Nolako poza euskaldunok hartu genuena halako aurkikuntza «zazpigarren alabarenean» gertatu zela jakindakoan! Zakurraren ipurdira «euskalduntze berantiarra» eta euskarari buruzko beste zenbait sasiteoria. Sasiteoriko hauek eta guzti, hasiera batean, emozioz beterik, egia bada ere, haien teorien iraupenari erreparatuta ziurrenik, berehala ekin ziotela emozioa ukazio bihurtzeari. Nolako itxura, dena dela, azterbide zientifikoa ohitura omen duten «aditu» hauena!
Aurreko batean nioen bezala, aurkikuntzaren emozioak itsutu, lau haizeetara zabaldu, eta ondoren aurkikuntzaren subjektua aztertzeari ekin? EHUko eta Madrileko Unibertsitate Complutenseko katedradunak eta irakasleak, Arkeologia, Latin filologia, Antzinako Historia, Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoa haien ardurapean aipatu unibertsitateetan. «Aditu» hauek hasi ziren grafitoak faltsuak zirelako arrazoiak plazaratzen. Eta horietako batzuk benetan bitxiak, edozeinek baztertzeko modukoak, Descartesena esate baterako, Niscart baita, seguru asko (inola ere ez, behintzat, Descartes), ostrakak idatzita ageri duen izena. Ostraka horietako bakarren batek «Eusko label» idatzita zuela esatea falta izan zitzaien bakarrik.
Baina, hara non, 2011n, Miguel Thomson ikerlari eta ebaluatzaile zientifiko madrildarrak, banan-banan, hankaz gora jarri zituen «aditu» horien argudioak: Nefertiti, Deidre, Secuano, Ioshe/Ieshu, Pather, Cuore, Veleia, Novva, si/no, /z/ eta /k/ hizkiak agertzearena... Hauexek omen dira, bereziki (ez ditut orain arte, nik behintzat, beste batzuk ezagutu), Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla esateko arrazoiak. Hauxe, eta ez beste ezer, baldin bada ostrakak aurkitu zituzten arkeologoek iruzur egin izanaren froga, ez da zalantzarik oso aurkikuntza garrantzitsu baten aurrean gaudela eta ez soilik euskararen historiaren aldetik, historia eta kristau erlijioarenetik ere bai. Horregatik behar dugu, lehenbailehen, grafitoen afera argitu, baina horretarako arkeometria baliatu behar da ostrakak, eta hauetan dauden grafitoak ere bai, aztertu eta datatzeko, Paleolitos Aroko kobazuloetako margoekin egiten ari diren moduan. Hauxe ari dira etengabe eskatzen Sos Iruña-Veleiako kideek eta Lurmenekoek. Entzun edo irakurri diozue «aditu» horietako bakarren bati gauza bera eskatzen? Adierazgarria oso!
Penagarria bada ere, «aditu» bati atxikitzen zaion «azterbide zientifikoarekin» fidaturik antza, «froga interesatu» horiek sinisteko modukoak iruditu zaizkio jende askori, tartean hainbat euskaltzaleri ere bai, eta argudio faltsu horiek dira jende gehienen oroimenean geratu direnak. Edo okerragoa izan daitekeena, bost axola diola grafitoen afera argitzea euskalherritar askori, tartean direla, ulertezina suertatzen bazait ere, arabarrak orokorrean eta Arabako euskal elkarte gehienak ere. Froga interesatuak direla esan dut lehentxeago, eta hala berresten dut, ezen Iruña-Veleiako ostraketako grafitoak benetakoak izanez gero, non geratuko litzaieke «aditu» horietako batzuei zenbait teoria? Baina, interesak eta interesik ezak beste baterako utziko ditut.
Garbi dago, beraz, arrazoi hauek izan badira grafitoak faltsuak direla ondorioztatzeko, «aditu» horiek eman beharko dituztela azalpenak zergatik jokatu duten horrela argituz eta ez Lurmeneko arkeologoek. Grafitoak faltsuak zirela ondorioztatu nahian egin zituzten txostenak eta txosten horietan oinarriturik auzipetu dituzte Lurmeneko arkeologoak. Thomsonek, bata bestearen atzetik, erakutsi du «adituen» froga horiek ez dutela egiazkotasunik edo oinarri zientifikorik, hauek ostraken garaietarako ezinezko direla esaten dituztenak, hark baietz erakutsi baitu, badirela Iruña-Veleiako idazkunetako ezaugarriak dituztenak beste zenbait eremutan.
Lurmenekoei fiskalak kartzela eta 600 euro bakoitzeko eskatzen die, 476 ostraka «hondatzeagatik». Zer eskatu beharko litzaioke, orduan, ikusi berri ditugun «aditu»-en txosten interesatu horiei esker Iruña-Veleiako ardura lortu duen Nuñez arkeologo jaunak hondeamakina sartzeagatik indusketa eremuan? Horixe, hondeamakina sartzearena, ote da metodo egokiena indusketa arkeologikoa egiteko? Hori bai hondamendia! Izenburuan esaten dudan moduan, honek guztiak «mundua aldrebes» dirudi.
Iruña-Veleia: mundua aldrebes
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu