Ikusi duk Altamira? Harri eta zur, mende eta piku pasatu den arren, historia berdin-berdina», ziostan lagun batek orain dela gutxi.
1879. urtean gaude. Leinu noblekoa da Marcelino Sanz de Sautuola, abokatua ikasketaz, natur zientzia eta arkeologia zalea bokazioz. Udako goiz batez, beste batzuetan bezala, zortzi urteko alaba Mariarekin sartu da Altamirako kobazulora. Aita lanean ari den bitartean, alaba kriseilua hartu eta bazterrak miatzen hasi da. «Aita! Idiak!», oihuak urratu du ilunpeko isiltasuna, neskatilaren kriseilu dardaratiak zeruko bisonteak argitzen dituen bitartean.
Ezaguna da Altamiraren historia. 2016an aurrekontu handiko pelikula estreinatu zen Antonio Banderas protagonista zuena, Interneten nahi beste artikulu eta dokumental aurki daiteke, eta historia liburuetan ere ondo azalduta dator Sautuola gizajoaren trajedia.
Laguna zuen Juan Vilanova Madrileko Unibertsitateko katedratikoari kontatu zion lehenbizi. Honek ontzat eman zituen aurkikuntzak eta ahal zuen guztian lagundu zion. 1880an Sautuolak liburutxo bat argitaratu zuen Altamirako pinturen eta beste aurkikuntza batzuen berri emanez. Pinturen perfekzioa goraipatu eta gero, zera zioen: «Inolako zalantzarik gabe esan daiteke Paleolito Aroa deitzen zaion garaikoak direla» .
Darwinistak, eboluzioaren teorian sinesten zutenak, nagusi ziren orduko eliteen artean, «fixistarik» falta ez zen arren, orain «kreazionistak» esango geniekeenak. «Komunitate zientifikoaren» epaia ia aho-batekoa izan zen. Ezinezkoa zen Paleolito Arokoak izatea. Garai hartako gizakia ez zen hain obra perfektuak egiteko gauza. Giza garuna ez zegoen behar beste garatua. Askok zabaldu zuten ahoa. Probintziako jakintsuren batek bota zuen Reinosa aldetik abereekin negua pasatzera jaitsitako artzainen lana zela. Iritzi «erudituagoak» ere egon ziren: «Institución Libre de Enseñanza» erakunde aurrerakoiko buruetarikoa zen Torres Camposen arabera, erromatar legionarioek egindakoak ziren, kantabriarren aurkako gerren garaian. Baina beste batzuek Sautuola seinalatu zuten zuzenean; berak pintatu zituen edo eta margolari frantses bat kontratatu zuen langintza horretarako.
Ez zegoen zirrikiturik zalantzarentzat. Pintura fresko agertzen zen artean, atzo margotua balitz bezala. Eta pintzel oso finak behar horrelako lan baterako, eta garai urrun hartan ez zen halakorik. Eta argia, nola argiztatzen zuten ilunpea? Ez da kedarraren markarik ageri tetxuan eta hormetan.
Frantsesak ziren erreferentzia arkeologian, eta Emile Cartailhac autoritate gorena. Elkar ezagutzen zuten, eta Sautuolak, azken heldulekua zela jakinda, gutuna idatzi zion azalpenak emanez eta koba bisitatzera gonbidatuz. Handik denbora luzera jaso zuen erantzuna: ez, ez zen bisitan etorriko, begi-bistakoa baitzen pinturak ez zirela Paleolito arokoak.
1889an hil zen Sautuola, denbora baino lehen zahartuta, etsipenak eta tristurak jota. Baina 1902an antzeko pinturak agertu ziren Dordoinako kobetan, eta orduan bihurtu ziren Altamirakoak benetako. Cartailhacek, hanka-sartzeaz jabetuta, alarguna eta alaba bisitatu zituen eta pinturak ikusi. Mea culpa d'un sceptique izeneko idatzi famatua argitaratuz eskatu zuen barkamena, egindako kalteak atzera bueltarik ez izan arren.
Altamira eta Iruña-Veleia, Marcelino Sanz de Sautuola eta Eliseo Gil Zubillaga, historia ia kalkatuak, bigarrenari oraindik kapitulu asko falta bazaizkio ere idazteko. Komunitate zientifikoaren eskemetan ez ziren/dira sartzen ez pinturak eta ez grafitoak. Eta nola egongo ziren/dira ba ezertan oker jakintzaren Olinpoan bizi diren katedratiko eta adituak? Eliza katolikoak ere jarri zuen/du nonbait bere harri-koskorra, dogmaren batekin edo besterekin talka egiten zuen/du, dirudienez, pintura edo grafitoren batek.
Oraindik goiz da ondorio biribiletarako, bizirik jarraitzen baitu Iruña-Veleiako auziak eta ezin jakin nola amaituko den. Lerro hauek idaztean, Arabako Audientziaren teilatuan dago pilota. Hiru legelariz osoturiko erakundeak erabaki behar du auzia ahozko epaiketara eraman, epaileak eskatu bezala, ala artxibatu, Eliseo Gilen abokatuak eskatu bezala.
Bi auzien arteko antza nabarmena izan arren, badira funtsezko diferentziak ere: 1) Altamira ez zen judizializatu, Sautuola ez zuten auzipetu. Eta badakigu zer gertatu den Iruña-Veleian. Duela gutxi legelari batek esaten zigun hemen egin den aldrebeskeriarik handiena auzia epaitegira eramatea izan dela. Gai hau zientifikoa da, eta zientziaren bideak agortu arte ez zen beste pausorik eman behar. 2) XIX. mendean ez zen Arkeometria laborategirik edo eta C14 bezalako teknikarik datazioak egiteko. Asko aurreratu du zientziak alor honetan. Gainera, hezur-irakurle onenak ditugu etxean, eta gauza jakina da berrogei bat grafito hezurrean eginak daudela. Teknika hain erabakigarriak eta merkeak eskura izanda, ez da ulertzen zergatik ez diren erabili nahi. Edo agian oso ondo ulertzen da.
Prentsan irakurtzen dugunez, bederatzi urteko kartzela zigorra eta 250.000 euroko isuna eska dezake akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak, Gilen aurka. Ausartuko al da doilorkeria hori egitera, jakin-jakinean ez dagoela froga txikienik ere lehengo zuzendariaren aurka? Oposizioko alderdiek eta euskal elite kulturalak itsu eta mutu jarraituko al dute horrelako bidegabekeria baten aurrean?
Antzeko piezak agertu beharko ote dute beste nonbait, Frantzian adibidez? Honaino helduta, jar gaitezen hemengo indusketa batean aurtengo udan euskarazko grafitoa aurkitzen duen arkeologoaren larruan. Ai ama! Zer egin?
Iruña-Veleia, XXI. mendeko Altamira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu