta ikusgai egon ez arren beste hainbeste lagun bizi ziren adaxken eta hostoen babespean. Zuhaitz bakoitza hamaika landare, liken, goroldio, xomorro, eta hegazti espezieren bizitoki oparoa eta atsegina da. Beraien ondotik igarotzean entzuten genituen txorrotxioek hori frogatzen zuten. Zuhaitzen mozketarekin batera izaki horietako asko ere hil dira. Beste batzuek, urtxintxek kasu, etxe desjabetzea pairatu dute.

Ehunka zuhaitz moztu dituzte aldapan eta pendizean bidegorri bat egiteko. Sinatzaile gehienok, oinezko eta txirrindulariak garen heinean, ez dugu ulertzen mozketa erraldoia. Horregatik esaten dugu: Ez gure izenean! Oinak eta bizikleta garraiobide aukeratzen ditugunok gure osasunaren eta guztion bizitza kalitatearen alde egiten dugu. Esan gabe doa zuhaitz mozketa kontrako norabidean doala.

Bidegorriek, orokorrean, txirrindulari kopurua handitzen laguntzen dutela uste dugu. Kotxeen artean pedalari ematea ez da xamurra eta bide ziurrek zaurgarritasuna arintzen dute. Baina itzalik gabeko bidegorria ez da hain erakargarria izango eguzkiak jotzen eta bero jasanezina egiten duenean. Eta lehen oinez joango zirenek agian orain bi aldiz pentsatuko dute.

Zuhaitzak moztu dituzte trafiko maila bera mantentzeko. Kasu honetan, hainbatetan bezalaxe, zuhaitzak ez ezik bizi kalitatea,  hirigintza diseinu onuragarria eta abar luze bat sakrifikatzen dute kotxe pribatuaren mesedean. Eta are larriagoa dena, kotxeentzako espazioa ez murrizteagatik, porlana, kutsadura eta gastua ekarriko duen boladizoa eraiki nahi dute.

Kotxeari hirian ematen zaion nagusitasuna dago afera honen oinarrian. Ibilgailuek okupatzen duten espazioa publikoa beharko litzateke izan, guztiona alegia.. Baina pribatua bihurtzen da kotxe pribatuari ematen zaion neurrian. Joera hau irauli beharko genuke etorkizun atseginago bat nahi badugu Bidegorriek zentzu gehiago dute bizikletek kotxeak ordezkatzen badituzte.

Desagerrarazi dituzten zuhaitzak, landaretza eta animaliak iruindar guztion ondaretzat jotzen ditugu. Horregatik arbuiatzen dugu euren eraisketa. Lurraren eta bizitzaren alde egiten dugulako. Onuradunak izan gara gaur egungo biztanleok iraganean zuhaitzak landatu zituztenei esker. Atzo egindakoak orainaldia baldintzatu digu. Era berean, gure gaurko ekintzek ere etorkizuna marraztuko dute neurri handi batean.

Hirietan ditugun naturaguneak guztion altxorrak dira. Gaur egun osasun iturri eta bioaniztasunaren gordelekuak direnak biziraupenerako ezinbestekoak izango dira etorkizunean egingo duen beroarekin. Zaindu behar ditugu. Eremu berde berriak zabaldu, elkarren artean lotu, hedatu eta daudenak mantendu eta hobetu. Datozen belaunaldietan ere pentsatu behar dugulako.

Belosokoa ez da eraso isolatua izan. Beste zuhaitz mozketa batzuk egon dira Iruñean eta guztiak arbuiagarriak dira. Kapitalismoan lurrari ez zaio ematen berezko balioa. Landa eremuak birkalifikatzen dira etxeak eraiki ahal izateko. Eraikuntza planak pagotxa dira enpresa eraikitzaileentzako. Duela gutxi Sustrai Erakuntzak salatu duen bezala, Etxabakoitzeko PSISari ere espekulazioaren kiratsa dario.

Gure egiten dugu ‘Bizitza erdigunean’ lelo feminista. Gutako batzuk Bilduri ematen diogu botoa, Bilduk herritarron eskubideak defendatzen dituelakoan gaudelako. Horrexegatik galdegin nahi diogu Iruñeko Udalari zuhaitz gehiago ez mozteko eta lur emankor gehiago ez zementatzeko. Eskua luzatzen diogu hori lortzeko. Batu gaitezen erakundeak eta herri mugimenduak lurra defendatzeko eta enpresa eraikitzaileek duten boterea amaitzeko. l

(*) Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Julia Itoiz Jimenez, Julio Villanueva Villanueva, Pello Lusarreta Eguaras, Xabier Idoate Ekai, Koldo Ansa Ezeiza, Hilario Manzanedo Gabilondo eta Jule Goñi Montero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.